Reala
38. jardunaldia
EITB MEDIA
Brais Mendezek, 27. minutuan, eta Chok, 73. minutuan, egin dituzte bi golak; Erik Lamelak, 77.ean, 2-1ekoa jarri du. Arratsalde bikaina izan da Anoetan; Asier Illarramendi kapitainak garaipena eskuratuta esan dio agur Realari.
Le Normand, Oyarzabal, Illarramendi eta Remiro, partidaren osteko ospakizunetan. Argazkia: EFE.
Realak 2-1 menderatu du Sevilla, Reale Arenan, igandean, 2022-23 denboraldiko Santander Ligako 38. eta azken jardunaldian. Brais Mendezek, 27. minutuan, eta Chok, 73.ean, sartu dituzte Imanol Alguacilen taldearen golak, eta Erik Lamelak egin du 2-1ekoa, 77. minutuan. Hala, Realak garaipena lortuta itxi du denboraldi historiko hau; izan ere, Donostiako taldea laugarren postuan sailkatu da Ligan eta Txapeldunen Ligara bueltatu da. Realak agurrik onena eman dio horrela Asier Illarramendi kapitainari (mutrikuarrak kluba utziko duela iragarri zuen orain egun batzuk).
Reala-Sevilla partidaren laburpena (2-1)
Giro ederra izan da, eta Realak datorren denboraldian jantziko duen elastikoa estreinatu du. Brais Mendezek lehen ordu erdia bete aurretik jarri du markagailuan 1-0ekoa; galiziarrak Ander Barrenetxeak egindako jokaldia baliatu du Sevillaren area ertzetik ezkerrez jaurti eta aurreneko gola sartzeko. Ilusio handiz ospatu du Anoetak gol hori, Braisek denbora luzea baitzeraman golik sartu ezinik.
Bigarren zatian, 60. minutuan, Mikel Oyarzabalek Illarramendi ordezkatu du, eta Anoetak txalo zaparrada eman dio kapitainari; 13 minuturen buruan, Sorlothek emandako pase polita aprobetxatuz, Chok 2-0ekoa sartu du, zelairatu eta berehala. Realak gertu-gertu zuen, hortaz, azken hiru puntuak eskuratzeko helburua.
Oraindik ordu laurdena geratzen zela, Sevillak aldea murriztu du kontraeraso batean, Erik Lamelaren golarekin. Ez da beste ezertarako astirik izan, eta Realak ezin hobeto amaitu du denboraldia. Zale txuri-urdinek gogoan izango dute, Realak urte bikaina egin baitu.
Fitxa teknikoa
2 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Pacheco, Rico; Zubimendi (Merino, 60. min), Illarramendi (Guevara, 60. min), Brais Mendez; Kubo (Mohamed Ali Cho, 71. min), Sorloth (Carlos Fernandez, 74. min) eta Barrenetxea (Oyarzabal, 60. min).
1 - Sevilla: Dmitrovic; Bade, Gudelj (Alex Telles, 46. min), Hormigo (Nianzou, 46. min), Montiel (Navas, 8. min); Papu (Tecatito, 68. min), Oliver Torres, Pape Gueye, Manu Bueno (Suso Fernandez, 60. min); Rafa Mir eta Lamela.
Golak: 1-0, 26. min: Brais Mendez. 2-0, 72. min: Mohamed Ali Cho. 2-1, 76. min: Lamela.
Epailea: Del Cerro Grande (Madrilgo Batzordea). Txartel horia atera die Oliver Torresi eta Hormigori.
Gertakizunak: 35.065 zale izan dira Reale Arenan. Realak pasilloa egin dio Sevillari, Europa Liga irabazi berri baitu, eta bi taldeek Del Cerro Grande omendu dute; izan ere, epailea izateari utzi dio. Gonzalo Montiel eta Zubimendi lesionatu egin dira, 8. minutuan bata eta 60.ean bestea.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa