Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020

Zinemaldia

17:34

Zinemaldia

Golardoa

Judi Dench, 2018ko Zinemaldiko Donostia Saria

Agentziak | Erredakzioa

Aktore britainiarrak, hortaz, Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrarekin eta Danny DeVito aktore estatubatuarrarekin bat egingo du; haiek ere jasoko dute, 66 Zinemaldian, Donostia Sari bana.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Judi Dench aktore britainiarrak (York, Erresuma Batua, 1934) Donostia Saria jasoko du 2018ko irailaren 21etik 29era egingo duten Donostiako 66 Zinemaldian. Festibaleko ohorezko sari garrantzitsuena irailaren 25ean emango diote Denchi, Red Joan (Trevor Nunn) filmaren emanaldiaren aurretik, 19:30ean, Kursaal Auditoriumean.

Zinemaldiak astearte honetan jakinarazi du erabakia. Donostia Sariak, urtero, zinemako profesional bat edo batzuen ibilbidea goraipatzen du; hastear dagoen 66. Zinemaldian, hiru Donostia Sari emango dituzte: bata Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrarentzat izango da, beste bat Danny DeVito aktore, zuzendari eta produktore estatubatuarrarentzat, eta hirugarrena, arestian esan bezala, Judi Denchentzat.

Zinema britainiarraren dama handietako bat da Dench; zazpi aldiz izendatu dute aktore onenarentzako Oscar sarirako (hiru aldiz bigarren mailako emakumezko aktore onenaren arloan, eta beste lau aldiz emakumezko aktore onena bezala), eta 1999an irabazi zuen, bigarren mailako emakumezko aktore gisa, “Shakespeare in Love” pelikulan egindako lanagatik (Elizabeth erreginaren papera izan zuen 1998ko film hartan).

Halaber, bederatzi BAFTA sari eta Urrezko Globo bat ditu, besteak beste.

Red Joan pelikulan, alegia, saria eman ostean ikusgai izango den filmean bizimodu lasaia duen emakume baten papera du Denchek; Erresuma Batuko inteligentzia-zerbitzuak Errusia komunistari informazioa ematea leporatzen dionean, bat-batean zeharo aldatuko da haren bizitza.

Lehen aldiz Donostian

Lehen aldiz etorriko da Donostiara Judi Dench, baina ibilbide luzea eta bikaina du atzean. Oholtzaren gainean hasi zen antzezten, Londreseko Old Vic eta The National antzoki prestigio handikoetan; ondoren, Shakespeareren dama handiak hezurmamitu zituen Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki-taldean.

Denchek kritikak txalotutako film askotan parte hartu du 1964. urtean zineman debuta egin zuenetik, eta zinemagile interesgarrienetako batzuekin aritu da; besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes zuzendarien esanetara. Horrez gain, dozenaka sari bildu ditu bere ibilbidean bete dituen rolengatik: Viktoria erregina izan zen Mrs Brown (1997) filmean; Armande Voizin xelebrea Chocolat-en (2000); Iris Murdoch nobelagilea Iris-en (2001); antzerki-enpresaria Mrs Henderson Presents-en (2005); irakasle gatazkatia Notes on a Scandal-en (2006); lapurtu dioten semearen bila ari den ama Philomena-n (2013); berriz ere Viktoria erregina Victoria & Abdul filmean (2017); eta M, Britainia Handiko inteligentzia-zerbitzuaren arduraduna, James Bond sagako filmetatik zazpitan.

Trevor Nunn antzerki-zuzendari emankorrak behin baino gehiagotan zuzendu du Dench Britainia Handiko eszenatokietan, eta orain zinemagintzara itzuli berri da Red Joan filmarekin. Aurrez zuzendu dituen lanen artean, Lady Jane (1996) eta Twelfth Night or What You Will (1996) daude. Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu ziren biak.

Datorren urtean Kenneth Branaghen azken lana, Artemis Fowl, eta Andy Goddarden Six Minutes to Midnight protagonizatuko ditu Denchek.

Judi Denchi Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Zinemaldiaren webgunean, eta 45 euro balio dute.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena