Reala
EA Sports Liga
I. G. | EITB Media
Talde txuri-urdina jaun eta jabe izan da partida osoan zehar, eta ez zaio gola sartzeko aukerarik falta izan, baina Araujok luzapenean sartutako golak punturik gabe utzi ditu etxekoak.
Take Kubo eta Gavi, baloiaren lehian. Argazkia: EFE
Realak porrot mingarria izan du larunbat honetan Bartzelonaren aurka (0-1) EA Sports Ligako 12. jardunaldian. Talde txuri-urdina jaun eta jabe izan da partida osoan zehar, eta ez zaio gola sartzeko aukerarik falta izan, baina Araujok luzapenean sartutako golak punturik gabe utzi ditu etxekoak.
Partidako lehen minutua amaitu baino lehen, Realak proban jarri du Ter Stegen, Barrenetxearen jaurtiketa baten bidez, eta atezainak geldiketa bikaina egin behar izan du. Handik gutxira, berriro agertu behar izan du, Oyarzabali bidea ixteko, Barçak defentsan egindako akats baten ondoren.
Txuri-urdinek presio handia egin dute, eta lehen zatian nagusi izan dira. Jokaldi konbinatu on bat Take Kuboren gola ekarri du ia-ia, baina, berriz ere, Ter Stegen agertu da, oina luzatuz gola saihesteko.
Barçari kosta egiten zaio arriskua sortzea, eta Realak gozatu egin du zelaian; izan ere, bisitariak ez dira 20. minutura arte hurbildu etxekoen areara. Urrutitik egin dituzten lehen bi jaurtiketek, baina, kornerrean amaitu dute.
Donostiako taldeak aurkariaren area zelatan jarraitu du, baina jokaldiak amaitzeko argitasuna falta izan zaio. Erasoak hegaletatik bideratu ditu, Kubo geldiezin zebilela aprobetxatuz, baina aurkarien defentsa gehiegi aurkitu dituzte azken metroetan.
Ez du gehiagorako denborarik eman, eta golik gabeko berdinketarekin joan dira aldagelara, Realak gehiago merezi arren.
Bigarren zatian, etxekoek nagusi izaten jarraitu dute, eta denbora gutxi behar izan dute abaguneak sortzeko; lehenengo, Braisek, indar gutxiko jaurtiketa batekin, eta gero, Kubok, baloia zutoinetik gertu bidalita. Jokaldia, dena den, baliorik gabe utzi du epaileak, jokoz kanpokoa adierazita.
Txuri-urdinek Iñigo Martinezek Oyarzabali egindako penaltia eskatu dute, baina epaileak ez du ezer adierazi. Jokaldia Merinoren jaurtiketa batekin amaitu da, langa gainetik joan dena.
Barrenetxea urrutitik saiatu da berriro jaurtiketa gurutzatu batekin, baina honek ere ezin izan du atea aurkitu. Barçak Raphinharen falta jaurtiketa zuzen batekin erantzun du, eta hori ere gora joan da.
Azken minutuetan, Bartzelonak beste martxa bat sartu du, eta Gavi Realaren lana alferrik botatzeko zorian izan da, Remiroren aurka bakarrik geratu baita; atezaina ondo luzatu da bisitarien gola saihesteko.
Hurrengo jokaldian, ordea, Araujo gezi bat bezala sartu da atzetik, eta gola egin du buruz. Hasiera batean, epaileak baliogabetu egin du, jokoz kanpo zegoelakoan, baina, VARean berrikusi ondoren, ontzat eman du gola (0-1).
Horrela, Realak porrot mingarria eta merezi gabea pairatu du Reale Arenan.
Fitxa teknikoa:
0 - Reala: Remiro; Traore (Aritz, 63. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Oyarzabal (Carlos, 84. min) eta Barrenetxea (Cho, 79. min).
1 - Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Kounde, Martínez, Balde; Gundogan, Gavi, Fermin (Ferran, 57. min); Cancelo (Raphina, 69. min), Lewandowski (Pedri, 57. min) eta Felix (Yamal, 69. min).
Gola: 0-1, 90+4. min: Araujo.
Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horia atera die Brais (49. min), Zubeldia (74. min) eta Zubimendi (85. min) Realeko jokalariei, eta Felix (49. min), Martinez (60. min) eta Gavi (86. min) Bartzelonakoei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa