10:20

Musika

Estreina

Euskadiko Orkestrak Antonio Lauzirikaren "Chillida-Elogios" obra estreinatuko du

N. V. | EITB Media

Ostegun honetan, otsailak 15, hasiko duen kontzertu programan euskal eskultorea zenaren omenezko lana, Joseph Haydnen 'Zortzigarren Sinfonia' eta Rakhmaninoven 'Hirugarren Sinfonia' joko dituzte, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.  

  • Antonio Lauzirikaren ''Chillida-Elgios'' obra estreinatuko du orkestrak

    Antonio Lauzirikaren "Chillida-Elgios" obra estreinatuko du orkestrak

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskadiko Orkestrak kontzertu denboraldiko bosgarren programa hasiko du Donostian ostegun honetan, otsailaren 15ean, 'Lauzurika / Rakhmaninov' izenburupean. Kontzertu sorta horretan, Chillida-Elogios Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena dela-eta Antonio Lauzurikari (Gasteiz, 1964) enkargatutako lana estreinatuko du.

Robert Treviño zuzendari titularrak gidatuko ditu kontzertuak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: ostegun-ostiraletan, otsailak 15 eta 16, Donostiako Kursaal auditoriumean; otsailaren 19an, Gasteizko Principal antzokian; otsailaren 20an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; eta otsailaren 21ean, Euskaldunan. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Chillidaren lanak iradokitzen diona pentagrametara pasatzean, Antonio Lauzurikaren helburua izan da lau mugimenduko obran "oso desberdinak diruditen baina horren desberdinak ez diren bi munduren arteko elkarrizketa bat sortzea". "Espazioa, muga, masa, eskala, grabitatea, gainazala, dentsitatea, ehundura. Ideia horiek partitura honetan presente daude", esan du egileak.

Chillidarako gerturatzean gehiago sakontzeko, perkusionistek joko dituzten tresnetako batzuk burdinazko piezak izango dira, Legazpiko Chillida Lantokitik ekarritakoak. Bere garaian pieza horiekin berekin lan egin zuen eskultoreak.

Lauzurikaren obraren estreinaldiarekin batera, Robert Treviñok "zeharo desberdinak" diren bi obra zuzenduko ditu: Joseph Haydnen Zortzigarren Sinfonia da, egileak berak 'Gaua' ezizena jarri ziona, eta Sergei Rakhmaninoven Hirugarren Sinfonia, bere lanik klasiko eta baikorrenetakotzat jotzen dena.

'Lauzurika / Rakhmaninov' programako kontzertuetarako sarrerak salgai daude orkestraren webgunean eta auditorium eta aretoen webgune eta leihatiletan, 10 eta 38 euro bitartean.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena