10:32

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa

Gipuzkoako zortzi finalistak, gaurko finalerako prest

N. V. | EITB Media

Gaur izango da Donostian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:00etatik aurrera. ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da.

3:14
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Dena prest dago Donostia Arenan, Illunbeko agertokian, gaur 17:00etatik aurrera kantuan izango den zortzikotea hartzeko, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Zortzi bertsolari lehiatuko dira oholtza gainean: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola "Euzkitze", Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Eguneko protagonistaz gainera, lanean izango dira Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar finala aurkezten eta gaiak ematen; Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz, epaile lanetan, eta Aratz Irazustabarrena Garmendia, idazkari lanetan.

Finalak bi atal izango ditu. Lehen atalean, zortzi bertsolariek kantatuko dute, eta lehen atal horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira bigarren atalera. Bi horiek, buruz buru, lan hauek bete beharko dituzte: binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso; binaka, librean, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; eta Ganbara, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Bertsolari irabazleari txapela janzteko ardura Arantzazu Loidi Garitanok izango du, Almen bertso-eskolaren izenean. 50 urte bete dira aurten haurren lehen bertso-eskola sortu zenetik, Leintz bailaran, Almen ikastolaren baitan.

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, 28 euroan. ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da finala.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena