Reala
Europa Liga
I. G. | EITB MEDIA
Brais, Sucic (2), Oyarzabal eta Oskarsson izan dira golegileak, eta Tottenham edo Manchester United artean erabakiko da hurrengo aurkaria, ostiraleko zozketan.
Realeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Reala Europa Ligako final-zortzirenetarako sailkatu da, itzuliko partidan ere Midtjylland 5-2 mendean hartuta, ostegun honetan Reale Arenan jokatutako partidan. Brais, Sucic (2), Oyarzabal eta Oskarsson izan dira golegileak, eta Tottenham edo Manchester United artean erabakiko da hurrengo aurkaria, ostiraleko zozketan.
Donostiako taldeak ahalik eta lasterren erabakita utzi nahi izan du kanporaketa, eta lehen minututik presio handia egin dio aurkariari. Danimarkarrak, berriz, oso galduta ibili dira zelaian. Euskaldunen eraso batean, Braisi orpoa zapaldu diote eta lurrera erori da area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi.
Hala ere, jokalari txuri-urdinak txanponaren beste aldea ikusi du hurrengo jokaldian. Atzetik egindako irteera txar batean, Bechek irrist egin du eta Brais adi egon da baloia lapurtzeko eta, ate hutsik, markagailua irekitzeko (1-0).
Hortik aurrera, Realaren jazarpena etengabea izan da, eta 18. minutuan 2-0ekoa sartu du, taldeko jokaldi bikain baten bidez: Oyarzabalek arearaino gidatu du, Barrenetxeari eman dio eta honek Sucici utzi dio baloia, golarekin aldea handitzeko.
Baina norgehiagoka ez da hain erraza izan. Danimarkarren hurbilketa batean, Barrenetxeak lurrera bota du Castillo area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Buksak ez du huts egin hamaika metroetatik (2-1).
Are gehiago, 38. minutuan Osoriok gol ikusgarria sartu du eskuadratik, Remirorentzat geldiezina izan den jaurtiketa batekin, Realak ordura arte egindako lan guztia zapuzteko (2-2).
Txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute, eta gol gehiago ez sartzearen errudun bakarra Lossl atezain danimarkarra izan da, hainbat geldiketa ikusgarri egin baititu. Baina ezin izan du horrela jarraitu betirako eta, entseatutako jokaldi batean, Sucicek bere bigarren gola sartu du area kanpotik aldageletara joan aurretik (3-2).
Lehen zatiko gol festaren ondoren, bigarrenean lasaitasuna iritsi da. Jokoaren erritmoa nabarmen jaitsi da, eta Realak lasai hartu du norgehiagoka, bi goleko aldea baitzuen. Berri txarra Sucicen lesioarekin iritsi da, belauneko minarekin zelaia utzi baitu.
69. minutuan, epaileak txartel gorria atera dio Dani Silvari, Zubeldiari sarrera gogorra egin ostean. Eta ia jarraian, epaileak penaltia adierazi du Realaren alde, Oyarzabal area barruan erorita. Laugarren gola kapitainak berak egin du (4-2).
Oskarssonek sartu du bosgarren eta azken gola (5-2).
Horrela, Reala Europa Ligako final-zortzirenetarako sailkatu da, eta ostiral honetan ezagutuko du bere aurkaria, Tottenham edo Manchester United.
Fitxa teknikoa:
5 - Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Olasagasti (Turrientes, 67. min), Sucic (Marín, 48. min), Brais Mendez; Kubo (Becker, 67. min), Oyarzabal (Oskarsson, 83. min) eta Barrenetxea (Zakharyan, 83. min).
2 - Midtjylland: Lössl; Andersson (Mbabu, 46. min), Diao, Bech (Juninho, 46. min), Paulinho (Bak, 60. min); Dani Silva, Castillo, Bravo; Osorio (Franculino, 74. min), Buksa eta Simsir (Byskov, 74. min).
Golak: 1-0, 5. min: Brais Mendez; 2-0, 18. min: Sucic; 2-1, 24. min: Buksa; 2-2, 38. min: Osorio; 3-2, 45+2. min: Sucic; 4-2, 73. min: Oyarzabal; 5-2, 90. min: Oskarsson.
Epailea: Serdar Gözübüyük. Txartel horia atera die Olasagasti, Buks eta Paulinho jokalariei. Dani Silva kanporatu du txartel gorriarekin.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:15 | HERRI KIROLAK | Goma gaineko sokatira finalak |
22 | 17:05 - 20:00 | PILOTA | B Serieko finala: Egiguren V-Bikuña vs Salaberria-Gaskue |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa