16:42

Musika

Jaialdiak

Jazza hemen da jada

N. V. | EITB Media

Gasteizko eta Getxoko jazz jaialdiek aurtengo edizioak aurkeztu dituzte gaur. Karteletan nagusi, Brad Mehldau, Silvia Pérez Cruz, Maria Schneider, Al Di Meola eta Dave Holland.

  • Maria Schneider eta Oslo Jazz Ensamble (uztailak 5, Getxon). Argazkia: Svein Erik Fylkesnes

    Maria Schneider eta Oslo Jazz Ensamble (uztailak 5, Getxon). Argazkia: Svein Erik Fylkesnes

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uda jazzaren sinonimoa da Euskal Herrian, besteak beste Gasteizko eta Getxoko jazz jaialdiei zor zaienez, eta bi festibalek beren aurtengo edizioak aurkeztu dituzte gaur; Arabako hiriburukoa uztailaren 1etik 8ra egingo dute, eta Bizkaiko udalerrikoa, ekainaren 28tik uztailaren 2ra.

Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioak 50 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, eta "musikari gazte berriek" protagonismo handia izango dute berorietan, antolatzaileen esanetan; aurresalmenta datuak ere oso onak omen dira. "Aurreko urteetan baino sarrera gehiago saldu ditugu, eta bi aste falta dira oraindik jaialdirako", esan dute.

Programazioaren zati nagusia uztailaren 3tik 8ra garatuko da Principal antzokian eta Mendizorrotza kiroldegian, baina doako emanaldiak ere izango dira Gasteizko eta Arabako beste hainbat tokitan, hilaren 1etik aurrera.

Mendizorrotzan, programazioa uztailaren 5ean abiatuko da, eta agertoki horretan ikusi ahalko dira Maria Schneider eta Oslo Jazz Ensamble (uztailak 5), Brad Mehldau Trío (uztailak 6), The Bad Plus (uztailak 7) eta Silvia Pérez Cruz (uztailak 8).

HerriJazz Ibiltaria

Gasteizko jazzaldia izango da, hain zuzen ere, HerriJazz Ibiltaria ekimenaren lehen geltokia. Jazz talde berriei bultzada ematea eta berorien lana Euskal Herriko hainbat herritan zabaltzea du helburu.

Jazza Parkean programaren barruan, aurreikusitako bost kontzertuetako lehena egingo da: uztailaren 1eko 18:00etan, Eira & Band boskotea Musikeneko ikasleekin arituko da, Eider Elorzak zuzenduta.

Getxo

Aurretik, Getxokoak abiatuko du jazz jaialdien denboraldia, ekainaren 28tik uztailaren 2ra egingo baitute. Muxikebarriko ordainpeko kontzertuetan izango dira Jazzmeia Horn (ekainak 28), Kurt Elling (ekainak 29), Marc Ribot (ekainak 30), Al Di Meola (uztailak 1) eta Dave Holland (uztailak 2).

Horrez gain, taldeen lehiaketako irabazleek ere joko dute, eta doako kontzertuak ere izango dira Algortako kaleetan.

Donostiako Jazzaldia, berriz, uztailaren 21etik 25era egingo dute.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena