Ekonomia -
Elkarrizketa
Confebaskekin harremana "hotza" dela ohartarazi du Sordok
Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia elkarrizketa sozialerako prest azaldu da, baina patronala kritikatu du "lan erreforma areagotzeko" eskatzeagatik.
Erredakzioa
Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak bere sindikatua elkarrizketa sozialerako prest dagoela esan du, baina patronala "aseezina" dela kritikatu du, lan erreforma "areagotzeko" eskatu baitu. Halaber, Confebaskekin dituzten harremanak "hotzak" direla gaineratu du.
ETBn eginiko elkarrizketa batean, Enplegu sailburu berriarekin izango duten bilera "harremanetan jartzeko" egingo dutela esan du. "Helburua eramango duten politika aztertzea eta guk proposatzen duguna kontrajartzea da; ikusiko dugu elkarrizketarako bidea dagoen ala ez", zehaztu du.
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen aldea dela eta, patronalarekin harreman "hotza" dutela azaldu du Sordok. "Patronalak Rajoyren lan erreformaren irakurketa oso zorrotza egiten du, eta horrek hitzarmen kolektiboen negoziazioari kalte egiten dio", adierazi du.
CEOEk gainera lan erreforma "areagotzea" eskatu duela ekarri du gogora, lan-erregulazioko txostenak "administrazioaren, sindikatuen eta epaileen ebaluaziorik gabe egin ahal izateko".
"Patronala aseezina da, eta eurek agindu eta besteek men egitea nahi dute. Garaiz kanpoko eredua da, eta porrota besterik ez du ekarriko", esan du.
Pentsioen murrizketen gainean arituta, berriz, "murrizketak egiten jarraituz gero, ez dugu beste greba orokor bat baztertzen", adierazi du seguru asko aste honetan Euskadiko CCOOko idazkari nagusi berriz hautatuko dutenak.