Ekonomia -
2013ko aurrekontuak
PSEk eta Bilduk akordioa lortu dute Gipuzkoako aurrekontuetarako
Nahiz eta akordioa lortu duten, 17 milioi euro Zubietako erraustegia egitera bideratzeko EAJ eta PP alderdiek egin duten zuzenketa babestuko dute sozialistek.
Erredakzioa
Bilduk eta PSE-EEk akordioa lortu dute Gipuzkoako Aldundian 2013ko aurrekontuak onartzeko. Akordio horretan, 10 milioi euro beharko dituzten ekimenak martxan jartzea adostu dute. Horietatik, 7,6 milioi ekonomia eta enplegua sustatzeko erabiliko dituzte.
PSE-EEk azaldu duenez, akordioa 09:30ean itxi dute, Ogasun eta Finantza Batzordeak 2013ko aurrekontuen proiektua eztabaidatzeko eta Irizpena egiteko bilera hasi baino minutu batzuk lehenago.
Nahiz eta akordioa lortu duten, sozialistek babestu egingo dute 17 milioi euro Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integraleko azpiegiturak eta, bereziki, Zubietako erraustegia egitera bideratzeko EAJ eta PP alderdiek egin duten zuzenketa.
Akordio horrekin, Gipuzkoan gutxiengoan agintzen duen koalizio abertzaleak 2013ko aurrekontuak onartu ahalko ditu, baina lehen zirriborroan hainbat aldaketa egin beharko ditu, ekonomia suspertzeko funtsetan, besteak beste.
Sozialisten eta Bilduren arteko akordioa zerga kontuetan lortu duten adostasunaren isla da. Aurretik, besteak beste, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga sortzeko akordioa lortu zuten.
Lopez, akordioaren alde
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak sozialistek eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan lortutako akordioaz mintzatu da, ETBko Egunon Euskadi saioko elkarrizketan. "Ez dugu arreta norekin izan den jarriko, zertan izan den baizik", azaldu du, "zertan izan den kontuan hartuta egin ahal izan da". Arabako eta Bizkaiko egoera azaltzeko ordea, "ez da erakundeen jasangarritasunean lagundu behar, herrialdearen jasangarritasunean baizik", gaineratu du. PSE-EEk beti akordioetarako borondatea izango duela berretsi du Lopezek.
Erraustegiaren proiektua berreskuratzea
EAJk zuzenketa bat aurkeztuko du Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuen eztabaidan, erraustegia eraikitzeko diru-partida bat sartzeko.
Jeltzaleen esanetan, Bildu buru duen Aldundiak "oztopatu" egiten du zaborren arazoa konpontzeko bidea, eta zuzenketa horren bitartez "Batzar Nagusietako gehiengoa egungo araudiaren alde (aurreko Aldundiak zaborrak kudeatzeko onartu zuen egitasmoaren alde) dagoela" irudikatu nahi dute.