18:10

Txirrindularitza

78. EDZIOA

Espainiako Vuelta Nafarroara iritsiko da asteburu honetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Larunbateko etapa Larra-Belagua mendatean amaituko da, eta igandean, berriz, 15. etapak Iruñea izango du abiapuntu eta Lekunberri helmuga. Lasterketak gaurtik aurrera izango du eragina Nafarroako errepideetan.

  • Espainiako Vueltako tropeleko kideak

    Espainiako Vueltako tropeleko kideak Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroak 2023ko Espainiako Vueltako bi etapa hartuko ditu asteburu honetan: larunbatean, Larra-Belagua mendatea izango da Salbaterra Bearno herritik abiatuko den tropelaren helmuga, eta igandean, berriz, 15. etaparen irteera hartuko du Nafarroako hiriburuak, eta Lekunberrin izango du helmuga.

Larunbateko etapa Vueltako plater nagusietako bat izango da. Ostiral honetan, 13. etapa ikusgarrian, txirrindulariek Aubisque eta Spandelles mendateak dituzte zain, Tourmalet mitikoan amaitu aurretik; larunbatean, berriz, Hourcère eta Larraine igo beharko dituzte, Larra-Belaguaz gain. Etapa erabakigarria izan daiteke sailkapen nagusirako, oso ibilbide gogorra baitu, lau mendaterekin, maila bereziko bi tartean.

ETAPAREN PROFILA

Espainiako Vueltako 14. etaparen profila. Irudia: lavuelta.es

Espainiako Vueltako 14. etaparen profila. Irudia: lavuelta.es

15. etapa 11:30ean irtengo da Iruñetik, Zitadelaren barrutik, eta Gazteluko Itzulia, Pio XII.aren etorbidea, Navas de Tolosa, Sarasate pasealekua, San Inazio etorbidea, Nafarroako Gorteak, Juan de Labrit, Vergel, Arga ibaia, Gipuzkoa etorbidea, Cuatro Vientos zubia eta Santa Luzia zeharkatuko ditu.

Lasterketak hiriburua utziko du PA-30 Iruñeko saihesbidetik, Orkoienera bidean, eta bide hauek zeharkatuko ditu: NA-700 (Aratzuri, Ororbia eta Ibero), NA-7110 (Etxauri, Elio, Etxarri eta Beraskoaingo bainuetxea), NA-7040 (Artazu eta Gares), NA-1110 (Mañeru, Zirauki, Lorka, Villatuerta eta Lizarra), NA-120 (Abartzuza, Lizarraga mendatea), NA-2410 (Etxarri Aranatz, Arbizu, Uharte Arakil, Ihabar, Zuhatzu eta Etxarren), eta NA-7500 (Madotz, Astitz eta Alli).

Txirrindulariak 17:15 aldera iritsiko dira Lekunberriko helmugara, ia 160 kilometroko ibilbidea bete ostean. Horretarako, NA-7510, NA-1300 (Latasa), NA-7505 (Mugiro), NA-2410 (Irurtzun) eta NA-7500 (Madotz) errepideetatik igaroko dira.

Helmuga muntatzeko lanak direla eta, goizean NA-1300 errepidea moztuko dute Lekunberrin, lanek irauten duten bitartean.


Espainiako Vueltako 15. etaparen profila. Irudia: lavuelta.es

Espainiako Vueltako 15. etaparen profila. Irudia: lavuelta.es

Bada, Vueltak trafiko etenak eragingo ditu ostiral honetatik igandera arte. Irailaren 8an, ostirala, 15:00etan, Larra-Belaguako mendaterako sarbidea mugatuko da, 45. kilometrotik aurrera (Bagomalta). Mendatera oinez edo bizikletaz igo ahal izango da, larunbatean lehen txirrindulariak iritsi baino 45 minutu lehenago (16:15ean izango da, eta 17:15 aldera amaituko da etapa, aurreikuspenen arabera).

Era berean, Nafarroako Gobernuak gogorarazi duenez, debekatuta dago inguruan kanpatzea, baina eremu bat jarriko da Belaguako lautadan, eta bertan aparkatu eta eman ahalko da gaua, furgonetan zein autokarabanan. Leku horretan bertan, beste aparkaleku bat jarriko dute, egunean bertan joaten diren ibilgailuak hartzeko.

Gainera, txirrindulariak iristen direnean, zaleek kontuan izan beharko dute txakurrak lotuta izan beharko dituztela eta ezingo dutela hondakinik utzi inguruetan. Azkenik, debekatuta dago sua egitea, eta ezin da dronerik erabili baimenik gabe.

Oro har, txirrindulariak igaro baino ordubete lehenago itxiko dituzte errepideak. Larunbateko etapa NA-2011 (Larraine) errepidetik sartuko da Nafarroan, eta NA-140 errepidetik jarraituko du, Uztarroze eta Izaba zeharkatuta Larra-Belaguara bidean.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena