Musika
Kontzertua San Mamesen
T. S. J. | EITB MEDIA
46.000 ikusle baino gehiago dantzan jarri ditu bart Fito & Fitipaldis taldeak. Luxuzko artista gonbidatuak, Plateroko klasikoak… Kontzertu ahaztezinaren kontaketa egin dugu. EITB Nahieran plataforman dagoeneko ikusgai dago emanaldia, osorik.
Albisteak (1)
"Euria baino ez zitzaigun falta Bilbo izateko. Euria maite dut!", hitz baikor horiekin abiatu zuen bart Fito Cabralesek Bilboko San Mames estadioan eskainitako kontzertu erraldoia, "Cada Vez Cadaver Tour" izeneko biraren barruan.
Bi ordu eta erdi inguruko emanaldia izan zen atzokoa, eta bertan bildutako 46.000 zale baino gehiago rock musikaz eta nostalgiaz asetu zituen Fito & Fitipaldis taldeak. San Mamesen jaun eta jabe.
Fitoren aurretik, gaua girotzeaz arduratu ziren Gatibu gernikarrak eta Morgan taldea. 22:00etan inguru, oholtzara igo zen abeslari bilbotarra eta, bere taldea lagun, lehenengo abestiari ekin zion, "A quemarropa".
Kontzertua
Baina Fito ez zen bere bakardadean egon, han goian. Izan ere, luxuzko gonbidatuak izan zituen aldamenean, publikoaren gozamenerako. Dani Martin El Canto del Loco taldeko lider ohia izan zen aurrenekoa, "Cielo hermetico" abestiarekin. Morgan taldeko abeslaria igo zen jarraian, eta "Quiero gritar" abestera. Iñaki Uoho musikariarekin Plateroko kanta klasiko bi antzeztu zituzten: "Un poco de rock'n'roll" eta "El roce de tu cuerpo". Azken bi artista gonbidatu Leiva eta Carlos Tarque (MClan) izan ziren.
Kontzertuaren amaiera oso hunkigarria izan zen, "Soldadito marinero" kanta famatuarekin San Mames estadioa astindu baitzuten, behin eta berriro abestuta, kanta luzatu nahian. Jarraian, emanaldiaren azken abestiak etorri eta San Mameseko argiak itzaltzen hasi ziren.
Bart bizi izandakoak Fitoren bihotza dardarazi du, biharamunean abeslari bilbotarrak berak Twitterreko sare sozialean adierazi duen bezala:
GRACIAS!! ESKERRIK ASKO!! pic.twitter.com/CrgzYgUjd5
— Fito&Fitipaldis (@FitipaldisRock) June 11, 2022
Fito & Fitipaldiseko ikuskizuna ETB2n, Radio Euskadin, eitb.eus-en eta RTVEn emititu zen zuzenean. Euskal Telebistako bigarren kanalaren emisioak, Aitor Albizua kazetariak aurkeztuta, audientziaren % 19,7 eskuratu zuen:
Qué felices nos habéis hecho @FitipaldisRock Un honor haber formado parte de esta noche mágica gracias a @euskaltelebista ¿
— Aitor Albizua (@aitoralbizua) June 12, 2022
-11 de junio del 2022-#FitoEnSanMamés pic.twitter.com/HoOL7XTp6R
Guztira, EITBk ekoiztutako kontzertuak 728.000 ikus-entzuleko audientzia izan zuen, bataz beste, Estatu osoan. Euskadin 171.000 laguneko audientzia izan zuen. Ekainaren 27ra bitartean ikusgai izango da emanaldia, osorik, EITB Nahieran plataforman.
Fito eta bere musika gogotsu hartu zituzten zaleek larunbat honetako lehenengo orduetatik, izan ere, dozenaka lagun San Mameseko ateen aurrean bildu ziren, ilara eginda, ateak irekitzerakoan, lehenengoak izateko:
Kontzertua iragarri zenetik, urduritasuna, harrotasuna eta poztasuna erakutsi zituen Bilboko musikariak, eta haren etorkizunaz eta oro har musikaz mintzatu zen Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariarekin, "12 Minutos" saioan eskainitako elkarrizketan:
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa