11:09

Musika

'Berri Txarrak Lagunartean'

Jaio.Berri Txarrak.Hil.Berri Txarrak…

Natxo Velez | eitb.eus

Bilbon emandako kontzertu historikoan talde nafarrak erakutsi du bere emaria ez dela taldearen etenaldiarekin bukatuko. Lekunberritarrek ereindako haziak beraiek joan ondoren ere loratuko dira.

  • Berri Txarrak, Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez, Kobetan

    Kontzertu gogoangarria eskaini zuen hirukoteak Bilbon. Argazkia: Tom Hagen.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Historiko berba, askatasuna, justizia, demokrazia eta beste hamaika bezala, higatuta dago, piltzartuta, erabiliaren erabiliaz, baina bart Berri Txarrak taldearen eskutik Kobetako kontzertu esparruan 20.000 lagunek hiru orduz, 37 kantuan zehar, bizitakoa historikoa izan zen, eta ez soilik, maila kuantitatiboan, euskal rockak bere buruari inoiz egindako omenaldirik jendetsuena izan zelako, baizik eta mugarria ezarri zuelako.

Atzokoan, Berri Txarrakek eta hirukotea agertokian inguratu zuten hogeitaka lagunek musikaren boterea berretsi zuten, eta irudikatu zuten, ukitu ezin diren gauzak erabat zokoratuta dauden garaian, musikak ahalmena duela jendea mugiarazteko, inertziak aldatzeko, lozorrora emandakoak iratzartzeko, aurrera begirarazteko, leihoak zabaltzeko eta bideak zirrimarratzeko. Ez da gutxi; aitzitik, dena da hori.

Batzuetan, hamabigarrenez entzun nahi izaten dugu hamaika aldiz entzundako kantu edo mezu hori: zilegi da eta beharrezkoa zaigu batzuetan. Baina segurtasunak emateko ez ezik, musikak, sormenak, beste gauza batzuk bizitzera eta bestela bizitzera bultzatzeko ere balio du, eta jarrera horren aldezkaria izan da beti Berri Txarrak, atzokoan ere. Lanaren eta ausardiaren oihartzun hori, askotan horren beharrezko diren erreferenteen itzala, ez da desagertuko taldearen beraren amaieraz haraindi, azaroa joandakoan. Akordez, oihuz eta xuxurlaz urratutako bideak zabalik izango dira, ibili nahi dituenarentzat.

Kobeta, eraldatuta

Oro zen ezberdin atzokoan Kobetan, ilarak izan ezik; horiek errepikatu egin ziren. Baina euskal sortzaileak zeharka pasatu dira orain arte Bilboko mendi horretatik: jaialdi handietan egon dira, besteren festa handira gonbidatua izan denaren sindromearekin, agertoki txikietan beren gudu txikiak irabazten, baina beti erdigunetik oso urrun, mahaipeko apurrak biltzera kondenatuta.

Bart, baina, irauli egin da egoera. Berri Txarrak izan da ardatza, anfitrioia, eta euskal kulturak mikrokosmos bat marraztu du atzokoan Bilbon zegoen zeru garbiaren pean. Erdigunea hartu du, igandearekin, musikazaleen, rockzaleen, distortsioaren maitaleen, euskaldunen edo, oro har, zerbaiten parte direnen harrotasun ohikoan latenteak, estaliak.

Kontzertu gogoangarria

Hiru egunez Bilbao BBK Live jaialdiaren kariaz Thom Yorke, Vetusta Morla, Liam Gallagher, Rosalia eta Weezerren mailako teloneroek giroa berotu eta gero, dena zuten alde berritarrek iluntzeko bederatzietan kontzertua abiatzeko.

Iragarritako ordua baino hamahiru minutu geroago, Broken Brothers Brass Band haize tresnen iruindar taldeak ireki zuen emanaldia, Berri Txarraken hainbat kantu bere estilora eramanda. Hamar minutu geroago taularatu ziren gaueko hiru protagonistak, David, Galder eta Gorka, eta tregoarik gabe eskaini zituzten gaueko lehen kantuen errepokerra: “Beude” (Kobetako salbuespenean, urtean zehar eszenaren gordeleku diren aretoez gogoratu ziren), “Gelaneuria”, “Jaio.Musika.Hil”, “Izena, izana, ezina” eta “Spoiler”. Kartak mahai gainean: soinu zaindua, gogoa eta apaingarririk ez.

Jarraian, gaueko lehen gonbidatuak agertu ziren oholtzara: Jurgi Ekiza (Willis Drummond, Erabatera) “Ez dut nahi” kantatzeko eta Aritz (Deabruak Teilatuetan) “Iraultza txikien asanblada” jotzeko.

“Zertarako amestu?” kantuaren arpegio eta burrundadek eta “Libre ©” kantuak bridagabetu zuten gero emanaldia (ezinbestean, kolaboratzaileen joan-etorriek mantsotu egiten zuen hirukoteak bakarrik jotzen zuenean kantuak elkarri josiz biziagotzen zuten erritmoa), eta Aiora Renteriak (Zea Mays) bi kantutarako hartu zuen hitza: “Aspaldian utzitako zelda” (oso maila altura eraman zuen kantua haren ahots sakonak) eta “Bisai berriak”.

Publikoak, gau osoan zehar bezala, Altsasuko gazteak gogora ekartzen zituen bitartean, agertokian doiketa batzuk egin zituzten, Marti Perarnau teklista eta Ricky Falkner multinstrumentista (bart gitarrarekin aritu da) hartzeko. Horien eskutik, gaueko unerik bareenak etorri ziren Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitzeko bigarren diskoa, Ricky Falknerrek berak ekoitzi zuena, aletu baitzuten (“Aditu bihurtuak”, “Helduleku guztiak”, “Lemak aingurak” David Ruiz La M.O.D.A.ko abeslariarekin batera,"Poligrafo bakarra" eta “26 segundotan”) dotorezia eta maisutasun handiz.

Kontzertuak beste abiadura bat hartu zuen gero, gonbidatuen errenkadak aurrera zirauen bitartean: Matxet (Jousilouli) agertokia janez “Zirkua”n, Facu Diaz umoregile eta aurkezlea baterian oso trebe eta Toni el Sucio (Los Chikos del Maíz) ahotsetan “Betiko leloaren betiko leloa”n, Iseo rap sumindua eta melodia tartekatzen “Biziraun”en eta Matt Sharp (Weezerreko baxu-jotzaile ohia) The Rentals bere bakarkako proiektuaren “Friens of P.” eta Lekunberriko taldearekin batera grabatu zuen “FAQ” kantuan.

Anarik eta Karlos Osinagak (Lisabo) “Oreka” kantuaren oso bertsio dotorea eskaini zuten, gitarra bana aldean zutela, hitzak goitik behera kantatzen aritu zen publikoaren gozagarri.

"Bueltatzen” eta “Zuri” jo eta gero, Gorkak “euskal rockean mugarri” den kantu bat iragarri zuen, eta “David eta Goliath” Su Ta Garren kantua jotzeari ekin zioten, punteoaren unean Aitor Gorosabel (“maisua” deitu zion Gorkak) agertu zela, gitarra aldean, jendearen aldartea oso gora ekartzeko. Gorosabelekin batera, “Oihu” jo zuten laukote formatuan, eta Kobeta goritu beharrean utzi zuten.

Beste bi bitxi gelditzen ziren oraindik, baina: Nerea Urbizu (Ene kantak, Katamalo) arrebarekin batera, “Min hau” formatu akustikoan jo zuen Gorkak, eta Drogasekin, “kantuak memoria gordailu txikiak” direla erakutsi duen artista handiarekin, Gorkak aurkeztu zuenez, “Maravillas”en bertsio akustiko zirraragarria egin zuten. Emozioa gainezka.

“Denak ez du balio”k eta “Katedral bat”ek itxi zuten gau gogoangarria, betiko gogoratzeko eta, hortik abiatuta, betiko sortzeko pizgarria, entzule aktibo izateko gonbita (horiek behar ditu euskarak, Gorkaren hitzetan).

Calamarok, talde baten amaiera baino gai garrantzitsuagoei buruz seguru asko, kantatzen duenez, “bukatzen den guztia txarto bukatzen da, apurka, baina bukatu ezean, gehiago kutsatzen da eta hautsak estaltzen du”.

Berri Txarraken amaiera gero eta gertuago dago, eta, paradoxikoki, taldearen unerik onenean iritsiko da. Hautsa iritsiko da, bai, eta koherentziak, pasioak eta ausardiak gidatutako ibilbide baten gainean pausatuko da, baina ez du estaliko abestien eta oroitzapenen altxor hilezkor bat, zeina berritu egingo baita lekunberritarren akorde bat entzuten den eta melodia ahaztezinetan ezkutatutako mezuak errepikatzen diren bakoitzean.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena