Literatura
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Elgoibartar idazleak "Arrakasta" saiakera kaleratu du, arrakastaren kontzeptuari eta horrekin lotutako hainbat hari muturri buruzko gogoeten bilduma.
Jasone Osoro idazlea, "Arrakasta" saiakeraren egilea
"Zer da arrakasta?". Galdera horretatik tiraka, Jasone Osoro Igartua idazleak (Elgoibar, 1971) Arrakasta saiakera (Elkar, 2023) idatzi du, eta hiru iturburutara jo du nagusienik lantegi hori burutzeko: idazle ibilbide oparoan metatutako esperientziak, denetariko adituek (Friedrich Hegel, Uxue Alberdi, Epikuro, Christina Rosenvinge, Xabi Payá, Simone Biles, Clara Peeters, Zygmun Bauman, Leire Bilbao, Walt Diseny, Dora Salazar…) han-hor-hemen gaiari buruz esandakoak eta arrakastaren harian balantzan ibili diren eta ibiltzen diren hamaika pertsonaren buruz buruko lekukotasunak.
Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa; Eneko Atxa sukaldaria; Izaro Andres musikaria; Harkaitz Cano idazlea; Eva Domingo eta Maider Egues kazetariak; Jon Garaño zinemagilea; Aizpea Goenaga aktore, zuzendari, idazle eta kultur kudeatzailea; Markel Irizar ziklista ohia; Itziar Ituño aktorea; eta Gorka Urbizu musikaria elkarrizketatu ditu Osorok, arrakastaz hausnartzeko eta, hortik abiatuta, aliantzez, kritikez, sabaiez, sormenaz eta porrotaz hitz egiteko, besteak beste.
Gu ariketa bertsua egiten saiatu gara, gure neurrian, Jasoneren prestasuna baliatuta.
Geure Gelatik liburu azokaren saria jaso berri duzu, Azkoitian, zure ibilbide osoagatik, eta Mariasun Landak eman dizu oroigarria, gainera. Zorionak! Hori ere bada arrakasta, ezta?
Egindako lanarengatik aitortza jasotzea eta, gainera, Mariasun Landaren eskutik izatea une arrakastatsua da, noski. Han ziren, gainera, nik maite ditudan eta maite nauten pertsona asko, eta hori guztia da arrakasta niretzat.
Nik behintzat hala bizi izan nuen, emozioz, urduri eta pozarren.
Zer da arrakasta eta nork identifika eta epai dezake?
Kanpoko arrakasta, bestearen begiradak halakotzat hartzen duena, lorpen konkretuei lotutakoa izan ohi da. Esaterako, asko saldu den liburu edo disko bat, diru asko irabaztea, sare sozialetan milioika jarraitzaile izatea, Goya sariak edo Michelin izarrak jasotzea, Belodromoa betetzea… Horiek lortu izanak automatikoki bihurtzen du norbait arrakastatsu besteen begietara.
Barruko arrakasta ongizatearekin lotuta dago, lorpen pertsonalagoekin, maitasunarekin, zure buruarekin eta bizitzarekin gustura egotearekin. Eta hori norbere begiradak ematen du, ez kanpokoak.
Nik oso argi daukat kanpoko arrakasta lortzeak ez zaituela ezinbestean zoriontsu egingo. Barrukoak, aldiz, bai.
Prestigioa eta popularitatea (arrakasta eta fama, Izaroren hitzetan) dira arrakasta hitzaren erpin bi. Zertan ezberdintzen dira, zure ustez?
Niretzat, lana ezinbestekoa da arrakasta lortzeko. Arrakasta izan daiteke helburua edo, Eneko Atxak dioen bezala, astoaren azenarioa. Beste batzuetan, izan daiteke ondorioa, Gorka Urbizuk ulertzen duen bezala. Bietan, baina, amets bat dago, bokazio bat, nahi bat eta, noski, hori lortzeko lana, ahalegina.
Fama edo popularitatea lor daitezke lanik apenas egin gabe, zorte hutsagatik, une puntual batean eman diren zenbait faktoreren ondorioz.
Izarok prestigioaz ere hitz egiten du: egindako lanari ematen zaion balioa litzateke, izen ona, kalitatea. Bide horretatik, norbaitek izan dezake fama eta popularitatea baina prestigiorik ez. Eta alderantziz: izan dezakezu prestigioa, popularra edo ezaguna izan gabe.
Autoezagutza, aliantzak eta borondatea arrakastaren hiru zutabe dira, liburuan esaten denez. Zer ezaugarri biltzen ditu hiru kontzeptuotako bakoitzak?
Autoezagutza ezinbestekoa da. Zein da nire ametsa? Zein dira nire indargune eta ahulguneak? Zerk egiten dit min? Non sentitzen naiz indartsu? Nolakoak garen ohartu eta onartu behar dugu lehenik eta behin, nora joan nahi dugun jakiteko.
Aliantzak datoz bigarrenik; hau da, zein dira nire erreferente eta ereduak? Zer jaso dut etxean? Eskolan, irakasleek zer esan didate? Zein dira inguruan ditudan pertsonak, lagunak… Nor daukat ondoan, porrot egiten dudanean eskua emateko? Eta sari bat jasotzen dudanean zoriontzeko? Pertsonak izaki sozialak gara, eta, noski, maite gaituztela sentitu behar dugu. Horrek ere elikatzen du gure autoezagutza eta gure autoestimua. Aliantzek indarra ematen dute.
Eta, azkenik, borondatea. Badakit nolakoa naizen, zein diren bidean aurkituko ditudan aliantzak eta arerioak. Zer egingo dut horrekin?
Azken puntu hau oso lotua dago izaerarekin. Zer nahi dugun jakitea bezain inportantea da hori martxan jartzeko anbizioa izatea, lan egiteko gaitasuna izatea, ez etsitzea, bide berriak arakatzea. Ez du ezertarako balio talentua eta bokazioa izateak, ez baduzu lanerako eta sakrifiziorako grinarik.
Nola kudeatzen du sortzaileak bere ahaleginaren eta horren ordainean jasotzen duen sariaren arteko harreman ez orekatua eta askotan bidegabea?
Gorka Urbizuk dio segurua den pertsona ez dela sortzailea. Hau da, sortzaileak ia etengabe ari dira sentitzen iruzurgilearen sindromea. Beraz, Canok dioen bezala, edo samurai bat zara eta ez duzu ezer espero inoiz, edo aitortzaren bat jasoz gero ez duzu erabat sinisten bizitzen ari zaren une arrakastatsua egiazkoa denik edo merezi duzunik. Gainera, badakizu horrek esan nahi duen gauza bakarra dela lanean jarraitu behar duzula.
Edonola, oreka mantentzen laguntzen du, besteak beste, tarteka ideia bat izateak ematen duen indarrak. Fogonazoa deitzen dio Aizpeak; Atxak dio ideia bat duenean puto amoa sentitzen dela; Garañok ere aitortzen du une hori oso-oso berezia dela, gero, ideia martxan jartzen duzunean errepikatzen ez den emozio moduko bat. Horrek engantxatu egiten du, ideiak, ideia hori garatu nahiak, nahiz eta jakin bidean aurkituko duzuna seguruenik ez dela izango zuk espero zenuen hori.
Gure kultura sistema eta merkatua mugatuak dira, distrofikoak zenbait ataletan ("euskal eta mainstream batzea oximorona da", dio Gorka Urbizuk liburuan). Zer ondorio dauka horrek arrakasta ulertzeko euskal ikuspegian?
Canok dioen bezala, izan zaitezke norbait gutxi-asko estimatua Euskal Herrian eta, aldi berean, Don inorrez bat hemendik kanpo. Noski, kultura eta merkatu mugatua izatea bera, sabaia den bezala, tranpolina ere izan daiteke. Eta norbaitek esan dezake "a, euskaraz idazten duzulako dituzu irakurleak" eta, era berean, "euskaraz ez den beste hizkuntza batean idatzi edo abestuko bazenu, zure merkatua zabalagoa litzateke".
Kontraesanez betetako herria gara eta, gainera, arrakasta lortu duen norbaiti bere lekua eman beharrean, susmagarritzat hartzen da maiz, benetan mereziko ez balu bezala, bera baino askoz hobeto egiten dutenak badirelako eta haiek bidegabeki tratatu direlako.
Arrakasta hitza "ez da politikoki zuzena", Eneko Atxak liburuan esaten duenez. Zertan da problematikoa, zure ustez, arrakasta?
Irudipena daukat arazoa dela proiektu baten arrakasta kanpoko begiradak aitortzen duen bezala, kanpoko begirada horrek subjektua epaitu egiten duela. Hara, duela gutxi irakurle bat liburuan agertzen diren pertsona batzuen inguruan hasi zitzaidan bataz hau eta besteaz hura, gaizki esaka, onartuz aurreiritziak zirela. Noski, nitaz ere auskalo zer esango duen.
Problema da merkatuak, erabiltzaileak, jartzen duela arrakastatsu etiketa eta gero horrek madarikatzen duela pertsona, pertsona hori izan idazlea, abeslaria, aktorea, sukaldaria, kazetaria, kirolaria… Eta horrek min egiten duenez, "arrakasta lortu dut" aho txikiarekin onartzen da beti, aliatuen artean, ze, bestela, harrotzat agertzeko arriskua dago eta kanpokoak harro egotea eta harrokeria nahasten ditu; inork ez ditu pertsona harroak maite.
Ni egon naiteke zutaz harro, zuk egindako lanaz (dio erabiltzaileak, merkatuak), baina zuk ez azaldu gehiegi egin duzun lanaz harro zaudela.
Edonola, uste dut zerbait orokorra dela, ez euskal herritarron ezaugarria.
Zein da arrakastaren ifrentzua? Zer harreman dituzue sortzaileek porrotarekin?
Sorkuntzan ari ez den beste edozeinek duen bezalako harremana dela esango nuke, eta bakoitzak bere izaeran darama hori kudeatzeko gaitasuna. Porrotak balio dezake paralizatzeko, pentsatzeko ez duzula inoiz lortuko; edo balio dezake ohartzeko bide hori ez dela egokia edo gailur hori ez dela eskuragarria.
Canok dio inoiz ez duzula lortzen benetan nahi duzuna edo buruan duzuna, eta hori dela hurrengorako erregaia. Jon Garañok arrakasta asko izan ditu, baina proiektu bakoitzaren aurrean beti agertzen zaio porrotaren mamua. Horrek paralizatu egiten du? Ez. Bada, hori da jarrera, porrotaren aukera ere onartzea.
Arrakasta finitua da, definizioz. Zer bide ageri dira arrakastaren mugarriaren atzetik? Zer dago arrakastaz haratago?
Arrakasta polisemikoa da, esanahi asko dituelako; malgua, aldakorra delako; eta lorgarria, bakoitzak berea duelako. Eta horietako atal bakoitzak besteari eragiten dio etengabe. Hau da, nire ametsak aldatzen eta moldatzen joango dira nire gaitasunen, mugen, aliantzen eta anbizioen arabera.
Seguruenik, ez dut Nobel saria irabaziko, baina agian lortuko dut idaztetik bizitzea, edo behintzat liburu bat argitaratzea eta, bestela, nire ingurukoentzat ipuinak idaztea.
Zoriontasuna ez du gailur handiena lortzeak ematen. Bunburyk dioen bezala, 8.000 metrotara ez dago oxigenorik, eta ito egingo zara. Ez al da erosoagoa 3.000 metrotara igotzea? Edo itsasertzean pasieran ibiltzea konpainia noblean?
Baduzu beste literatura proiekturik esku artean?
Martxan dut enkargatu didaten haurrentzako ipuin bat, eta beste ideia bat buruan bueltaka, oraindik ere gauzatuko ote den ez dakidana.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa