Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Elkarrizketa
Natxo Velez | eitb.eus
Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi “Loreak” eta “Handia” filmen sortzaileek “La trinchera infinita” beren laugarren film luzea aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean.
Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi "La trinchera infinita"ren zuzendariak
Moriartiko hirukotea, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Zinemaldira bueltan da 67. edizio honetan. 80 egunean (2010) Zinemira sailean eta Loreak (2014) eta Handia (2017) Sail Ofizialean aurkeztu eta gero, La trinchera infinita lantaldearen laugarren film luze hunkigarri eta psikologikoa ere, guztietan biribilena, Urrezko Maskorrerako lehiakide izango da.
Berdintasunak berdintasun baina (lau filmak uztartzen dituzten irizpide tekniko eta tematikoak agerikoak dira film berrian ere), La trinchera infinita dramak hainbat aldaketa erakusten ditu aurreko lanen aldean: Andaluzian filmatu dute, gaztelaniaz, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktore ezagunekin.
Gidoi sendo, interpretazio dirdiratsu eta maisutasun teknikoan oinarrituta, astiro dastatzeko eta hausnartzeko filmak (detailez josita dago eta aretoko argiak piztutakoan buruan bueltaka gelditzen den film horietakoa da) “sator” izenez ezagutu ziren frankismoaren biktimen istorioa du kontagai, 1936ko gerrako irabazle faxisten beldur, zenbait kasutan ia 40 urtez ere etxean ezkutatu ziren gizon-emakumeen gorabeherak.
Goenaga, Garaño eta Arregirekin hitz egin dugu beldurrari buruzko film dotoreaz, Zinemaldiaren ateetan.
Nola egin zenuten topo “sator” hauen istorioekin?
Jose Mari Goenaga: Ideia 30 años de oscuridad 2011n La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeek egindako dokumentala ikustetik jaio zen.
Jaialdi batean ikusi nuen, eta harrituta gelditu nintzen “satorren” errealitatearen berri izan nuenean. Ez nuen ezagutzen, nahiz eta 1970eko hamarkadan nahiko ezagunak izan ziren Los topos Manu Leguinecheren eta Jesus Torbadoren liburuaren harira, eta hainbat pelikulatan ere ageri izan dira: Los girasoles ciegos, Mambrú se fue a la guerra Fernando Fernandez Gomezena…
Oso gai interesgarria iruditu zitzaidan lekukotasun gisa, baina, horrez gain, iruditu zitzaidan oso figura aproposak zirela beraien inguruan beldurrari buruzko alegoria bat sortzeko. Erakargarria iritzi genion, alde metaforikotik eta zinematografikotik.
Azken alde horri dagokionez, itxialdi osoa erakutsi nahi genuen, ezkutuan dagoenaren ikuspegitik, eta horrek elementu askorekin jolasteko aukera ematen zigun: soinua, zer entzuten den eta zer ez den entzuten; off-ean, eremutik kanpo, zer gelditzen den eta zer ikusten den…
Eta zergatik kokatu Andaluzian?
Goenaga: Andaluziarena hasieratik egon zen hor, La Claqueta 30 años de oscuridad dokumentala Irusoinekin batera egin zuen etxea bertakoa delako. Hasieratik landu genuen Andaluziaren eta Euskal Herriaren arteko koprodukzio gisa.
Gainera, “sator” horiek gehiago izan ziren Espainiako erdialdean eta Andaluzian Euskal Herria bezalako herrialde batean baino: hemen muga gertuago dago, oso inguru menditsua da… Modu batera edo bestera, beste irtenbide bat aurkitzen zuten hemen, hain luzaroan ezkutatu aurretik. Horregatik guztiagatik, naturalagoa iruditu zitzaigun Andaluzian kokatzea.
Eta horrek zer eragin izan du lan egiteko orduan?
Aitor Arregi: 2017ko maiatzean hasi ginen filmatzen, eta bi zatitan egin dugu, istorioari ondo zetorkiolako denbora pasatu egin dela irudikatu ahal izateko. Bi zatiok joan-etorrian filmatu genituen, Andaluzian lehenago eta Euskal Herrian gero, etenaldia egin aurretik eta baita horren ostean ere. Platoko saio ia guztiak, esaterako, hemen egin genituen.
Lantaldearen zati bat ere ezezaguna zen hasieran, kuotak direla eta berorren zati bat andaluziarra eta bestea euskal herritarra izan behar baitzen. Baina zentzu horretan oso ondo joan zen dena teknikariekin, aktoreekin…
Eta aktoreak Andaluziako gaztelaniaz mintzatzeari dagokionez? Arreta handia jarri duzue aktoreen hizkeran, filma ikusita agerian gelditzen denez.
Arregi: Horrek errespetu handia ematen zigun: horra joaten zara, bertako istorio bat kontatzera, eta ez duzu jakiten zuk esaten duzuna natural egingo den ere. Baina lantaldeak eta adituek asko lagundu ziguten horretan, eta aktoreek dokumentazio lan ikaragarria egin zuten, inguruan esapideak bilatzen eta ahoskera egokia lantzen.
Goenaga: Gidoia idazteko orduan ere, hizkuntza arloko aditu batzuen laguntza eduki genuen, eta aktoreek eurek iragazki lana egin zuten. Horregatik zen garrantzitsua guretzat andaluziarrak izatea, “Gure amamak ez luke hau horrela esango” esan ahal izatea. Asko lagundu ziguten.
Antonio de la Torreren eta, batik bat, Belen Cuestaren lanak ikaragarriak dira, baita Vicente Vergara eta Emilio Palacios aktoreenak ere. Zer eskatu zenieten eta zer eman dizuete?
Jon Garaño: Guk oso argi genuen, pelikularen ezaugarriengatik, aktoreen lana funtsezkoa zela pelikulak funtzionatzeko. Naturaltasuna eta sinesgarritasuna eman behar zizkioten lanari, eta, gainera, istorioak aurrera egin ahala zahartzeko eta aldatzeko gai izan behar ziren.
Hasierako fasean, Higiniok (Antonio de la Torre) garrantzi handiagoa zuen, baina konturatu ginen protagonismo hori partekatuta egon behar zela ondoan izan zuen pertsonarekin, Rosarekin (Belen Cuesta).
Aktore gisa gaitasun izugarria erakutsi dute, jakina zenez, baina inplikazio artistiko eta pertsonal handia ere izan dute. Gogoan dut Antoniok esaten zigula istorio hau ondo kontatzea oso garrantzitsua zela, eta presioa ere sentitu genuen zenbait unetan.
Oso pozik gaude beraien lanarekin, eta sartu-irtenean ari diren beste hiru pertsonaiak gorpuzten dituzten aktoreek ere oso lan ona egin dute, zuk aipatutako Vicente Vergarak eta Emilio Palaciosek eta Jose Manuel Pogak.
Goenaga: Belenek eta Antoniok konpromiso handia hartu dute pertsonaiekin, eta oso bere egin dituzte. Lan prozesua oso interesgarria izan da horregatik, batzuetan negoziatu egin behar izan dugulako beraiekin.
Aktoreek horrela lan egiten dutenean, naturaltasun handia lortzen da, ez baitute soilik esateko dutena esaten edo agintzen diezuna egiten. Baina, hori bai, kontuz ibili behar izaten da: ezin duzu iparra galdu, une oro jakin behar duzu nora zoazen eta zergatik dagoen elementu bakoitza gidoian, gauza batzuk negoziagarriak direla eta beste batzuk ez.
Protagonistak ez dira arketipikoak, ez dira heroi hobengabeak eta sinesgarriak dira horregatik. Alde iluna ere erakusten dute, baina ikusleak enpatizatzen du beraiekin. Kostatu zaizue oreka hori aurkitzea?
Garaño: Esaten duzun moduan, Higiniorengan alderdi ilunago batzuk iradoki eta erakusten dira, eta errazagoa da Rosarekin enpatizatzea. Beste “sator” batzuei gertatzen zitzaien bezala, hainbeste urtean Higinio fase ezberdinetatik pasatzen da, eta egoera horretara eraman duten idealei arantzak ikusten dizkio. Interesgarria iruditzen zitzaigun hori erakustea.
Hala ere, gustatuko litzaiguke une jakin batzuetan ikusleek berarekin enpatizatzea, nahiz eta alde ilun horiek erakutsi edo argi bistaratu gabe iradoki.
Goenaga: Une batzuetan, zaila izan zaigu manikeismotik ihes egitea, ikuspuntu bakarra ezartzen duzunean pertsonaia batzuek tarte txikia izaten baitute beren burua aldarrikatzeko. Film honetan, bizilagunaren pertsonaiarekin gertatzen da hori.
Luze egiten ez den arren, film luzea da, bi ordu eta erdikoa, baina susmoa dut laburtzeko saiakera ere egin duzuela, gauzak kanpoan gelditu direla.
Garaño: Bi ordutara murrizteko saiakera bat egin nuen, baina luzeagoa egiten zen filma: pelikulatik ateratzen zinen, ez zenuen pertsonaiekin horrenbeste enpatizatzen…
Askotan pentsatzen dugu pelikula bati hogei minutu kentzen badizkiozu hobeto geldituko dela, baina ez da beti horrela izaten. Zerbaitetarako egoten dira hor hogei minutu horiek.
Komertzialki ere zailagoa da pelikula luze bat mugitzea eta programatzea, baina baietz bi orduko editatze hori aterata ere norbaitek esan hogei minutu kenduko lizkiokeela!
Lehenengo bertsioa hiru ordukoa zen, eta denbora luzez bi ordu eta hiru laurdeneko bertsioa izan genuen. Azkenean, gauza batzuk kendu genizkion, eta, nahiz eta pena eman, asmatu egin genuen.
Zuen filmografian jada identifikagarriak diren elementuak daude La trinchera infinita-n ere: filmak atalka banatzea, dramaren barruan elkarrizketa itxuraz hutsalak edo azalekoak txertatzea, karga dramatikoa egurasteko (Belen Cuestaren pertsonaia, Francoren ahotsaz oraingoan)… Esango zenukete badela Moriarti estilo bat? Nola definituko zenukete?
Garaño: Honetan hasi ginenean, autore zinema egiteko asmoa genuen, baina, taldeka lanean hasi ginenez, hori zaila izango zela pentsatu genuen, pertsona baten baino gehiagoren ikuspuntuarekin lan egiten dugunez gero.
Baina orain kontrakoa iruditzen zaigu: beti ari garela gauza beren inguruan bueltaka. Aurkezteko modu ezberdinak dira, istorio ezberdinak daude, baina beti agertzen dira guri interesatzen zaizkigun gauzak: pelikula psikologikoak dira, hizpide hartzen dituztenak harreman pertsonalak, inkomunikazioa, familia, heriotza, gorpuen desagerpen eta berragerpena, memoria, denboraren joana, umeak…
Handia eta La trinchera infinita alderatuta, adibidez, Handia-n bi pertsonaia etxetik irten behar ziren bizitzeko, eta La trinchera infinita-n bi pertsonaiok etxera sartu behar dira, bizitzeko.
Eta teknikoki, zuk esan duzun bezala, lau pelikuletan kartelak erabili ditugu, baina arrazoia ezberdina izan da lauretan: 80 egunean-en, denbora nola pasatzen zen erakusteko zen; Loreak-en, ikuspuntua aldatzen zela adierazteko; Handia-ren kasuan, XIX. mendeko eleberri itxura emateko asmoa zegoen; eta beste honetan pelikularen izaera eliptikoari laguntzen ziotelako erabili ditugu.
Goenaga: Ikusleek gure pertsonaiak maitatzen saiatzen garela erantsiko nuke.
Garaño: Nahiz eta ez izan maitekorrak!
Goenaga: Publikoa pertsonaiak bere miseriekin ere aldarrikatzeko gogoz ateratzea nahi dugu.
Oraingoan hirurok sinatu duzue zuzendari gisa. Nola egiten duzue lan?
Garaño: Orain arte egin ditugun pelikuletan, bik zuzendu dugu baina bestea itzalean egon da, lanean oso presente. Eta kasu honetan, zirkunstantziek eragin dute hirurok sinatzea. Hasieran, Jose Mari eta biok izan behar ginen zuzendariak, baina kanpora joan behar izan nintzen, eta Aitorrek hartu zuen nire tokia.
Gero, lanetan eten bat egin eta gero, ni itzuli nintzen berriz filmatzera. Hala ere, bai aurrekoizpenean bai editatzean eta posprodukzioan hirurok batera jardun gara, baina filmatzen ez, eta horrek asko laguntzen du, erabakiak azkarrago hartzen baitira biren artean.
Eta zergatik izaten den bat edo bestea? Bada, ideia ekartzen duena beti egoten da proiektuan hasieratik, eta bestea unearen araberakoa izaten dela esango nuke, zein dagoen libreago.
Filmaren gai nagusiak gatibutasuna eta beldurra dira (beldurra ezberdinari, beldurra ezezagunari). Eduki duzue beldurrik abentura handi honetan murgiltzeko orduan? Zein?
Goenaga: Gero desagertu egin da pixka bat, baina, filmatzen ari ginela, ardura nuen protagonistekin, Belen eta Antoniorekin. Beraiek oso ezagunak dira dagoeneko, pauso neurtuagoak eman behar dituzte askotan, eta hanka-sartzeek ondorio negatiboa izan dezakete beren ibilbideetan.
Orain arte, aktore ezezagunekin lan egin dugu, eta beste lasaitasun bat egon da bai beren aldetik bai gure aldetik. Baina Antonioren eta Belenen kasua ezberdina zen, eta horrek, hasieran behintzat, ziurgabetasun handia ematen zidan.
Baina orain beraiek pozik daude, eta film batek ez du aktore baten karrera suntsituko… (kar kar).
Bestalde, Handia-n baino lasaiago egon gara. Bide bat egiten ari gara, eta askorentzat Handia gure bigarren filma izan zen, Loreak-en ostean. Hor, beldurtu egin ginen pixka bat, ondo atera den film baten ondorengoa gaizki ateratzen bada, jendeak pentsa lezakeelako lehen arrakasta hori zorteari zor izan zaiola, adibidez. Baina beren neurrian arrakasta izan duten bi film egin ondoren, hanka sartzeko eskubidetxo bat sentitzen genuen. Lasaiago egon naiz.
Zinemaldian aurkeztuko duzue berriz filma. Loreak-en eta Handia-ren ondoren. Zer bide aurreikusten diozue La trinchera infinita-ri?
Garaño: Gustatuko litzaiguke irabaztea, baina bi egoerak bizi izan ditugu. Loreak-ek aipamen txiki bat izan zuen, eta Handia-k euskal zinemaren Irizar saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zituen.
Ez dugu horretan gehiegi pentsatzen, Loreak-en kasuarekin ikusi genuelako, nahiz eta saririk jaso ez, oso indartuta atera zela. Hori esanda, Handia-ren sariek ilusio handia egin zidaten.
Beraz, esango dugu ez digula loa kentzen, baina, saririk baldin badago, hobeto.
Goenaga: Baina kontziente gara oso erlatiboa dela. Zinemaldietan, pertsona gutxi batzuek osatutako epaimahaiek erabakitzen dituzte sariak, eta ez duzu jakiten zein arrazoi egon diren aukeraketaren atzean: zer eztabaida dagoen, epaimahaikideen artean iskanbila gutxien eragindako lana aukeratu ote duten…
Alde horretatik lasai nago. Ilusioa egingo liguke, baina garrantzitsuena da filma erakutsi eta gero sortzen den iritzi orokorra.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa