Reala
Erregina Kopa
EITB Media
Barçak 8-0eko emaitzarekin irabazi du Erregina Kopako finala; ondorioz, txuri-urdinak titulurik gabe geratu dira. Kataluniako taldeak ez dio aukerarik eman Realari.
Realeko jokalariak zaleak agurtzen, Kopako finala amaitu ostean. Argazkia: EFE
Realak 8-0eko emaitzarekin galdu du Erregina Kopako finala Bartzelonaren aurka, Romaredan (Zaragoza), maiatzaren 18an; ondorioz, txuri-urdinak Kopako txapeldunordeak dira.
Barça izan da baloiaren jabe hasiera-hasieratik. Kataluniako taldearen nagusitasunak saria jaso du bosgarren minutuan; Batllek jarri du 1-0ekoa markagailuan. Bartzelonako jokalariak hegaletik egin du jokaldia, pasea eman du penalti puntura, Vanegasek aldendutako baloia berari iritsi zaio, eta area barrutik jaurtiketa eginda gainditu du Lete atezaina.
Aurkariaren gol goiztiarrak min egin dio Realari, eta lehenengoa jaso eta zazpi minutura jaso du bigarrena; Paralluelo izan da golegilea (2-0), Caldenteyren erdiraketa errematatuta.
Bigarren kolpearen ostean, txuri-urdinei oso maldan gora jarri zaie partida. Gainera, Natalia Arroyok zuzentzen dituen jokalariak ez dira gai izan aurkariari min emateko. Barçak bereari eutsi dio, eta 3-0ekoa sartu du Grahamen bidez; Letek Parallueloren jaurtiketa urrundu du, baina Grahamek Realaren atea zulatu du, aldaratzea jaso ostean.
Donostiako taldearen erreakzioa 20. minutuan iritsi da, Franssiren jaurtiketarekin (gutxigatik joan da kanpora). Abaguneak ez du Reala hauspotu. Natalia Arroyorenek ezin izan diote jarraipena eman erasoko jokoari. Horrela, 26. minutuan, Grahamek 4-0ekoa sartu du, bere bigarrena. Paralluelok pase bikaina eman dio, eta norvegiarrak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean.
Finala erabakita egon arren, Kataluniako taldeak ez du hanka altxatu azeleragailutik, eta atsedenaldira iritsi aurretik handitu du abantaila; Batllek beste gol bat sartu du (5-0). Parallueloren eta Caldenteyen arteko jokaldi ona Vilassar de Mar (Bartzelona) udalerriko futbolariak biribildu du.
Lehen zatia amaitu aurretik, abagune gehiago izan ditu Bartzelonak, baina norgehiagoka 5-0ekoarekin heldu da atsedenaldira.
Realak ez dio ondo ekin bigarren zatiari. Paralluelok baloia lapurtu dio Apariri area barruan, pasea eman dio Caldenteyri, eta honek 6-0ekoa egin du. Ia jarraian, 52. minutuan, 7-0ekoa heldu da; Pinak sartu du, Caldenteyen pasea jaso ostean.
Reala lur jota geratu da. Ez du aukera txikiena ere izan. Minutuak pasatu ahala, Bartzelonaren nagusitasuna gero eta nabarmenagoa izan da. Hala, 58. minutuan, Caldenteyk 8-0ekoa sartu du, bere bigarrena.
Azken ordu erdian, lehia parekatuagoa izan da. Reala ez da gol aukerak sortzeko gai izan, Barçak abagune argiak izan ditu, baina bi taldeetako batek ere ez da aurkariaren atea zulatu, eta finala Bartzelonaren aldeko 8-0eko emaitzarekin bukatu da.
Fitxa teknikoa:
8 - Bartzelona: Sandra Paños; Lucy Bronze (Marta, 63. min), Paredes, Engen, Batlle; Aitana Bonmatí (Alexia Putellas, 46. min), Pina, Guijarro (Walsh, 54. min); Graham Hansen (Brugts, 68. min), Mariona, Salma (Rolfo, 54. min).
0 - Reala: Lete; Emma Ramírez (Viles, 81. min), Aparicio (Etxezarreta, 70. min), Vanegas, Arnáiz (Cecilia Marcos, 59. min), Alejandra Bernabé (Jacqueline, 59. min); Franssi, Andreia Jacinto, Eizagirre; Jensen (Lorena Navarro, 70. min) eta Amaiur.
Golak: 1-0, 5. min: Ona Batlle. 2-0, 13. min: Salma Paralluelo. 3-0, 19. min: Graham Hansen. 4-0, 26. min: Graham Hansen. 5-0, 33. min: Ona Batlle. 6-0, 48. min: Mariona Caldentey. 7-0, 52. min: Claudia Pina. 8-0, 58. min: Mariona Caldentey.
Epailea: Maria Eugenia Gil Soriano. Ez du txartelik atera.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa