19:14

Saskibaloia

Endesa Liga

Bilbao Basketek garaipena bereganatu du Baskoniaren kontrako euskal derbian (82-80)

EITB Media

Bilboko taldeak mendean hartu du Gasteizkoa 82-80ko emaitzarekin, Bilbao Arenan jokatutako Endesa Ligako 26. jardunaldiko partidan. Kullamaek azken segundoan sartutako hirukoak erabaki du derbia.

6:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilbao Basketek garaipena bereganatu du Baskoniaren aurka, 82-80ko emaitzarekin, martxoaren 24an Bilbao Arenan jokatutako Endesa Ligako 26. jardunaldiko euskal derbian. Kullamaek azken segundoan sartutako hirukoak erabaki du norgehiagoka.

Lehen laurdena lehiatua eta parekatua izan da. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan markagailuan zuloa irekitzeko, baina laurdeneko azken hiru minutuetan Bilbao Basket nagusitu da, eta sei puntuko abantaila erdietsi du (28-22).

Bigarren laurdenaren hasieran, Bilboko taldea hobea izan da, baina Baskoniak erantzun egin dio, eta atsedenaldirako bost minutu baino gutxiago falta zirenean emaitza estutu du (36-33). Laurdenaren azken txanpan, Bilbao Basketek 7 puntuko errenta lortu du, baina Baskoniak aldea bi puntura txikitu du atsedenaldira heldu aurretik (43-41).

Atsedenaldiaren ostean, parekotasuna izan da nagusi. Bi euskal taldeen arteko lehia estu joan da. Hirugarren laurdenaren erdialdean, neurketako 25. minutuan, emaitza 54-54koa zen. Gero, Arabako taldeak hobeto jokatu ditu hirugarren laurdeneko azken minutuak, eta, ondorioz, lau puntuko abantaila eskuratu du (59-63).

Azken laurdena ere zirraragarria izan da. Baskoniak errentari eutsi dio hasieran. Gero, Bilbao Basketek hartu du aurrea markagailuan. Hala ere, amaierarako 45 segundo falta zirenean, Baskoniak puntu bateko abantaila erdietsi du (77-78). Ondoren, Bilbao Basket izan da puntu bateko errenta lortu duena (79-78), amaierarako 23 segundoren faltan.

Azken bederatzi segundoetan erabaki da neurketa. Baskoniak aldeko 79-80ko emaitzarekin ekin die azken segundoei; Bilbao Basketek, aldiz, baloiaren jabetzarekin. Bilboko taldeak ondo baliatu du azken jabetza, eta Kullamaek ia azken hasperenean sartutako hirukoari esker eskuratu du garaipena Bilbao Basketek (82-80).

Fitxa teknikoa:

82 - Surne Bilbao Basket (28+15+16+23): Renfroe (12), Hornsby (13), Reyes (8), De Ridder eta Killeya-Jones (22) –hasierako taldea–; Kullamae (13), Adam Smith (8), Rabaseda, Andersson, Hlinason (6) eta Rigo.

80 - Baskonia (22+19+22+17): Miller-McIntyre (21), Marinkovic (2), Diez (6), Moneke (13) eta Kotsar (14) –hasierako taldea–; Chiozza (10), Theodore, Rogkavopoulos (3), Sedekerskis (4) eta Costello (7).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Arnau Padros eta David Sanchez. Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    22 Zuzenean 12:15 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena