14:28

Saskibaloia

Paris 2024 Saskibaloia

Espainiak porrota jaso du Australiaren aurka (92-80)

EITB MEDIA

Dario Brizuela gipuzkoarraren eta Xabier Lopez-Arostegui bizkaitarraren taldeak ezin izan du garaipenarekin hasi Parisko Olinpiar Jokoetako ibilbidea, eta Australiak errebantxa hartu du txapelketako lehen partida irabazita (92-80).

  • Dario Brizuela Argazkia: EFE Artxiboa

    Dario Brizuela Argazkia: EFE Artxiboa

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Dario Brizuela donostiarraren eta Xabier Lopez getxoztarraren Espainiako saskibaloi selekzioak ezin izan du garaipenarekin hasi Parisko Olinpiar Jokoetako ibilbidea, larunbat honetan, Lillen, 92-80 galdu baitu Australiaren aurka.

Santi Aldama partidako saskiratzaile nagusiaren 27 puntuak ez dira nahikoa izan Espainiaren porrota saihesteko, eta Rudy Fernandez kapitainak mugarri bat ezarri du, sei olinpiar jokotan lehiatu den historiako lehen jokalaria izan baita.

Lehen minutuetan, Espainiak ez du kanpoko jaurtiketetan asmatu, eta Dyson Daniels australiarrak 9 puntu aurretik jarri du bere taldea, Josh Giddey ikusgarriak aldea 12 puntura zabaldu baino lehen. Lehen etenaldira 31-21eko emaitza kezkagarriarekin iritsi dira.

Bigarren laurdena Llullen 3 puntuko bi saskiratzerekin hasi da. Minutuek aurrera egin ahala, Espainia partidan sartzen ari zela zirudien, baina Aldamaren hirukoari McVeighen beste batek erantzun dio atsedenaldira iritsi aurretik. Azkenean, Australia 49-42 aurreratu da, Lorenzo Brownen azken saskiraketaren ostean.

Hirugarren laurdena amaitzeko 5 minutu falta zirenean, Aldamak Espainia aurretik jarri du lehen aldiz (54-56), baina hor geratu da kontua, Sergio Scariolok zuzentzen duen taldearen bolada ona ez baita luzatu, eta Danielsen hiruko batek gauzak argitu dituelako Australiaren alde; izan ere, markagailuak 69-60 emaitza adierazten zuela iritsi dira azken laurden erabakigarrira.

Horrela, Australiak errebantxa hartu du txapelketako lehen partida irabazita (92-80). Sergio Scarioloren taldeak Greziaren aurka jokatuko du bigarren partida, asteartean, Australiak Kanadari aurre egin aurretik.

- Fitxa teknikoa:

92; Australia (31+18+20+23): Daniels (13), Giddey (17), Mills (19), Kay (8) eta Landale (20); Dellavedova (0), McVeigh (13), Magnay (2), Green (0) eta Ingles (0)

80; Espainia (21+21+18+20): Lorenzo Brown (5 ), Abrines (6), Lopez-Arostegui (2), Aldama (27) eta Willy Hernangomez (14); Garuba (3), Juancho Hernangomez (2), Diaz (0), Rudy Fernandez (0), Llull (17) eta Brizuela (2).

Epaileak: Gatis Salins, Omar Bermudez eta Juan Fernandez (ARG).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    25 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Urreisti-Gorka vs Laduche-Manci

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena