18:19

Txirrindularitza

Espainiako Vuelta

Remco Evenepoel suspertu egin da Larra-Belaguan, eta etapa irabazi du; Kussek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarra, ostiralean 2023ko Espainiako Vuelta irabazteko aukera guztiak galduta, ia egun osoan ibili da ihes eginda. Etapako zati handi bat Euskal Herrian jokatu dute, eta Jonathan Castroviejok laugarren postua lortu du.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarrak irabazi du, larunbatean, 2023ko Espainiako Vueltako hamalaugarren etapa, Larra-Belaguan, azken igoera DSM taldeko Romain Bardet ziklista frantziarra menderatuta; biek ala biek eguneko azken ia 100 kilometroak egin dituzte elkarrekin, Izarbe mendatea amaitu aurretik erasoa egin eta gero. Bitartean, Jumbo-Vismako Sepp Kuss ziklista estatubatuarrak sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarraitzen du eta maillot gorriari eutsi dio. Etapa gogorra izan da hau, eta zati handi bat Euskal Herrian jokatu dute; INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejok laugarren postua erdietsi du, lasterketa bikaina eginda.

Aurreikuspena zen etapan lehia bizia izatea, sailkapen nagusiko aurrenekoen artean, kontuan izanik ibilbidea oso zaila zela; izan ere, maila bereziko bi mendate zeuden tartean, Izarbe eta Iturzaeta, hain zuzen ere. Azkenean, ez da aldaketarik izan sailkapen nagusiko lehen hamar postuetan, baina lasterketa ederra ikusi dute zaleek; horietako asko Euskal Herrikoak izan dira, eta giro bikaina izan da egun osoan, beste behin. Txirrindularitza egun handia bizi izan da larunbatean, gurean.

Remco Evenepoelek, 2022ko Espainiako Vueltako irabazlea eta 2023ko munduko txapelduna erlojupekoan bera, 27 minutu galdu zituen ostiralean, Tourmaleteko egunean. Hala, larunbatean, Salbaterra Bearnoko irteeran, adierazi du "lehiatzeko beste modu bat" hasiko zela lantzean. Bada, Soudal taldeko liderra hasieratik ibili da ihesaldiaren bila, talde handi batean sartu da (Castroviejo ere zegoen bertan), gogor jo du ihesaldiaren eta tropelaren arteko aldeak gora egin zezan, jardunaldiko lehen mendatea amaitu baino lehen alde egin du Bardetekin batera, eta amaieran, Larra-Belaguan, atzean utzi du txirrindulari frantziarra. Ezin hobeto aritu da Evenepoel, eta erakutsi du nola eman ahal zaion buelta egun txar bati, indarra eta hankak izatekotan, noski.

Helmugarako oraindik kilometro asko gelditzen zirela, Bardetek eta Evenepoelek argi utzita zuten etapa bien artean jokatu behar zutela, eta merezimendu osoz egin dute. Atzean, UAE eta Mikel Landaren Bahrain taldeak erritmo bizia jartzen ahalegindu dira, baina lasterketa buruko bikoteak ondo eutsi diote abantailari; hain zuzen, handitu ere egin dute. Berez, Jumbo-Vismak, lasterketako gogortasuna alde batera utzita, ez du zailtasun handirik izan Kussek, Primoz Roglicek eta Jonas Vingegaardek sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan jarrai dezaten.

Igandean, Espainiako Vueltak Euskal Herrian jarraituko du, hamabosgarren etapan. Iruñean hasiko da eta Lekunberrin amaitu. Mikel Landak zazpigarren tokian jarraitzen du, eta esana du saiatuko dela etaparen bat eskuratzen lasterketa amaitu aurretik. Astebete geratzen da, oraindik.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 4:13:38

2 - BARDET Romain  (DSM) +1:12

3 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +6:33

4 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +6:35

5 - STORER Michael (Groupama) +7:24

6 - DE LA CRUZ David (Astana) +8:21

7 - VLASOV Aleksandr (BORA) +8:22

8 - KUSS Sepp (Jumbo) d. b.

9 - POELS Wout (Bahrain) d. b.

10 - AYUSO Juan (UAE) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - KUSS Sepp (Jumbo) 51:04:54

2 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:37

3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +1:44

4 - AYUSO Juan (UAE) +2:37

5 - MAS Enric (Movistar) +3:06

6 - SOLER Marc (UAE) +3:10

7 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:12

8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +5:02

9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +5:30

10 - ALMEIDA Joao (UAE) +8:39

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena