11:47

Euskara

Euskaraldia

Arrate Illaro: 'Kontua ez da hizkuntza gaitasuna, zer egin nahi dugun baizik'

Natxo Velez | eitb.eus

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, milaka herritarrek Euskal Herriko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa gauzatuko dute, hamaika egunez euskaraz bizitzeko beren alea jarriz.

  • Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea. Argazkia: Karkara Orio eta Aiako aldizkaria.

    Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea. Argazkia: Karkara Orio eta Aiako aldizkaria.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

11 egunez euskaraz bizitzeko ariketa hasteko atarian, Arrate Illaro (Getxo, 1989) Euskaraldiko koordinatzailea lanez gainezka aurkitu dugu, baina erabat sinetsita, halaber, herritarrak euskaraz bizitzeko gogoz daudela, horretarako prest ez ezik.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ekimenerako atzera kontaketa bukatzear da, eta ahobizi (euskaraz dakiten guztiekin euskaraz egingo dute) eta belarriprestek (euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egiteko gonbita egingo diete) beren egunerokora lerratu beharko dute –edo lerratzen jarraitu– euskararekiko konpromisoa, bakoitzak bere bidetik.

Izan ere, hori da Euskaraldiak ekarriko duen aldaketa nagusia, aurreko beste dinamika batzuekin alderatuta: hizkuntza ohiturak aldatzeko nahia ez da erakutsiko edo aldarrikatuko, baizik eta gauzatu, egunerokora ekarri. Parte-hartzaileek egunerokoan euskaraz egingo dute edo euskaraz egiteko aukerak ahalbidetu; euskaraz eta euskararekin batera biziko dira talde lanean, ez bakarrik euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu. “Osteguneko pintxo-potean euskaraz egin nahi dugu, pintxo-pote berezirik sortu beharrik izan gabe”, Illarok azaldu duenez.

“Osteguneko pintxo-potean euskaraz egin nahi dugu, pintxo-pote berezirik sortu beharrik izan gabe”

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailearekin hitz egin dugu, euskararen ezagutzaren eta horren erabileraren arteko tartea murriztu nahi duen ariketari buruz gehiago jakiteko.

Gutxi falta da Euskaraldia hasteko. Zer aldarterekin egiten dio aurre antolakuntzak Euskaraldiari?

Ilusio handiarekin eta euskararen erabileran urrats batzuk emateko gogoz ari gara azken txanpa honetan lanean, baina baita zuhurtziaz ere. Euskaraldiak oso harrera ona izan du gizartean: alde batetik, 400 udalerritan ari dira euskaltzaleak lanean ekimena gauzatu ahal izateko, eta, bestetik, milaka dira ahobizi eta belarriprest gisa izena eman duten herritarrak.

Sortu duen ilusioa guk ere bizi dugu, sinesten dugu ekimen baliagarria dela. Baina orain ariketa egiteko unea da, hau ez baita kanpaina bat. 11 egunez gure eguneroko inertziak astintzeko eta euskaraz gehiago aritzeko ariketa egingo dugu, eta ez da erraza izango. Euskaraldiak urrats batzuk ematea ekar dezake, baina abenduaren 4tik aurrera ere lan handia izango dugu egiteko; horregatik ditugu ilusioa eta zuhurtzia.

EUSKARALDIA

Harritu zaituzte jendearen erantzun eta konpromisoak?

Euskaraldia aurkeztu genuenean ez genuen zifrarik jarri; sortzen diren urrats eta dinamikak dira guretzat garrantzitsuena, ez zenbaki batera heltzea.

Baina, egia esan, ez genuen halakorik espero. Ekimena 400 udalerritan egingo bada, euskaltzaleak elkartu direlako da: euskalgintzako gizarte eragileak, erakunde publikoak, bestelako entitateak zein norbanakoak.

Badakigu asko direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak, baina ekimenak halako harrera izatea eta elkarlan sare zabal honekin aritzea oso berri ona da. Euskaraldia ekimen berritzailea da zentzu askotan, eta, ziurrenik, horixe izan da gakoa.

Ariketa ahalik ondoen eta elkarrekin eginez gero, euskaraz aritzeko gaur egun dauden baldintzak alda ditzakegu.

Zergatik da Euskaraldia hamaika eguneko erronka?

Ariketa bat da, eguneroko ohiturak aldatzeko helburua duen ariketa; kasu honetan, hizkuntza erabilerarena. Eta, aldaketa guztiek bezala, arreta jarri eta kontzienteki urratsak ematea eskatzen du.

Egun gutxiegi badira, zaila da denboran irautea; gehiegi badira, berriz, nekagarria izan daiteke tentsioari eustea. Hamaika egunotan, asteko eta asteburuko dinamikak aldatzeko aukera izango dugu, eta egun kopuru egokia iruditu zitzaigun kolektiboki inertziak astintzeko.

 

"Egun gutxiegi badira, zaila da denboran irautea; gehiegi badira, nekagarria izan daiteke tentsioari eustea"

 

Edonola ere, hamaika egunez egingo dugun ahalegina hamabigarren egunetik aurrera hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko oinarria izatea espero dugu; horixe da Euskaraldiaren helburu nagusia.

Lutxo Egiaren performance batean eta Egia auzoan, Lasarten eta Agurainen euskararen erabilera areagotzeko egindako ekimenetan dago Euskaraldiaren iturburua. Aldatu ziren toki horietako komunikazio testuinguruak, tokian tokiko kanpainak bukatutakoan?

Bai, eta horregatik sinesten dugu Euskaraldiarekin urrats berriak eman ditzakegula. Eta ez plano orokorrean soilik: Egian, Agurainen, Lasarten, Baionan, Lizarran eta aktibazio dinamikak egin izan dituzten gainerako herrietan ariketa egingo dute berriz.

Palanka batzuk mugitu ziren. Lasarten, esaterako, duela bi urte Irten Armairutik dinamika egin zuten, eta ikerketa bat egin zuten ekimenak herritarren hizkuntza-ohituretan eraginik izan zuen neurtzeko. Ondorioa nabarmena izan zen, ariketa egin eta hiru hilabetera parte hartu zuten herritarren euskararen erabilera hazi zela ikusi genuen eta.

Edonola ere, Euskaraldiaren eragina ere neurtuko dugu, eta udarako izango ditugu datuak.

IKUSI EUSKARALDIAREN AURREKARIEI BURUZKO BIDEOA

Zer ondorio atera dituzue esperientzia horietatik? Zer errepikatu nahi duzue eta zer aldatu?

Posible da hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago aritzea, eta errazagoa da ariketa modu kolektiboan eginez gero; hori izan da ondorio nagusia. Euskaraldia lehen aipatutako dinamika horietatik elikatu da.

Esate baterako, Lasarteko ahobizi eta belarriprest rolak hartu ditu, eta Baiona, Angelu eta Miarritzeko BAM dinamikako parte-hartzaileentzako tailer arinen eredua zabaldu du gainerako herrietara.

Zailtasun nagusia herritarrei ekimena ezagutzera ematea da, ariketa bat dela kontatzea, eta ahobizi zein belarriprest rolak ariketa hori egiteko bi modu direla azaltzea. Gainera, hasieratik argi genuen lankidetzan egin nahi genuela.

"Posible da ohiturak aldatzea"

Zer aholku orokor emango zenizkioke ahobizi eta belarriprestei?

Ahobizi eta belarriprest gisa izena eman dugunok hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu hamaika egunez. Ez da erraza izango, momentu politak eta deserosoak egongo dira bidean. Baina posible da ohiturak aldatzea, eta urrats berriak ematea lortuko dugu. Gainera, ez gara bakarrik egongo.

Txapa janzteak laguntzen du, norberari zein ingurukoei. Egin dezagun lehen hitza euskaraz, ahobizi bagara eutsi diezaiogun beti euskarari hizkuntza ulertzen duenarekin, konta dezagun zergatik ari garen ariketa egiten, gaindi ditzagun aurreiritziak, bizipenak parteka ditzagun eta balora dezagun pauso txiki bakoitza.

Egoeretara moldatu beharko dugu eta geure buruari onartu hanka sartzeko eskubidea. Azkenik, azpimarratu nahi nuke bi rolekin ematen direla urratsak eta biak direla beharrezkoak.

Arrate Illaro Euskaraldia

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea. Argazkia: Karkara Orio eta Aiako aldizkaria

Herritarrak, "urratsak emateko gogoz"

Euskaraldiak ardatza aldatu du orain arte ohikoak izan diren dinamiken aldean: ezagutza maila barik, herritarraren konpromisoa izango da erdigunea. Zergatik pauso hori eta zergatik orain? Prest ikusten duzue gizartea horretarako?

Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatu nahi dituzten herritarrentzako ariketa praktikoa da. Kontua ez da gaitasuna, zer egin nahi dugun baizik.

Azken hamarkadetan lan handia egin da ezagutza handitzeko, milaka herritarrek ahalegin handia egin dute hizkuntza ikasi eta irakasteko, eta, ezagutzari dagokionez, asko dago egiteko oraindik. Baina ezagutza eta erabileraren artean tarte handia dago, eta horri erantzuteko sortu da Euskaraldia.

Herritarrak prest soilik ez, urratsak emateko gogoz daude. Gaur egun badago halako idatzi gabeko arau sozial bat, non batek erdaraz egiten badigu badirudien guk ezin dugula euskaraz hitz egin, solaskideak euskara ulertzen badu ere. Biek ulertzea, ordea, nahikoa izan beharko litzateke nahi duenak euskaraz egin dezan, horrek elkarrizketa elebidunak sortuko baditu ere.

Arau sozial hori aldatzera goaz. Hala ere, konpromisoa baino gehiago da, ariketa egin egingo dugulako.

Herri mailako ekitaldiak gorabehera, Euskaraldiak ez du ekitaldi jendetsurik aurreikusi eta ez da ospakizuna izango, ezpada “ariketa”. Beste kanpaina batzuetan izan den baino ikuspegi pragmatiko eta praktikoagoa eman nahi izan diozue antolakuntzatik. Zer hausnarketak gidatu zaituzte irudia bilatu ordez aurrerapausoa bilatzera?

Hain zuzen, Euskaraldia ez da kanpaina bat, ariketa praktikoa da. Gure eguneroko harremanetan ditugun hizkuntza-ohiturak aldatu nahi ditugu.

Horretarako, aholkuak, elkar motibatzeko eta elkarri entzuteko uneak zein Euskaraldia presente egotea behar dugu, baina ez dugu jendea bere egunerokotik aldendu nahi.

Osteguneko pintxo-potean euskaraz egin nahi dugu, pintxo-pote berezirik sortu beharrik izan gabe. Herri batzuetan ekitaldiak egongo dira, baina herri bakoitzaren beharren eta aukeren arabera izango da hori.

Ariketa egin izana ospatzeko tarteak bila ditzakegu, noski, baina ez da hori Euskaraldiaren ardatza.

"Arnas luzeko bidea"

Eta abenduaren 4tik aurrera, zer? Nolakoa izango da ariketan parte hartu dutenen esperientzietatik ondorioak ateratzeko lana?

Abenduaren 4tik aurrera, hamaika egunez egin dugun ariketak euskaraz gehiago aritzeko tresnak ematea espero dugu. Lan handia egin dugu azken urte eta erdian, eta ondorioak neurtzea egokituko zaigu.

Alde batetik, parte-hartzaileengan ekimenak izan duen eragina neurtuko dugu, kuantitatiboki eta kualitatiboki azterketa sakonak eginda. Horretarako, herritarrek bizipenak partekatu eta galdetegiak betetzea behar dugu, eta aukera baliatu nahi nuke eskari hori egiteko.

Bestetik, egiteko modua ere aztertuko dugu, hurrengo edizioan zein bestelako ekimenetan baliagarriak izango diren faktoreak identifikatzeko. Gainera, Euskaraldia ez da hemen bukatuko, eta hurrengo edizioa prestatzen ari gara jadanik. Arnas luzeko bidea da hau.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena