Txirrindularitza
Jaen Paraiso Interior Klasikoa
Michal Kwiatkowski izan da onena Andaluziako lasterketaren laugarren edizioan. Isaac Del Toro izan da bigarren. Ibon Ruiz gasteiztarrak osatu du podiuma, helmugako marra hirugarren postuan gurutzatuta.
Michal Kiatkowski, garaipena ospatzen. Argazkia: @ClasicaJaen
Michal Kwiatkowskik (Ineos Grenadiers) irabazi du Jaen Paraiso Interior Klasikoaren laugarren edizioa, otsailaren 17an, astelehenean, jokatutakoa. Lasterketak 169 kilometroko ibilbidea izan du, Ubedan hasi eta bukatuta.
Poloniarra izan da onena. Isaac Del Toro (UAE Emirates-XRG) mexikarrak gurutzatu du helmuga bigarren postuan, irabazlearekiko 30 segundora, eta Ibon Ruiz (Kern Pharma) gasteiztarrak osatu du podiuma, hirugarren amaituta, Kwiatkowskirekiko 46 segundora.
Lehen ihesaldian zazpi txirrindulari izan dira protagonista: Alleno (Burgos Burpellet BH), Arriolabengoa (Caja Rural), Curto eta Fitó (Illes Balears), Adrian Benito (Espainia), Valdevelde (Flanders) eta Ibon Ruiz.
Lasterketako 108. kilometroan, Ruiz eta Arriolabengoa bakarrik geratu dira lasterketaren buruan, Brandon McNulty (UAE Emirates-XRG) eta Kwiatkowski atzetik zituztela. Geroago, McNultyk eta Kwiatkowskik lasterketa buruko bikotearekin bat egin dute: Ibon Ruizek eurekin jarraitu du, baina Arriolabengoa atzean geratu da.
Helmugarako 21 kilometro falta zirenean McNultyk erasoa jo du, baina gelditu egin behar izan da zulatu baten ondorioz. Amaierarako 12 kilometrora Michal Kwiatkowskik erasoa jo du; Ruizek ezin izan dio jarraitu, eta poloniarra bakarrik geratu da lasterketaren buruan.
Atzetik, Del Torok Ruiz harrapatu du, eta txirrindulari arabarra atzean utzi du. Hala, bada, Kwiatkowskik irabazi du, Del Toro izan da bigarren eta Ruiz hirugarren.
Sailkapena:
1 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) 4:00:25
2 - DEL TORO Isaac (UAE) +0:31
3 - RUIZ Ibon (Kern Pharma) +0:46
4 - LABROSSE Jordan (Decathlon) +1:53
5 - LAURANCE Axel (INEOS) d. b.
6 - FAGUNDEZ Eric Antonio (Burgos) +1:57
7 - BERTHET Clément (Decathlon) d. b.
8 - CANAL Carlos (Movistar) d. b.
9 - TULETT Ben (Visma) d. b.
10 - TURNER Ben (INEOS) +2:00
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa