09:58

Zinema

''Hondar ahoak''

Koldo Almandoz: "Genero beltzak derrapatzeko aukera handiagoa ematen du"

Natxo Velez | eitb.eus

Arrakastaz estreinatu ondoren, “Hondar ahoak” thrillerraren 2. atala ikusgai egongo da asteazkenean ETB1en eta aurrerantzean EiTB Nahieran. Koldo Almandoz telesailaren zuzendariarekin hitz egin dugu.

  • Koldo Almandoz

    Koldo Almandoz, "Hondar ahoak" filmatzen

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Misterioa, iluntasuna, mesfidantza, hasiera harrigarria, akzioa, ikerketa, polizia bikote bat, hari mutur solteak, ustekabean askatzen diren lokarriak, beste herri batetik auzia izan den tokira iritsitako ikertzailea, atalen amaieretako jakin-mina… Genero beltzeko telesailen zaleek bilatzen duten oro du “Hondar ahoak” ETB1ek joan den asteazkenean estreinatutako telesailak.

Baina horrelako produktu batean ziurtzat jotzen den hori guztia ez ezik, askoz gehiago ere badu Txintxua ekoiztetxeak ETBrentzat egindako lanak, eta horrek bihurtu du, askok esan dutenez, telebistarako orain arte inoiz gurean egindako fikzioko sormen lanik onena.

Koldo Almandoz zuzendariak (Donostia, 1973) bere zineman (Belarra, 2002; Sipo phantasma, 2016; Plágan, 2017; Oreina, 2018) ohikoak diren elementuz blaitu eta aberastu du besteak beste Nagore Aranburuk, Eneko Sagardoyk, Joxean Bengoetxeak eta Iraia Eliasek bikain interpretatutako lana, “Hondar ahoak” beste maila batera eramateko: ironia (“gorrotu ditut off ahots batekin hasten diren istorioak”, esaten du offeko ahots batek lehen kapitulua hasteko; eta “telesailetan bakarrik egiten diren gauzak egitea” leporatzen dio telesaileko ertzainak telesaileko ikertzaileari), autoerreferentziak (bere burua erakusten du zuzendariak, telesailaren lehen-lehen planoan), ahalegin estetiko eta bikaintasun teknikoa (uraren irudikapen preziosistak, Oreina-n eta Plágan-en bezala), baita animalia disekatuak ere…

Almandozekin berarekin hitz egin dugu, lehen atala estreinatu berritan, hurrengo atalek zer ekarriko diguten jakiteko irrikan.

Film laburrak, luzeak eta ertainak egin izan dituzu. Nola iritsi zinen “Hondar ahoak” telesailera?

Aurretik telesailetan lanik egin gabea nintzen, baina ikus-entzunezkoetan, ni nagoen mailan behintzat, batek ez du nahi duena egiten, baizik eta finantza dezakeena.

Bizpahiru urte neramatzan pelikula proiektu bat prestatzen, azkenean finantzatu ezin izan genuena, eta, ETBk minisailen deialdia egin zuenean, Marian Fernandez Txintxua ekoiztetxekoarekin hitz egin nuen eta ikusi genuen zerbait egin genezakeela thriller poliziako bat egiteko aspalditik nuen ideia bat garatu eta moldatuta.

Horrela jarri zen martxan.

Nola aldatzen da lan egiteko modua, pelikula bat edo telesail bat idazteko orduan?

Ohiko filmen aldean, telesailek abantailak eta desabantailak dituzte, idazteko orduan. Abantaila-desabantaila horietako bat da, bietatik baitu, formatu finkoagoak direla. Jendeak telesail bat ikusten duenean, espero duena ikusi nahi du. Badaki formatu horrek eskaini behar dizkion hainbat gauza: hasiera indartsu bat, amaieran hurrengo atalerako amua egotea, galdera bat irekita uztea… Hori ematen ez bazaio, porrota dela ematen du.

Askotan dena oso klonikoa iruditzen zait, baina egia da beste hizkuntza batean ari zarela eta beste ikusle bati eskainitako produktua dela. Horrek horrela behar zuela konbentzitu behar izan nuen neure burua, lehenik eta behin.

Bestetik, nik generoan murgiltzeko gogo bizia nuen aspalditik, nobela beltzaren irakurlea naiz. Nire aurreko lanak, aldiz, oso naturalistak dira, tonu minimoa dute, eta egileak oso bide estua izaten du horrelakoetan, bide horretatik ateratzen zarenean asko nabaritzen delako: oso artifizial gelditzen zaizu, ez da sinesgarria…

Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburu

Generoak, ostera, bide hori zabaltzen du, eta derrapatzeko aukera handiagoa ematen du, sinesgarritasuna beste modu batera jorratzen baita. Generoaren kodeei jarraitu behar zaie, eta hori oso entretenigarria da idazteko eta ikusteko orduan.

Horretan saiatu naiz, beraz: gustatzen zaidan hori ahalik eta ondoen neurera ekarri eta neuretik ere ematen.

Suspensezko telesail beltz poliziakoa da “Hondar ahoak”, baina zerk bihurtzen du, zuk deskribatu duzun bezala, Basque Noir generoko lan?

Bada, batetik testuinguruak: paisaia… Euskal kostaldeko herri batean dago filmatuta, kasu honetan Ondarroan, baina izan zitekeen Pasaia edo Bermeo ere. Horrek esan nahi du, adibidez, ez dela arrantzale herri folkloriko kartoi-harrizko bat, baizik eta herri industriala, herdoila eta gasolioa darizkiona, langileen artean senegaldar arrantzale asko dituena…

Horrek sortzen du Basque Noir deitu dudana, gure errealitatetik edaten duela. Ez dago Ford Mustang bat gidatzen duen sheriff bat edo Las Vegasko kasino bat, baizik eta herriko erretegia, lonjak eta senegaldar arrantzaleak.

Esan bezala, generoan murgildu arren, ez diozu uko egin zure zinemagintzaren berezko elementu zenbaiti. Nola zaindu duzu generoaren eta autore zinemaren arteko oreka hori, horrek axola izan badizu?

Nik argi nuen honetan urtebetez jo eta su ibili behar banintzen dibertitu egin behar nintzela eta nire ekarpena egin behar niola, niri interesatzen zaizkidan gauzak ikusi behar nituela hor. Eta badaude, baina uste dut istorioarekin ondo uztartzen direlako dela.

Pentsatu nuen hau ez dela Ken Loachen film bat, baizik eta film poliziako bat, eta honek kaña behar zuela

Elkarrizketak, adibidez, asko zaindu ditut. 2020. urtekoak izan daitezela nahi nuen, eta ez zitezela izan, genero beltzean askotan gertatzen den bezala, esaldi biribilegiak. Horregatik, batzuetan ironia fina erabili dut, bizitzan bezala, komedia izan gabe ere, une absurduak sartu…

Eta musikarekin ere gauza bera gertatzen da. Lan askotan, musika sinesgarritasunaren eta naturaltasunaren bidetik ateratzen dela iruditzen zait, tranpa egiten dela emozioak azpimarratzeko, baina halako generoak horixe eskatzen du, tranpa egitea.

Aitor Etxebarriak egin duen soinu banda, gainera, izugarria iruditzen zait, generoaren munduan sartzen zaituelako. Eta musikarekin, argazkiarekin eta soinuarekin muturrera jo dugu askotan, erdibidean gelditu gabe. Pentsatu nuen hau ez dela Ken Loachen film bat, baizik eta film poliziako bat, eta honek kaña behar zuela musikarekin, adibidez.

Nolakoa izan da ikuslearen begietara informazioa ezkutatzeko eta tantaka emateko jolasa? Zure lanetan ere garrantzi handia izaten du pertsonaien alde ezkutuak?

Niri gustatzen zaidan sorkuntza hori da, guztia erakusten ez dizuna. Niretzat, gauzek, pertsonek eta bizitzak misterioa izan behar dute; bestela, ez zaizkit interesatzen. Eta nire lanetan hori sustatzen saiatu naiz.

Lan honetan, adibidez, uste baino zailagoa izan da hori, ikerketa bat erakusten duten lanak egitura itxi eta perfektuetan oinarritu behar direlako, ezin da pieza solterik utzi, eta horiek nola eta noiz erakutsi izan da gakoa.

Niretzat, gauzek, pertsonek eta bizitzak misterioa izan behar dute; bestela, ez zaizkit interesatzen.

Batzuetan gertatu da idazteko orduan modu batera pentsatu nuela, baina muntatzeko orduan beste modu batera erakutsi behar izan dudala, informazioa sakabanatuegi zegoelako adibidez. Beti esaten da gidoian idazketa bat egoten dela, filmaketan beste bat eta muntatzeko orduan beste bat, eta hemen ere egon da horretatik, edonorentzako produktu entretenigarri bat eskaintzeko baina aldi berean interes ezberdinak dituen ikuslego bati ere gozatzeko moduko zerbait emateko.

Ondarroan kokatu duzue istorioa, “intimitatea existitzen ez den herri batean”, pertsonaia batek lehen atalean esaten duenez. Zergatik?

Ondarroa nortasun handiko herri bat da, oso berezia euskaratik hasita jendearen nortasuneraino. Gainera, euskal portu industrialek daukaten beste zera bat du: garai hobeak bizi izan dituen oihartzuna. Seguru asko, duela hogei edo hogeita hamar urte, jende gehiago biziko zen, aberastasun handiagoa egongo zen…

Mikrokosmos oso interesgarria iruditzen zitzaidan istorio bat kontatzeko eta jolas hori planteatzeko, nola hartuko duten kanpotik datorren pertsona bat.

Eneko Sagardoy, Nagore Aranburu, Iraia Elias, Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe eta Ander Lipus aktore kontrastatuekin batera, aktore ez profesionalak ere zuzendu dituzu, “Oreina”n egin zenuen bezala. Zer eskatu diezu aktoreei eta nola uztartu dituzu bi mundu horiek?

Lehenik eta behin, esan behar dut kristoren zortea izan dudala aktoreekin. Oso filmaketa gogorra izan da, lau astean filmatutako telesaila baita eta horrek sekulako lana eskatu baitio lantalde teknikoari eta artistikoari.

Orokorrean, izugarri ondo daude. Inplikazio handia izan dute, eta oso pozik nago.

Baina talentuak askotan gauza asko estaltzen ditu. Guk lau kapitulu egin ditugu “Patria”ko edo “El internado”ko kapitulu baten aurrekontuaren erdiarekin, parte hartu duten guztien esfortzu ikaragarriari esker.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy

Aktore natural edo aktore ez diren pertsonekin lan egiteak zailtasun estra bat dakar, eta hor herriko jendeak asko lagundu digu. Ana Elordi, adibidez, beraiekin lanean egon da aurretik.

Azkenean, batzuetan hobeto ateratzen da eta beste batzuetan okerrago, baina sinesgarritasuna ematen dio lanari. Ezin dut irudikatu arrantzale senegaldarra ez den pertsona bat arrantzale senegaldarrarena egiten.

Hizkuntzaren gaia ere landuta dago oso. Hiru hizkuntza ezberdin entzuten dira lehen atalean, eta pertsonaietako batzuk herriko hizkeran mintzo dira eta beste batzuk ez. Zein irizpide ezarri dizkiezue zeuen buruari?

Bai, buelta asko eman dizkiogu gai honi eta buruhauste batzuk izan dira, bagenekien zerbait delako. Hemen ematen du pelikulak ikusi beharrean debate filologikoak izaten ditugula edozein lanen aurrean, eta seguru asko kritika gehiago izango dira pertsonaia batek ez duelako erabili Markinako hizkera petoa tramagatik beragatik baino.

Hainbat aukera genituen: “Ondarroako hizkera peto-petoan egingo dugu”, baina horrela inork ez zuen ulertuko Ondarroatik kanpo; beste korronte batek “euskara batuan egin dezagun” esaten zuen, baina sinesgarritasun eta naturaltasuna ez dugu ondo bideratuko Ondarroan filmatutako pelikula bat erabat batuan eginez gero.

Horregatik, herriko jendearen pertsonaiak egiten dituzten aktoreek bizkaierara jotako molde bat egiten dute, denok ulertzen duguna, eta besteek euskara batuago batean, pertsonaiak ahalbidetzen duelako.

Baina niri gustatuko litzaidakeena izango litzateke telesaila ikusten ari den jendeak euskararen istorio hau ahaztea.

Zer aurrera diezaiokegu lehenengo atala ikusi eta gero gosez gelditu den ikusleari?

Ezer ez dela ematen duena ikusiko dute; “ezer ez da desagertzen”, leloak esaten duen bezala. Lehen kapituluarekin gozatu zuenari ikusten jarraitzeko esango nioke, pertsonaiek badutelako garapen bat eta lau kapitulutan, 200 minutuan, istorio oso bat kontatzen delako. Hau ez da “Tronu jokoa”, eta ez da maparik beharko istorioa jarraitzeko.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena