13:31

kultura

KIRMEN URIBE

Uriberen unibertsoa, 11 ikertzaileren begietatik

EITB.EUS

Liburuaren babesle eta sustatzaile, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetza eta Laboa Katedra dira.

  • 'Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa' liburuaren aurkezpena

    'Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa' liburuaren aurkezpena. Irudia: Euskalduna Jauregia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa' liburua aurkeztu dute gaur, Bilbon, idazle ondarrutarraren lanaren inguruan hamaika ikerlarik eginiko azterketak batzen dituena lana.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua, Pio Perez Mikel Laboa Katedrako kidea, Mari Jose Olaziregi Alustiza eta Amaia Elizalde Estenaga editoreak eta Kirmen Uribe idazlea izan dira, besteak beste, aurkezpen ekitaldian.

Argitaratzaileek azpimarratu dutenez, "liburu hau Uriberen jarraitzaile guztientzako irakurketarako gonbidapena da, eta, Kirmenen sehaskarekin gertatzen den bezala, kresal usaina du. Uribek berak, Ondarroako marinel eta arrantzaleek bezala, joan-etorriak maite ditu, eta bidaia etengabe presente du bere obran, liburuko lan batek aztertzen duen moduan. Etxetik urrundu, etxera itzultzeko. Kaleidoskopio bat bezala".

Liburuko 11 artikuluetan Uriberen unibertsoaren aurpegi anitzak aurkezten dira; horietako 7 euskal ikertzaileek egindakoak dira, eta 4 Espainiako eta Amerikako ikertzaileek egindakoak. Euskal egileak Hasier Arraiz, Leyre Arrieta, Estibalitz Ezkerra, Miren Ibarluzea, Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi dira, eta espainiarrak eta amerikarrak Jose Martinez Rubio (Jaume I Unibertsitatea), Maria Jesus Nafria (U. Complutense), Luis Martin Estudillo (Iowako Unibertsitatea) eta Sally Perret (Salisburyko Unibertsitatea).

Kirmen Uriberen hitzak ere agertzen dira liburuan, idazle ondarrutarrak idatzitako Desobedientzia gidaliburua izeneko artikuluarekin hasten baita liburua.

Kirmen desobedientziaren sortzailearen aldeko aldarria egiten du artikuluan, eta askatasuna goraipatzen du sorkuntzari bizia ematen dion elementu nagusi gisa. Forma berrien berritzaile eta esploratzailetzat du bere burua ondarrutarrak, eta euskal literaturak munduari egin diezaiokeen ekarpenean sinesten du. Uribek idatzitako sarrera honek hasiera ematen dio liburuari, eta Olaziregik eta Elizaldek sinatutako hitzaurre bat jarraitzen dio, non liburuaren edukiak laburbiltzen diren eta bere ekarpen nagusiak apuntatzen diren.

Hala, liburuan agertzen den lehen egileak, Hasier Arraizek, Uriberen hiru nobelen oinarrian dagoen helburuaz eta poetikaz hitz egiten du, Uriberen estetika posmodernistak erlatibismoari muzin egiteko duen gaitasun literarioaz. Leyre Arrieta historialariak, berriz, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren testuinguru historikoa azaltzen du, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen Eusko Jaurlaritzaren kultur politikaren azterketatik abiatuta.

Estibalitz Ezkerrak, Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitateko irakasleak, berriz, Bitartean heldu eskutik (2001) poema liburura garamatza, gorputza, afektua eta keinua nola lantzen diren aztertuz. Miren Ibalurzeak Kirmen Uriberen lanen itzulpenei buruz hitz egiten du soziologiaren ikuspuntutik; Jon Kortazarrek, berriz, Internetek Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren idazkeran duen eraginaz ohartarazten digu. Liburuko hiru artikuluk, Martinez Rubiok, Nafriak eta Olaziregik sinatutakoek, Uriberen lanak, eta bereziki haren nobelek, memoria historikoaren berreskurapena nola gauzatzen duten aipatzen dute, eta helburu etiko nabarmena duten narrazio-lanak direla nabarmentzen dute, euskal eta europar memoria kolektiboari ekarpen interesgarria eginez.

Iowako Unibertsitateko Luis Martin Estudillo irakasleak Uriberen obra osoan giltzarri den gaietako bat jorratzen du, desplazamenduaren gaia, joan-etorrien dimentsio etikoa eta historikoa nabarmenduz. Lourdes Otaegik, berriz, formatu txikiko lanetara eta haiekin sortutako multimedia ikuskizunetara eramaten gaitu. Amaitzeko, Sally Pertek Uriberen lanetan proiektatzen den munduaren ikuspegi bakezalearen gainean jartzen du, gizateriarengan fedea galdu ez duen ikuspuntu baikorra. Uriberen unibertso literarioaren bidez irakurketak eskaintzen dituen liburu erakargarria, eta laster gaztelaniara zein ingelesera itzuliko dena.

Liburua Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzak eta Mikel Laboa Katedrak babestu eta sustatu dute.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena