14:59

Zinema

Estibaliz Urresolaren filma

"20.000 especies de abejas": izena, izana eta ezina

Natxo Velez | EITB Media

Bere lehen film luzean, Estibaliz Urresola laudioar zinemagileak bere garaia irakurri, eta narratiba berriz jantzi ditu aurretik ditugun mundu posible batzuk. Artista bati ezin zaio gehiago eskatu.

  • Sofia Otero eta Ane Gabarain ''20.000 especies de abejas'' filmean

    Sofia Otero eta Ane Gabarain "20.000 especies de abejas" filmean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gizartearen berbaroa, esana edo oihua entzun, asimilatu eta hausnarketa horren emaitza jendartera itzuli, oihartzuna lortu eta hartzaileak mugiarazteko, ahal dela mezu hori jantzi eder, hunkigarri eta zintzoan bilduta. Hori da, gutxi-asko, artista zintzoaren jarduna, eta horretan dirau Estibaliz Urresola laudioar zinemagileak, "20.000 especies de abejas" Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu duen filmean ere.

"Cuerdas" film labur arrakastasuan erakutsitako konpromiso sozialaren lorratzari jarraitu dio Urresolak bere lehen film luzean, eta, Ekai ondarroar nerabearen suizidioak xaxatuta (filma idazteko pizgarria hori izan zela esan digu zuzendariak), adingabe transexualen gaia jorratzen duen pelikula eder, zirraragarri eta erztuna ondu du.

Lucia zortzi urteko umea ez da eroso sentitzen ingurukoek Aitor izenez deitzen diotenean, eta ezinegon horrek bere burua birkokatzeko (agian, "besteak bere aurrean ondo kokatzeko" esan beharko genuke halakoetan, egiari zor) eta bere izana dagokion gisan izendatzeko bidaia batera bultzatuko du uda batez, ze, "Irati" Paul Urkijok estreinatu berri duen filmean esaten den bezala, "izena duen guztia bada", izan. Eta baden orok ere izen egokia behar du.

'20.000 especies de abejas'

'20.000 especies de abejas'

Berriz ere, "Cuerdas"en bezala (pelikula horretako aktore ez-profesionalei keinu ere egiten zaie honakoan), aktore profesionalak eta ez-profesionalak (umeak, kasu honetan) uztartu ditu Urresolak kameraren aurrean, aldez edo moldez patriarkatuak jotako emakumeak modu zoragarrian hezurmamitzeko: Lucía umearen adierazkortasun zintzo eta dirdiratsua (Sofia Otero), Ane amaren (Patricia Lopez Arnaiz) barne ekaitz halabeharrez isildu baina ez baretua (kapitalismoaren inertziak urgentea lehenestera bultzatzen gaitu, garrantzitsuaren aurretik), Lita amamaren (Itziar Lazkano) zurruntasuna eta Lourdes izeba zaharraren (Ane Gabarain) amultsutasuna.

Erlezaintzak bustitako pelikula izanik, badu gozotik filmak (bi umeren arteko bainujantzi trukearen sekuentzia aratz eta hunkigarria, adibidez, gogoan iltzatuta gelditzen da), baina baita garratzetik ere, erlijioaren zamak eta gizonen nagusikeriak (aitaren arrasto sakon eta samingarri hori, Anerengan eta Litarengan) zenbaiten bizitzetan zein bide estua utzi duen erakusten duenez gero.

Hala ere, bitasun eta ziurtasunak horretan gelditzen dira, baita umearen amamak eta izeba zaharrak ordezkatzen dituzten mundu ikuskera antagonikoetan ere agian, baina filmak, oro har, urtu egiten ditu mugak, nola geografikoak (Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira egiten dute protagonistek), hala hizkuntzarenak (euskara, gaztelania eta frantsesa entzuten dira), eta, esan gabe doa, baita generoen artekoak ere.

Estibaliz Urresola, Sofia Otero aktorearekin batera

Estibaliz Urresola, Sofia Otero aktorearekin batera. Argazkia: Aner Etxebarria.

Bidaia baten kronika barik, bidaia askoren kronika da "20.000 especies de abejas", zorionez; besteren begirada oker eta mingarriek itotako izaki baten istorioa barik, gainerakoen begirada okerra kokatzen duen eta aberasten duen iragaite mingarri baten istorioa. Eta helduleku berri bat, mundu berri eta hobe baterako.  

Bihurtuko ahal da, zauri baten kontakizuna barik, zarakar baten lekukotasuna!

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena