Musika
Donostiako 58. Jazzaldia
N. V. | EITB Media
Euskal musika eta dantza, brass bandak eta New Orleanseko jazza uztartzen dituen kalejirak giroa prestatuko du, ostiraletik aurrera hirian, besteak beste, Kenny Barron, Arima Soul, Norah Jones, Ben Harper eta Pat Metheny hartzeko.
Norah Jonesk larunbatean joko du Donostiako Jazzaldian. Argazki: Shervin Lainez.
Albisteak (4)
Jazz doinu-erritmoak darizkio Donostiari dagoeneko. Dena prest dago uztailaren 21etik 25era 16 agertokitan 90 kontzertu baino gehiago hartzeko: Trinitate Plaza, Keler Gunea (Zurriola hondartza), Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia, Skoda San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Fnac Gunea, Chillida Leku, Kutxa Fundazioa (Tabakalera), Club Aretoa, Nauticool, Garbera, San Martin Merkatua, Irun, Fnac Foruma eta Maria Cristina hotela.
Eta nork jarriko dute musika agertoki horietan, bada? Askotarikoa eta indartsua da Donostiako 58. Jazzaldiak ekarriko dituen artisten errenkada: Norah Jones, Ben Harper, Joss Stone, Pat Metheny, Village People, Abdullah Ibrahim, Kenny Barron, Enrico Rava, Bill Frisell, Tiken Jah Fakoly, Yosuke Yamashita, Fred Wesley & The New J.B.'s, Jerry Bergonzi, Eri Yamamoto, Bamba Wassoulou Groove, Michele Hendricks & Ronald Baker Project…
Norah Jones estatubatuarra (New York, 1979) Donostiara ekartzea, berbarako, aspaldiko gurari handi zuen Miguel Martin musika jaialdiaren zuzendariak, eta publikoak erantzun egin du. Bat-batean agortu ziren sarrerak (95 euroan) "Come away with me" jazza eta popa uztartzen dituen diskoarekin arrakasta itzela lortu zuen pianista, gitarrista eta kantariak larunbatean Kursaalen emango duen kontzerturako.
Beste kontzertu handi batzuk izango dira, hala nola Kenny Barron Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin batera (Kursaal) ostiralean, Ben Harper & The Innocent Criminals (Kursaal, sarrerak guztiak salduta) eta Abdullah Ibrahim Trio (Trinitate plaza) igandean, Pat Metheny (Kursaal, dena salduta) astelehenean eta Rocio Marquez eta Bronquio (Kursaal) asteartean.
Gainera, Keler Zurriolako hondartzako agertokiak hainbat kontzertu handi eskainiko ditu (Village People, Viva Suecia, ZETAK) eta beste euskal talde eta bakalari ere arituko dira Donostiako Jazzaldian: Elena Setien, Arima Soul, Xahu, Motelas, Arnaud Labastie Trio, Nakar, Mikel Legasa's Quintet, Kinkfolk, Ramada Inn…
"Euskorleans"
Hain zuzen ere, Euskorleans kalejirak jarriko du Jazzaldia abiatzeko bezperan, uztailaren 20an, datorrenari dagokion giroa. Kukai Dantzaren eta L.M. Moreno "Pirata" musikariaren arteko elkarlanetik sortutako proiektuak euskal musika eta dantza, brass bandak eta New Orleanseko Jazza uztartzen ditu, Fermin Muguruzak "Irun meets New Orleans" disko hartan egin zuen bezala.
Sagueseko zabalgunean 19:00etan hasita, jai giroa zabalduko du Kursaalera (aparkalekurako sarbide inguruan), Boulevardeko Kioskora eta Nautikora eginda. Geldialdi bakoitzean, 20-25 minutuko dantza piezak egongo dira.
Sariak
Donostiako Jazzaldiak Abdullah Ibrahim hegoafrikarra, Enrico Rava italiarra eta Yosuke Yamashita japoniarra sarituko ditu aurtengo edizioan, 58.ean, beraien ibilbidea goraipatzeko.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa