Ekonomia -
2013ko Aurrekontuak
Garitano: 'Gipuzkoak akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi du'
Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, PSE-EErekin adostutako Aurrekontua "aurrerakoia eta egokia" da.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia pozik agertu da gaur, Bildu, PSE-EE eta Aralarren akordioari esker, Gipuzkoa 2013ko Aurrekontuak aurrera aterako dituen lehen Lurraldea izango delako. Garitanoren hitzetan, adostutako aurrekontuak “aurrerakoiak eta egokiak” dira.
Garitanok agerraldia egin du Donostian, PSE-EErekin lortutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. Horren hitzetan, adostutako Aurrekontua “aurrerakoia” da, gizarte politiak indartzen ditu eta Madrildik datozen murrizketei “aurre egiten die”.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu du Aldundia Aurrekontuak izatea lortu duen EAEko lehen erakundea izango dela.
Garitanoren hitzetan, agerian geratu da “Gipuzkoako Aldundiaren gaitasuna, aurrekontu egoki batzuk prestatu eta akordioak lortzeko”.
Datorren astean onartuko duten egitasmoari esker, Aldundiak ekonomia eta ehun produktiboa indartzen lagunduko duela esan du Garitanok.
Hemendik aurrera, berriz, hondakinen eta errepideen finantziazioaren inguruko hitzarmenak lortzen saiatuko direla iragarri du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.