Artea
Heriotza
N. V. | EITB Media
Artista New Yorken hil da, 85 urte zituela, pneumonia baten ondorioz. Haren obra monumentalak herdoilak janak ematen duten Corten altzairuzko paretak ditu ikur, eta, besteak beste, Bilbon, Donostian eta Gasteizen daude horren aleak ikusgai.
Bideoak (1)
Richard Serra estatubatuar eskultorea (1938-2024) New Yorken hil da bart, asteartearekin, New Yorkeko bere etxean, 85 urte zituela, pneumoniak erasanda. John Silberman haren abokatuak eman dio heriotzaren berri The New York Times egunkariari.
Serraren Corten altzairuzko eskultura monumentalak, herdoilak janda dauden itxurakoak, ugariak dira mundu zabaleko museoko gela eta espazio publikoetan, eta ikusteko ez ezik ikusleak beraiekin elkarreragina izateko ere sortu zituen artistak. Haren lanen guztien artean, oso azpimarragarria da Bilboko Guggenheimeko beheko solairuan dagoen Denboraren materia zortzi elementuko eskultura multzoa.
Bilboko museoak atsekabetuta hartu du artistaren heriotza, eta adierazi du haren lan monumentalek "espazioaren eta forma ulertzeko gure modua" birmoldatu zuela.
Gasteizen, Artiumen kanpoaldean, eta Donostian, Miramar jauregian, ere ikus daitezke estatubatuar artistaren eskulturak gurean. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa doktore izendatu zuen Serra 2009an.
2006an, Madrilgo Reina Sofia museoak iragarri zuen Equal-Parallel-Guernica-Bengasi Serrak 1986an zentroaren inaugurazioaren kariaz egin zuen 36 tonako lana "galdu" egin zela. Serrak lan horren kopia bat egin zuen, doan, eta Madrilgo museoak bere bilduma iraunkorrean jarri zuen; 2009tik dago bertan ikusgai. Hain zuzen ere, Juan Tallón galiziar idazleak Obra maestra gaztelaniazko eleberria idatzi zuen gertakari horretatik abiatuta.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa