Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk 'oinordetza ekonomikoarekin jokatzea' errefusatu du Lopezek
Jarduneko lehendakariak erreforma fiskala abiatzea baztertu izana egotzi dio EAJri.
Erredakzioa
Patxi Lopez jarduneko lehendakariaren esanetan, hurrengo Eusko Jaurlaritzak "oinordetza ekonomiko txarra" jasotzen badu, EAJk "diru-sarrera handiagoak sortuko lituzkeen" erreforma fiskala egitea baztertu zuelako izango da. Horren esanetan, jeltzaleek ezin izango dute "oinordetzarekin jokatu", Aurrekontuak "hainbat erakundek" ikuskatu dituztelako.
Kargua uzteko lau egun faltatzen diren honetan, Lopezek agintaldiko balantzea egin du “Boulevard” Radio Euskadiko saioan, eta oraindik ere eskuartean duten gai garrantzitsuenetako bat hizpide hartu du: funtzionarioen Gabonetako ordainsaria.
Gobernuburuaren esanetan, Jaurlaritza "izapideak bizkortzen" ari da, EAEko Administrazio Publiko nagusiaren 67.000 funtzionarioek ordainsaria jaso ahal izateko. Horren harira, ordaintzeko agindua "dagoeneko emanda" dagoela, eta gaur bertan dirua emateko izapide informatikoak abiatuko dituztela aurreratu du.
Legegintzaldi berriari dagokionez, gainerako alderdiekin akordioak lortzen saiatu ez izana, eta, horren ildotik, Gobernu indartsua osatzeko promesa "urratu" izana egotzi dio EAJri. Agintaldiaren erdian jeltzaleekin gobernagarritasun ituna egingo dutela dioten zurrumurruen aurrean, Lopezek baztertu egin du etorkizunean akordioak lortzea, orain lortu ez badute.
Elkarrizketak, Patxi Lopezek negoziazioen "mugak gorriak" zehaztu ditu, gizarte politikak, eta 1.400 milioi euroko murrizketak non egingo dituen galdetu dio Iñigo Urkullu hurrengo lehendakariari. "PSEk baztertu egingo du krisia murrizketak egiteko aitzakia izatea", ohartarazi du.
Azkenik, EAJk aurreko legegintzaldian egindakoa ez dutela errepikatuko nabarmendu du buruzagi sozialistak, hots, "iraintzea, Gobernuari zilegitasuna kentzea eta botere-eskualdaketa ordenatua ez egitea". Halaber, esparru juridiko berriari buruzko eztabaidari heltzeko prest agertu da, betiere autogobernu gehiago lortzea badu helburu, independentzia lortzea izan beharrean.