Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Elkarrizketa
Natxo Velez | eitb.eus
Telmo Esnal eta Asier Altuna bueltan dira Donostiako Zinemaldian, gaur, asteartearekin, Euskal Zinemaren Galan 'Agur Etxebeste!' filma aurkezteko.
Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendu dute "Agur Etxebeste"
Albisteak (1)
Hamalau urte joan dira dagoeneko euskal zinemazaleek etxebestetarrak ezagutu zituztenetik eta Aupa Etxebeste! filmaren arrakastak mugarria ezarri zuenetik euskal zinema garaikidearen historian.
Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate eta Paco Sagarzazu aktoreak (hots, Patrizio, Maria Luisa, Iñaki eta Luziano) ostera jarri dira Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendarien esanetara, sagako bigarren pelikula honetan etxetik udal politikara lerratu diren abenturak gorpuzte aldera.
Handikeria, ustelkeria, maitasuna, jeloskeria… Berriz ere, egunerokoan aurkitu dute zuzendariok publikoa barrez jartzeko bazka. Altunarekin hitz egin dugu.
Zergatik iritsi da orain Agur Etxebeste!? Zergatik iruditu zaizue une egokia?
Aupa Etxebeste! lanaren arrakastaren ondoren, film berri bat egiteko proposamen batzuk izan genituen, baina beste proiektu batzuk genituen esku artean, eta nahiago izan genuen horiei ekin.
Gero, duela hamar bat urte, Irusoindik berriz jarri ziren gurekin harremanetan, zer edo zer egitera animatuko ote ginatekeen. Orduan, zer istorio konta genezakeen imajinatzen hasi ginen, eta baiezkoa eman genien. Telmok eta biok gure pelikulak eginda geneuzkan, eta horrelako erronka bati heltzea polita izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, gidoiari heldu genionean, ezin izan genuen atzera egin. Beti aurrera!
Iban Garate, Elena Irureta, Ramon Agirre eta Paco Sagarzazu
Eta istorioaren zer ertz zenituzten argi istorioa idazteari ekin zeniotenean?
Nahiko libre hasi ginen idazten. Aurreko pelikulan, Patrizio Etxebeste alkate izango zela iradokitzen genuen, eta argi genuen pertsonaia berekin lan egin nahi genuela berriz.
Hortik abiatuta eta udal politika nola dagoen ikusita, pertsonaia horiek zer saltsatan egon zitezkeen irudikatzen hasi ginen, eta denbora osoan Patriziori eta familia osoari trabak jartzen aritu gara.
Oso prozesu polita izan da, egia esan, bai gidoia idaztea, baita Aupa Etxebeste!n lan egin zuen jende guztiarekin filmatzea ere. Oso opari polita izan da.
Hain zuzen ere, gidoian, egunerokoan aurrez aurre topatzen ditugun arazoetan kokatzen dituzue pertsonaiok: ustelkeria, politikari baldarrak, burokrazia… Publikoak gustuko du bere miseriez barre egitea?
Noski! Geure buruari egiten diogu barre, gizarte bezala nahiko patetikoak garelako. Telmok eta biok oso begirada sarkastikoa dugu bizitzan ere, barre asko egiten dugu geure buruaz, eta izaera hori zinemari aplikatzen diogu.
Pelikula detailez josita dago, eta oso geure bihurtu dugu.
Telmoren eta zure aurreko proiektuak autore zinemako bi pelikula izan dira. Nola bizi izan duzu komediarako erregistro aldaketa?
Guretzat oso osasungarria da erregistroa aldatzea, eta asko ikasten da, gainera. Beti saiatzen gara pelikula txukunak egiten, eta indar eta ahalegin guztiak jartzen ditugu horretarako.
Telmo eta biok komedia giroan elkartu ginen ‘Brinkola’ ETB1eko saioan; gero, Kalebegiak pelikula kolektiboan, film labur serioa egin genuen, eta orain komediara itzuli gara. Oso erraz pasatzen gara batetik bestera, bizitzan ere barre asko egiten dugulako.
Zinemaldian estreinatuko duzue lana, Euskal Zinemaren Galan eta Aupa Etxebeste! fenomeno sozial izan eta urte batzuetara. Urduri?
Estreinaldi guztien aurretik, kezka bera izaten duzu: jendeak zelan hartuko ote duen, pelikulan sartuko ote den. Baina uste dugu istorioak elementu pila bat dauzkala jendearengana iristeko, eta lan txukuna atera zaigula.
Gainera, Euskal Zinemaren Galan Txepe Lara omenduko dute. Bere lanetan, teknikari moduan ibiltzeko aukera eman zigun Telmori eta bioi, eta Euskal Herrian industria txiki bat osatzeko hazia jarri zuen. Hori guztia batuta, oso egun ederra izango da.
Agur bat da Agur Etxebeste! ala jarraipena izan lezake sagak?
Tira, orain badauzkagu beste proiektu batzuk, bakoitzak bereak, baina batek daki. Sekula ez genuen pentsatuko bigarren zatia egingo genuela, eta egin dugu. Beraz, inoiz suertatzen bada… Ez dut ezetz esango, baina, oraingoz, beste gauza batzuk dauzkagu.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa