10:13

Zinema

Elkarrizketa

Urko Olazabal: "Bizitza osoko lanari dagokion saria da izendapena niretzat"

Natxo Velez | EITB Media

Urko Olazabal aktoreak "Maixabel" pelikulan egin duen interpretazio bikaina ez da oharkabean pasatu Espainiako Zinema Akademiako kideentzat ere, eta larunbatean Valentzian banatuko dituzten Goya sarietarako izendatuta dago bilbotarra.

  • Urko Olazabal, ''Maixabel'' pelikulan

    Urko Olazabal, "Maixabel" pelikulan

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urko Olazabal aktoreak (Bilbo, 1978) urte asko daramatza itzalean lanean, telebistan, web sailetan, zineman antzeztaldeko aktore gisa… "Maixabel" pelikulan Luis Carrasco ETAko kide ohiaren azalean egin duen lanak, baina, argitara atera du bere interpretazio eskolan irakasle ere badiharduen aktorearen talentua. Kritikariek horren lana txalotu dute, eta Espainiako Estatuko zinema kazetariek ematen duten Feroz saria irabazi du antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren sailean.

Larunbatean, sail horretan bertan lehiatuko da Espainiako Zinema Akademiaren Goya saria irabazteko, eta berarekin hitz egin dugu hori baino lehen.

Zorionak izendapenagatik, Urko! Nola jaso zenuen horren berri? Espero zenuen?

Eskerrik asko. Emaztearekin nengoen BIZIEn, Bilbon elkarrekin daukagun interpretazio eskolan. Nire ikasle ohi batek izendapenen irakurketaren streaming bat eskaini zuen Youtubeko bere kanalean, eta horrela jarraitu genuen.

Egia esan, bai pelikulak bai nire lanak horrenbesteko arrakasta izan dutenez, izendapena espero nuen, benetan. Hala ere, aurretik "El buen patrón"eko hiru aktoreak izendatu zituztenean, aurten oso antzezpen eta pelikula bikainak ekoiztu direnez, nire izendapena bertan behera geldituko zela pentsatu genuen.

Baina laugarren postuan nire izena entzun genuenean, aulkitik salto egin genuen eta elkar besarkatu genuen, barre eta negar artean.

Zer gorputzaldirekin egiten diozu aurre otsailaren 12ko gauari? Nola irudikatzen duzu zure buruan?

Pozez gainezka gaude familian, lagunen artean eta eskolako nire ikasleak ere hori ari dira adierazten. 

Bizitza osoko lanari dagokion saria da izendapena niretzat, eta irabaztea poz gehigarria izango litzateke, berealdiko bukaera. Beraz, otsailaren 12ko gaua ospakizuna izango da guretzat, nahiz eta saririk jaso ez, honaino heltzea saria baita berez.

Gainera, "Maixabel" pelikulak izendapen anitz jaso dituenez, Valentzian talde teknikoko eta artistikoko lankide dexente bilduko gara. Ziur nago ondo pasatuko dugula.

Ez zara inondik inora aktore hasiberria. Nola hartu duzu "Maixabel" filmean egiten duzun paperak eragin dituen kritika onak, zure ibilbidearen etapa honetan?

Arrakasta txiki honek heldutasunez harrapatu nau. Antzezten hasi nintzeneko garaietan harrapatu izan banindu, ez dakit zer-nolako kaltea eragingo zidan buruan, gaztaroan oso inozoa bainintzen.

Ni bezalako aktore arrunt baten ibilbidea oztopoz beteta egoten da, eta ni ez naiz salbuespena. Aktoreen artean asmorik zabalduena antzeztea ogibide bihurtzea da, baina, hau lortzeko, nork bere mantenua atera behar du lehenik eta behin, beste milaka lanetatik.

Nire kasuan, nahiz eta esfortzu handia egin dudan, zorte ona izan dut, bideogintzan autodidakta izateak eta DBHko irakasle izatera heltzeak bidea erraztu baitit azken bolada honetan.

Horrek nire interpretazio eskola sortzera ere bultzatu ninduen, eta, bat-batean, Iciar Bollainek begiak jarri zituen nigan. Filmean egin dudan lanaren inguruko kritikek bizipoza ekarri, eta aurrera jarraitzeko gogoa berritu didate.

Luis Carrasco ETAko kide ohiarena egiten duzu filmean, benetako pertsona batena ("Patria"n Manuel Zamarreñoren azalean egin zenuen bezala, bide batez). Zer muga eta zer erantzukizun ezartzen ditu horrek aktoreen lanerako?

Filmaren gidoia Maixabel Lasaren, Ibon Etxezarretaren eta Luis Carrascoren bizipenetan inspiratuta dago. Iciar eta Isa Camporekin batera ibili ziren gidoia idazten, edozein aholku, zuzenketa eta xehetasun azpimarratzen. Beraz, filmean kontatzen direnak haiek onartuta datoz. Oinarri ziur horrekin jakin nuen gidoian kontatzen zena benetako istorioa zela.

Oso material sentikorra, biguna eta hauskorra zela konturatu nintzen, eta argi nuen errespetu handiz landu behar nuela. Luis Carrascorekin elkartu nintzen pertsonaia prestatzeko. Esker onekoa izan zen nirekin: estaldura barik agertu zitzaidan, bere izaera erakutsi zidan eta horrek beraren energia ulertzea ahalbidetu zidan. Izan ere, hori izan zen nire abiapuntua.

Gaur egun zeharo damututa dagoen gizon bat aurkitu nuen, eta hortik atzerako bidaia egin nuen iraganera. Luis Carrascoren balizko gaztarorako bidea irudikatu nuen neure buruan. Gogora ekarri zidan nik kuadrillarekin gaztetan ibilitako garaiak, gure pentsamendu iraultzaileak, manifestazioak, kaleetako giroa eta konturatu nintzen ETAren garai bateko indarkeria ez zegoela nigandik hain urruti. Ingurugiro horretan konposatu nuen pertsonaia.

Urko Olazabal, 'Maixabel' pelikulan

Urko Olazabal, 'Maixabel' pelikulan

"Patria", "Ane" eta "Maixabel" bera, baina baita "918 gau", "Érase una vez en Euskadi", "Bolante baten historia"… estreinatu dira, edo laster estreinatuko dira. Zer paper aitortzen diozu zinemari euskal gatazka kontatzeko orduan?

Euskal gatazkak kontrako bi sentsibilitate politikotan banatuta eduki du Euskal Herria. Gaia tabu izan da gizartean, baita artean eta beste hainbat arlotan ere. Gaur egun, ETAk 2011n ekintzak eten zituenetik, perspektiba hartu dugu.

Horrelako filmek agerian utzi dute lotan zegoen debate historikoa. Gure filmaren kasuan, "Maixabel"ek ikuslea garai horretan kokatzen du, eta uste dut bakoitzak bere buruari galderak egitea eragiten duela: nor nintzen, zer pentsatzen nuen eta zer pentsatzen dut orain?

Mezua, beraz, artelanaren gainetik kokatzen da, zenbait lanekin gertatzen den bezala. Oso garrantzitsua da artearen funtzio hau.

Iciar Bollaín, Blanca Portillo, Luis Tosar eta María Cerezuela kideak ere izendatuta daude zurekin batera Goya sarietarako. Zelakoa izan zen filmatzea eta nolakoa izan da beraiekin lan egitea?

Aktore batek ametsetako zuzendariak eta antzezleak dauzka beti, kuttunenak dituenak. Kasu honetan, hirukote hau horixe da niretzat. Horien ibilbideak erabat miresten ditut, eta beraiekin lan egitea uste baino are zoragarriagoa izan da. Izarrak dira, baina izar hurbilak, apalak, maitagarriak eta lankide berriari eroso sentiarazten eta laguntzen dituzten horietarikoak.

Maria Cerezuelak osatzen du pokerra. María Bizkaiko Antzerki Ikastegitik (BAI) ezagutzen nuen, eta ilusio handia egin zidan filmean zegoela esan zidatenean.

Zure izendapenkide guztiak "El buen patrón" pelikulako aktoreak dira. Ikusi duzu beren lana? Saria eskuratzeko orduan, hori zure mesederako izan litekeela uste duzu?

Bai noski, filma ikusi dut eta lan bikaina egin dute hirurek. Nire inguruko jendeak, lagunek eta familiak nire probetxurako izango dela diote, Akademiako kideen arteko filmaren zaleen bozak hiru hautagaien artean banatuko baitira.

Baina ni ez nago horren ziur: Goyen bozketa ez da inoiz zientzia zehatza izan. Hala ere, datorrena datorrela, pozik izango naiz.

Goyetan izendatuta egon edo ez, zer pelikulak eman dizute arreta azkenaldian?

Oliver Laxeren "O que arde", Jane Campionen "The power of the dog", Florian Zelleren "The Father", Isaki Lacuestaren "La leyenda del Tiempo", Ron Howarden "Hillbilly", Jeff Nicholsen "Mud", Adam Mckayren "Vice" eta Philip Barantiniren "Boiling point". Azken hilabetean ikusitako guztietatik, horiek iruditu zaizkit lan biribilenak.

Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Feroz saria irabazi du oraintsu

Lanen bat baduzu esku artean? Zer aurrera diezagukezu?

Proiektuak, oraingoz, mahai gainean daude. Ordezkaria eta biok kontu handiz ari gara baloratzen proiektu bakoitzaren eskaintzak eta norabideak, horiek izango baitira hemendik aurrera nire irudia salduko dutenak.

Proiektu ezberdinak dira elkarren artean, eta guztiak ere oso interesgarriak, baina ezin dizkizut aurreratu oraindik.

Beste aldeen gainetik alde artistikoa baloratuko dudala besterik ez dakit, pertsonaiak konposatzeko neure burua erronka-joko arriskutsu batean jartzea gustatzen zait. Erosotasunetik at eramaten nauten zailtasun hauek atseden hartzen ere ez didate uzten, baina adi mantentzen naute lanean.

Gauzak horrela, pertsonaiek nire baitan sortuko dituzten erantzun artistikoak nire bizitzarako ikaskuntza baliagarriak izango dira, baita munduarentzat ere. Edo hori sinistu nahi dut.

Zein paper egitea gustatuko litzaizuke?

Nik unibertsitatean Eskultura ikasi nuen. Hantxe, Jorge Oteizaren bizitza ezagutu, eta haren obran sakondu nuen, eta harrezkero Oteizaren irakaskuntzak nire sortze-prozesuen oinarria izan dira beti. Niretzat artista kuttuna da zalantzarik gabe, eta Jorge Oteizarena egitea gustatuko litzaidake.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena