Zinema
Goya sariak
N. V. | EITB Media
Espainiako Zinema Akademiak Goya sariak banatuko ditu larunbatean, otsailak 12, Mediterraneoaren ertzeko hiriko Les Arts espazioan. "Maixabel" euskal ekoizpena, esaterako, hamalau sailetan dago izendatuta.
Goya sarietako garaikurraren erreplika bat, Valentziako kaleetan. Argazkia: Efe.
Fernando Albizu, "Maixabel" filma, Kiko de la Rica, Antxon Gómez, "Zutik" animaziozko filma, "Nacer" film laburra… Hainbat euskal ekoizpen eta profesionalek hitzordua dute larunbatean, otsailak 12, Valentzian, Espainiako Zinema Akademiak urteroko bere sariak banatuko baititu egun horretan hiri horretako Les Arts espazioan.
"Maixabel" pelikula, euskal zinematografiako urteko fenomeno handienetakoa, hamalau sailetan dago izendatuta: film onena, zuzendari onena (Icíar Bollaín), jatorrizko gidoi onena (Icíar Bollaín eta Isa Campo), jatorrizko musika onena (Alberto Iglesias aste honetan Oscarretarako ere izendatu duten donostiarra), gizonezko aktore onena (Luis Tosar), emakumezko aktore onena (Blanca Portillo), bigarren mailako gizonezko aktore onena (Urko Olazabal), emakumezko aktore berri onena (María Cerezuela), ekoizpen zuzendaritza onena (Guadalupe Balaguer), edizio onena (Nacho Ruíz Capillas), zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano bi Goyaren irabazlea "Handia" eta "Akelarre" pelikulengatik), jantzien diseinu onena (Clara Bilbao), makillaje eta ile-apaintzea (Karmele Soler Goya sari baten irabazlea "La piel que habito"gatik eta Sergio Pérez Berbel) eta soinu onena (Alazne Ameztoy Goyaren irabazlea "La trinchera infinita"rekin, Juan Ferro eta Candela Palencia).
IRAKURRI URKO OLAZABALI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Urko Olazabal: "Bizitza osoko lanari dagokion saria da izendapena niretzat"
IRAKURRI MARÍA CEREZUELARI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Baina EITBren parte-hartzearekin Maixabel Lasa Juan María Jauregui ETAk hildako politikariaren alargunaren eta senarra hil zioten ETAko kideen arteko topaketak kontatzen dituen filma ez da Espainiako Akademiaren saria irabazteko euskal hautagai bakarra, Jorge Guerricaechevarría gidoilaria ("El día de la bestia", "Celda 211", "Carne trémula"…), esaterako, gidoi egokitu onenaren sailean lehiatuko da, Daniel Monzón zuzendariarekin batera "Las leyes de la frontera" Javier Cercasen eleberria pantailara eramateko egindako lanagatik.
Euskal ekoizpena da, halaber, "Nacer" animaziozko film laburra. Iván Miñambres UniKo bilbotar ekoiztetxeko kideak bultzatu du Roberto Valle toledoarrak zuzendu duen filma.
Animaziozko lanekin jarraituta, animaziozko film onenaren atalean "Zutik" Iker Alvarezek eta Haizea Pastorrek zuzendutako pelikula izango da sariaren bila. Mezu ekologista eta soziala helarazten duen euskal filmak, EITBren parte-hartzea duenak, lehiakide bitxia izango du atal horretan: "Gora automatikoa!".
IRAKURRI IKER ALVAREZ ETA HAIZEA PASTORRI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Izenak kontrakoa iradoki lezakeen arren, "Gora automatikoa!" ez da euskal ekoizpena. David Galán Galindo, Esaú Dharma eta Pablo Var zinemagileek Goya bat irabazteko helburu soilaz sortu dute pelikula hau, iaz atal horretan aurkeztu zen pelikula bakarrak "La gallina turuleca" lanak izan zuen arrakasta errepikatzeko asmoz. Euskal izena jarri diote "azken urteetan euskal pelikulak izan direlako saritu eta izendatuenak" (sic).
"El buen patrón" Fernando León de Aranoaren filmak Goyen historian beste edozein pelikulak baino izendapen gehiago, hogei, bildu ditu aurtengoan, hain zuzen ere "Días contados" Imanol Uriberen filmak 1995ean hemeretzi lortuta jarri zuen marka hobetuta.
Hogei izendapen horietako bat, bigarren mailako gizonezko aktore onenaren sailekoa, Fernando Albizu gasteiztarrarena da, pelikula horretan Roman segurtasun zaindari kikilaren larruan egindako lanari esker.
IRAKURRI FERNANDO ALBIZURI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Fernando Albizu: "Sariak aitorpena dira, baina ez dute esan nahi beste inor baino hobea zarenik"
Halaber, Kiko de la Rica bilbotar argazki zuzendaria ("Mediterraneo") eta Antxon Gómez donostiar zuzendari artistikoa ("Madres paralelas"), biak ere bilbotarrak, kirioak dantzan egongo dira, seguru asko, larunbat gauean, Les Arts espazioko besaulkietan, agertokira igo eta garaikurra jasotzeko gogoz.
Cate Blanchett eta José Sacristán
Goya sarien galan, Jose Sacristán aktore beteranoak Ohorezko Goya jasoko du, eta Cate Blanchett australiar aktoreak Nazioarteko Goya, aurten lehenengoz emango duten golardoa.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa