15:03

kultura

Epaiketa

Iruña-Veleiako "faltsifikazio" batzuk "guztiz baldarrak" dira, dio geologo batek

Agentziak | Erredakzioa

Adituak aztarnategiko ustezko faltsifikazioengatik egiten ari diren epaiketan deklaratu du; ustez 476 zeramika-piezatan egin zituzten grafito faltsuak, eta berak 39 aztertu ditu.

  • Epaiketaren une bat, aurreko saio batean.

    Epaiketaren une bat, aurreko saio batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko geologo batek Iruña-Veleiako erromatar aztarnategiko grafitoetan ustez egindako "faltsifikazio" batzuk "guztiz baldarrak" direla esan du, grafitoak faltsuak ote diren ebazteko egiten ari diren epaiketan.

Astelehen goizeko saioan, adituaren txostena izan dute hizpide. Bertan, aztarnategiko 39 zeramika-pieza aztertuta (ustez, 476tan egin zituzten grafito faltsuak) "zalantzarik gabe" ondorioztatu du 39 horietako 35ek "jatorri garaikidea" dutela.

Ikerketa egiteko, adituak mikroskopio elektroniko bat baliatu zuen, "ia 400 orduan". Erabilitako teknikak ez du inolako arrastorik uzten zeramikan, nabarmendu duenez.

Argi fluoreszente ultramoreaz aztertu zituzten piezak (lanetan berriro margotu duten edo zerbait erantsi duten egiaztatu ahal izateko). Esan duenez, bakarrik teknika horren bidez ikus zezakeen faltsuak zirela; izan ere, kasu batzuetan faltsifikazioa "guztiz baldarra" da.

Altzairu komuneko hondarrak

Geologoak lau ordu eman ditu deklaratzen (bionbo baten atzean egin du, irudia babesteko); esan duenez, grafitoen ildo askotan altzairu komuneko hondarrak aurkitu dituzte, eta bi piezatan altzairu herdoilgaitza ere.

Hondar metaliko "moderno" horiek, gainera, aldatu gabe daude. Bakarrik hizkietako eta marrazkietako ildoetan agertu dira, eta, horrez gain, hainbat mende lurpean eman osteko piezen "zarakarra" apurtu dute, adituak deskribatu duenez.

Grafito horiek egiteko ustez baliatutako tresnari dagokionez, adituak zehaztu du baliteke objektu metaliko eta puntazorrotza erabili izana, "tresna moderno" bat. Iltzea izan liteke, edo laborategiko edozein ezten, hau da, "eguneroko erabilerakoa den edozein tresna".

Letretako eta marrazkietako ildoekin lotutako metal-hondar horiek, halaber, ezin dezakete jatorria izan piezak garbitzeko erabilitako tresnetan.

Gehitu duenez, ustezko grafito faltsuetako ildoetan "betetze-lurra" topatu dute; lur horren helburua grafitoei "zaharrak izateko itxura" ematea omen zen.

Azaldu du, horrez gain, "anomaliak" antzeman dituztela zarakarrik gabeko piezetako apurketa batzuetan, bai eta trazu anomaloak ere: grafitoetako letra batzuk ez zeuden alfabeto erromatar arkaikoan, eta zeramiketako ildo batzuk ez dira kontaktuan egon aztarnategiko lurrarekin.

Adituaren esanetan, aukeratutako zeramiken sortak "oso ondo ordezkatzen ditu beste guztiak ere"; izan ere, ezinezkoa da guztiak aztertzea.

2006an, historikotzat jo zituzten grafitoak

Orain arte, aztarnategian lanean izandako hainbat arkeologok jarri dute zalantzan grafitoak benetakoak izatea. 2006an aurkeztu zituztenean, historikotzat jo zituzten: euskararen agerpena eta Kristautasunaren sarrera III. mendera aurreratu egiten zituzten.

Auzia ikertu zuten ertzainek ondorioztatu zutenez, aztarnategi horretan gertaturikoa "erromatar munduko material arkeologikoetan egindako manipulaziorik edo faltsutzerik handienetakoa izan da". Hala ere, kaligrafian lau adituk deklaratu dute bistan, eta horietako hiruk ezin izan dute ondorioztatu Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiak egin zituenik grafitoak. Gil da auziko auzipetu nagusia, eta Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du harentzat; berak, alabaina, berretsi du errugabea dela.

Gilekin batera, Ruben Cerdan ere dago auzipetuta; Ministerio Publikoak harentzako bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du. Gilen kolaboratzaile Oscar Escribano ere bazegoen auzipetuta, baina, epaiketaren hasieran, urtebeteko kartzela-zigorra onartu zuen; aitortu zuen inskripzio bat egin zuela pieza baten gainean, puntzoi batez baliatuta, "txantxa" egiteko.

 

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena