10:42

Musika

Kontzertuak

2024a, musikaz blai

N. V. | EITB Media

IZARO gaur hasiko da, Bilbon, "cerodenero" diskoa aurkezten, sarrera guztiak salduta dituela, eta gauza bera egingo du asteazken-ostegunetan, Donostian. Atzetik, hamaika kontzertu handi etorriko dira gurean.

  • Depeche Modek martxoaren 21ean joko du BECen

    Depeche Modek martxoaren 21ean joko du BECen

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bitxia da: 2023a Altxerri aretoari behin betiko eta Dokari behin-behinean agur esanda itxi berri dugu, baina zuzeneko musikaren sektoreak formatu ertain eta handiko kontzertuen agenda bete-betea eskaintzen du Euskal Herrian 2024rako.

Hasteko, IZARO mallabiar musikariak aretoak beteta hasiko du, gaur Bilbon (Euskalduna) eta bihar eta etzi Donostian (Kursaal), "cerodenero" disko berria aurkezteko bira. Hilaren 27an Hazparnen izango da IZARO, otsailaren 3an Gasteizen, martxoaren 9an Azpeitian, martxoaren 10ean Iruñean eta apirilaren 6an Donibane Lohizunen.

Azken lanean molde elektronikoxeagoetara egin duen kantariaren disko eta bira berri horri kaixo esango diogun gisa berean, nolanahi den, hainbat talderi agur esatea ere tokatuko zaigu. Oholtza gainean agurtuko dira 2024 honetan, gutxienez tarte batez, Willis Drummond (urtarrilak 5, Intxaurrondo Kultur Etxea), Huntza (Azkena Balitz Bezala kontzertua, otsailaren 3an Bilbao Arenan), Liher (Gasteiz, Bilbo eta Donostia urtarril, otsail eta martxoan) eta Anestesia (Azken Heriotza bira, apirilaren 6tik ekainaren 8ra, Biarritz, Donostia, Atarrabia, Bilbo eta Gasteizen).

Jaialdien segida ez da apalduko hasi berri dugun urtean, eta Iruña Rock izango da horietan lehena, martxoaren 1ean eta 2an, Nafarroa Arenan, kartelean direla Soziedad Alkoholika, Los Chikos del Maíz, Zea Mays, Zoo, ETS eta Iseo & Dodosound, besteak beste.

Iruñeko jaialdiaren lekukoa ZEID Festek hartuko du (apirilak 13, BECen, Bulego, Zoo…), eta gero etorriko dira Music Legends (ekainak 14 eta 15, Bilbao Arenan, Deep Purple, Canned Heat…), Azkena Rock Fest (ekainak 20-22, Gasteizen, Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow, Jane's Addiction…), EHZ (ekainak 28-30, Arberatz) eta Bilbao BBK Live (uztailak 11-13, Kobetan, Arcade Fire, Jungle, Massive Attack…), baita Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak ere, horiek ere uztailean.

Esan bezala, gertu-gertuko kontzertuetan komeriak badira ere (oro ez da urre zuzeneko musikan, eta urri dira zenbaitetan jotzeko tokiak, publikoa eta, hortaz, musikarientzako baldintzak), formatu handiko kontzertuetan bata bestearen atzetik kateatzen dira sold out-ak. Horren erakusgarri, gurean izango dira 2024an Depeche Mode (BEC, martxoak 21), Los Tigres del Norte (Nafarroa Arena, apirilak 13) Estopa (BEC maiatzak 11 eta Nafarroa Arena irailak 28), Maná (BEC, ekainak 29), Rammstein (Reale Arena, ekainak 5), Judas Priest (Nafarroa Arena, ekainak 15) eta Luis Miguel (Nafarroa Arena, uztailak 3), eta Ura Bere Bidean kontzertu handia ere egingo da BECen, urriaren 25 eta 26an (sarrerak agortuta, bigarren data horretarako).

Musika, beraz, ozen entzungo da 2024an gurean, publikoaren gozagarri.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena