Musika
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Gasteizera bueltan da Azkena Rock Festival jaialdia, koronabirusa tarteko, bi urteko isilaldiaren ondoren. Antolatzaileak irrikan daude 18:00etan ateak irekitzeko.
Publikoa, 2019ko Azkena Rock Festival jaialdian. Argazkia: Last Tour.
Albisteak (4)
Norbaitek, kartela ezagutu gabe, jaialdi bakar bat aukeratu beharko balu bertara joateko, nire aholkua Azkena Rock Festival (ARF) izango litzateke. Ez zenuke jakingo nork joko duen, baina argi dago denetariko rockaren ordezkari eztabaidaezinak, publiko jantzia eta giro ederra aurkituko zenituzkeela Mendizabalako esparruan.
Aurten, 2020an bertan behera utzi eta 2021ean Iradier Arenan Azkena Rock Special Edition jaialdi xume eta txikiagoa egin eta gero, distortsioa, erritmo biziak eta belaunaldi ezberdinen ereserkiak entzungo dira Mendizabalan ostera ere, azkenatarren lasaigarri.
Hiru egun eskainiko dizkie Arabako hiriburuak rockzaleei, eta entzungai izango dituzte, besteak beste, The Offspringen eta Social Distortionen punk rocka, Emmylou Harrisen eta Morgan Waderen countrya, The Toy Dollsen, Vulken eta Surfborten punka, Fu Manchuren stonerra, Soziedad Alkoholikaren eta Life of Agonyren metal oihartzunak, Delirium Tremensen pop rocka, Jerry Cantrellen rocka, Patti Smithen protopunk berdingabea, The Afghan Whigsen eta Drive by Truckersen amerikar rocka eta Aida Victoriaren zein Morganen erritmo dotoreak.
Eva Castillo Last Tour enpresa antolatzaileko komunikazio zuzendariarekin eta Yahvé M. de la Cavada Azkena Rock Festivaleko Bookingaren arduradunarekin hitz egin dugu.
Bi urtez jaialdia egin ezinik egon eta gero, hemen da berriz Azkena Rock Festival. Zein gorputzaldirekin egingo diozue aurre edizio honi?
Eva Castillo: Ilusio handiz. Berriz ere bilduko dugu bi urteko etenaldian ere babestu gaituen azkenatar familia osoa: agertokiaren aurrean egoten direnak atzean lanean ari garenokin.
Zer izan da gogorrena bi urte hauetan?
Eva Castillo: Oso gogorra izan da bi urtez diru sarrerarik ez edukitzea eta dirulaguntzak eta kredituak eskatu behar izatea egoerari eusteko eta lantaldea atxikitzeko.
Maila pertsonalean, asko igarri da zuzeneko kontzertuen falta, eta jaialdia urtero antolatzen dugunoi horiek ematen diguten energia. Orain, badirudi kontua argiago dagoela, baina hilabete asko izan dira duda-mudatan.
Koronabirusaren krisiak aldatu al ditu kontratazioak, horien epeak edo kontratatzeko estrategia?
Eva Castillo: Ez da asko aldatu. Inoiz baino eskaintza handiagoa dago orain, eta hori katxeetan igartzen ari da. Eskaintzaren eta eskariaren legea da.
Baina guk ez dugu lan egiteko modua aldatu.
Horren ildotik, igarri duzue jendea zuhurrago ari dela, eta, esaterako, sarrera aldez aurretik erosteko beldur dela? Zer aurreikuspen dituzue aurten publiko kopuruaren aldetik?
Eva Castillo: Bai, salmentaren erritmoa beste edizio batzuetan baino mantsoagoa izan da, baina, oraintxe bertan, badakigu 2019ko edizioaren ikusle kopurua gaindituko dugula.
Aurreikuspenen arabera, nazioarteko publiko gutxiago egongo da mugikortasuna ez baita oraindik lehengora etorri, baina bertoko eta Estatu osoko publiko gehiago izango dugu.
Jaialdiaren asteburuan zehar, noiz lasaituko zarete eta esango diozue zeuen buruari "tira, listo, itzuli da Azkena"?
Eva Castillo: Jaialdiaren giroa goizean goizetik igartzen da hiriko kaleetan, Mendizabala inguruan eta akreditazioak hartzeko leihatiletan.
Baina ile guztiak laztuko zaizkigun unea, "orain bai, itzuli egin gara" esateko momentua, lehen azkenatarrek jaialdiaren ateak zeharkatu dituztela ikusi eta lehenengo taldea entzuten hasten garenean izango da.
ARF. Argazkia: Oscar L Tejeda.
Nola bizi izango duzu jaialdia zure jardunetik?
Eva Castillo: Aurten oso berezia izango da bi urteren ondoren bueltan gaudelako eta 20. urteurrena delako.
Familia handi bat osatzen dugu agertokiaren atzekook, eta guztiok gaude jaialdia iristeko eta publikoarentzat eta artistentzat lan egiteko irrikan. Azkenatar askok sarrera gorde dute 2020tik, eta ordutik zain daude.
Lagun asko eta askorekin batuko garelakoan gaude, honetan zergatik ari garen gogoratu eta ospatzeko.
Aurten hogei urte beteko dira lehen edizioa egin zenetik. Zer alde eta zer antzekotasun dituzte egungo eta orduko ARFek?
Eva Castillo: Espiritua ez da aldatu. Urtero-urtero bere estilotik onena ekartzen duen rock jaialdia jarraitzen du izaten.
Egunero ateak irekitzen direnetik egoten den giroa ere ez da aldatu, jaialdira bertaratzen direnek sortzen dutena: publiko jakintsua, errespetu handikoa eta agertokian gertatzen denari adi begiratzen diona. Jaialdi honetan, telefono gutxi eta beso jaso asko ikusten dira zuzenekoez gozatzen.
Azken urteetan, aldaketa baino gehiago, garapena izan du jaialdiak. Hainbat gauza gehitzen joan gara, hala nola Trashville gunea eta Andre Maria Zuriaren plazan egunez antolatzen ditugun doako kontzertuak.
Azkena Rock Festivalen pentsatzen duzunean, jaialdiaren historiako zer kontzertu mitiko etortzen zaizkizu burura?
Yahvé M. de la Cavada: Zerrenda amaigabea da, baina gogoangarrienetako batzuk dira, dudarik gabe, Queens Of The Stone Agerena 2005ean, Pearl Jamena 2006an, The Soundtrack Of Our Livesena 2009an, Chris Isaakena 2010ean, The Whorena 2016an, Joan Jettena 2018an eta The Cultena 2019an.
Gutxi batzuk dira horiek, baina gehiago daude, askoz gehiago.
ARFren kartelean Soziedad Alkoholika eta Emmylou Harris daude, The Offspring eta Adia Victoria. Zein da Azkenan jotzen duten taldeen ezaugarri komuna? Zein baldintza bete behar dituzte kartelean dauden taldeek?
Yahvé M. de la Cavada: Maila artistiko eta historikoan nabarmenak izatea; batzuek duela hainbat hamarkada egin zuten historia, eta beste batzuek laster egingo dute.
Ezin diogu utzi atzera begiratzeari, klasikoei. Baina aurrera ere begiratu dugu, egungo rock talde onenei; izan ere, XXI. mendeko eszena eraikitzen ari dira, euren gitarraren eta jarreraren bidez.
Aurten joango direnei karteleko zer harribitxi ez galtzeko gomendatuko zenieke?
Yahvé M. de la Cavada: Adia Victoria da, dudarik gabe, aurtengo edizioko altxorretako bat. Horrez gain, Morgan Waderen country garaikidea, Dirty Honeyren losangelestar rocka, Hiss Golde Messengerren folk-rock zaindua eta Ryley Walker artista ezin pertsonalagoa, aparta.
Zer nahiko zenuke jaialdira bertaratu den batek buruan ibiltzea igandean, ekainaren 19an?
Eva Castillo: "Merezi izan du etortzea, merezi ere. Datorren urtean, berriz".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa