15:21

Euskara

‘Arnasa gara’

Euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzeko kanpaina aurkeztu dute

Agentziak | Erredakzioa

'Arnasa Gara' proiektuak hiru osagai nagusi ditu: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta 'Kartzela' serie digitala.

  • Arnasa gara

    Arnasguneek euskarari hauspoa ematen diotela aldarrikatzen du kanpainak

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 'Arnasa Gara' ekimena aurkeztu dute astelehen honetan, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean (Gipuzkoa).

Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da bere helburua, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabe daitezen. Nafarroako Gobernuak -Euskarabide Institutuaren bitartez- eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute ekimenean.

Proiektuak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta kanpaina bat abiatuko da horretarako, ekimena azaltzeko eta bere osagai nagusietakoa izango den 'Kartzela' serie digitala herriz herri aurkezteko, hain zuzen.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da 'Kartzela' serie digitala egiteaz. Zazpi kapitulu izango, ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da.

Orotara, 22 udalerritan egingo dituzte saioak: Araban, Aramaion; Nafarroa Beherean, Baigorrin; Bizkaian, Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanurin; Gipuzkoan, Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerainen; eta Nafarroan, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesakan.

Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Ekimenaren inguruko informazioa ekimenaren webgunean kontsulta daiteke.

Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat, EiTBk zabalkundean lagunduko baitu, eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena