Ekonomia -

Caixabank

Nafarroako Kutxa burtsara nola irten zen aztertzeko eskatu du UPyDk

Uztailean hasi zen burtsan kotizatzen, eta Rosa Diezen hitzetan 'erabateko porrota izan zen, eta UPN eta PSN alderdien babesa izan zuen'.

Rosa Diez UPyD alderdiko idazkari nagusia. Argazkia: EITB
Rosa Diez UPyD alderdiko idazkari nagusia. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPyD alderdiak salaketa bat aurkeztu du gaur goizean Nafarroako Justizia Jauregian, Fiskaltzari Nafarroako Kutxaren (CAN) kudeaketa aztertzeko eta uztailean burtsara atera arte izandako prozesua ikertzeko eskatzeko.

Finantza erakundeak ondarea galdu du, eta “ez dago horretarako arrazoirik”, UPyDren arabera. Alderdiak gaineratu duenez, Fiskaltzak berehala zerbait egiten ez badu, kereila bat aurkeztuko dute Auzitegi Nazionalean.

Goizeko 10:00ak inguruan aurkeztu dute salaketa Nafarroako Justizia Jauregian. Bertan izan dira, Rosa Diez UPyD alderdiko idazkari nagusia, Andres Herzog UPyDko diputatua eta Diego Paños Nafarroako UPyDko kidea.

 

Banca Civica salatu dute

Salaketa aurkeztu ostean, prentsaurrekoa eskaini dute, eta Rosa Diez UPyD alderdiko idazkari nagusiak Banca Civicaren kudeaketa salatu du. Horren hitzetan, delitu izaera duten hamaika portaera izan dira. Bestalde, Banca Civica burtsara irten zenean Administrazio Kontseiluan zeuden 15 lagunak nabarmendu ditu.

Zehatz-mehatz esanda, bost delitu izan direla adierazi du: bidegabeko jabetzea, gauzen prezioa aldatzeko trikimailuak erabiltzea, kontuen faltsutzea, administrazio iruzurra eta informazioaren faltsutzea.

“Arazoaren muina aurrezki kutxen aginte organoen politizazioan dago”, gaineratu du Rosa Diezek. Horren ustez, Bankiak eta Banca Civicak burtsan sartzeko oso prozesu antzekoak jarraitu dituzte, “anaia bikiak dirudite”.  UPyDren arabera, bi finantza erakunde horiek iruzurra egin dute, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak ahalbidetu egin du bere jarrerarekin biak burtsan kotizatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea