Ekonomia -

Zerga politika

Fiskalitatean aldaketarik ez egitea egotzi die Araba eta Bizkaiari

Sozialisten bozeramailearen iritziz, PSE-EEk jarrera 'koherentea' izan du erakunde ezberdinetako aurrekontuak negoziatzerako garaian.

Jose Antonio Pastor. Argazkia: EITB
Jose Antonio Pastor. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor sozialistek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak Araba eta Bizkaia kritikatu ditu, zerga alorrean aldaketarik ez egiteagatik.

PSE-EEko kideak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, eta atzo sozialistek eta Bilduk Gipuzkoan lortutako akordioaz hitz egin du. Akordio horri esker, Gipuzkoan gutxiengoan agintzen duen koalizio abertzaleak 2013ko aurrekontuak onartu ahal izango ditu.

Pastorren arabera, Alderdi Sozialistak haren lehentasunak babesten ditu erakunde guztietan. Horien artean, gastuen eta irabazien partidak negoziatzea dago, eta, horretarako, “fiskalitateaz hitz egin behar da”, gaineratu du.

Bizkaiko eta Arabako Diputazioek ez dute diru-sarrerak handitzeko neurririk hartu, Pastorren ustez. Horren hitzetan, bi gobernu horiek murrizketa politika jarri dute abian.

“Negoziazioak norekin egin baino garrantzitsuagoa da guretzat negoziazioen mamia”, adierazi du.

 

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak ere izan ditu hizpide Jose Antonio Pastorrek agerraldian. Horren esanetan, edukiaren arabera erabakiko du Alderdi Sozialistak kontuak babestu ala ez. Aurrekontuak onartu aurretik, ordea, PSE-EEren ustez, lehentasuna Eusko Legebiltzarrean bi eztabaida monografiko egitea da: bata fiskalitateaz eta bestea enpleguaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea