Reala
37. jardunaldia
Agentziak | EITB Media
Vila-realek Rayoren zelaian jasotako porrotak sailkapeneko laugarren postua ziurtatzen die donostiarrei. Griezmann, Molina eta Sorloth izan dira neurketako golegileak.
Realeko jokalariak, Txapeldunen Ligarako sailkapena ospatzen. Argazkia: Efe.
Realak Txapeldunen Ligan jokatuko du datorren denboraldian, Atleticoren etxean jokatu duen Santander Ligako 37. jardunaldiko partidan galtzaile atera den arren. Vila-realek Rayoren zelaian jasotako porrotak laugarren postua ziurtatzen die gipuzkoarrei, eta, horrekin batera, Txapeldunen Liga. Griezmannek, lehen zatian, eta Molinak, bigarrenean, 2-0 jarri dute aurretik Simeoneren taldea. Sorlothek 2-1ekoa egin du 87.ean.
Donostiarrek eman dute neurketako lehen abisua 6. minutuan, Martin Zubimendik Sorlothi emandako pasearekin, baina norvegiarrari jaurtiketa gurutzatuegia atera zaio.
Neurketak aurrera egin du, eta bi taldeek oso joko taktikoa egin dute, elkarri begira, 37. minutuan Antoine Griezmannek Realaren atea zulatu duen arte. Horrela, Atletico 1-0 jarri da aurretik.
Ondoren, Mikel Oyarzabalek izan du aukera, baina jaurtiketa gora joan zaio. Imanol Alguacilen taldeari bizitasuna falta izan zaio erasoan, eta ez du arrisku handirik sortu Atleticoren atearen inguruan.
Atsedenaldiaren ostean, Ander Barrenetxeak 1-1ekoa egiteko aukera argia izan du, jaurtiketa gogor baten bidez, baina Grbicek ondo erantzun dio. Handik gutxira iritsi da 2-0ekoa: Molinak sartu du, 73. minutuan, Correarekin eta Griezmannekin egindako jokaldi batean. Molinak gol bikaina egin du, Realeko bi jokalari atzean utzita.
Donostiarren gol bakarra Alexander Sorlothek egin du partida bukaeran, Brais Mendezen paseari etekina aterata. VARean jokaldia aztertu dute, eta gola airean izan da zenbait minututan, baina azkenean jokoz kanpokorik ez dela egon erabaki dute, eta gola markagailura igo da.
2-1ekoarekin amaitu da neurketa. Realak porrot 'goxoa' hartu du Madrilen, 68 punturekin laugarren postua ziurtatuta baitu. Ondorioz, Txapeldunen Liga jokatzeko txartela poltsikoan dute gipuzkoarrek.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Grbic; Molina, Witsel, Giménez, Hermoso, Reguilón (Correa, 69. min); Saul, De Paul (Pablo Barrios, 80. min), Koke, Carrasco; Griezmann.
1 - Reala: Remiro; Aritz (Gorosabel, m. 59), Zubeldia, Le Normand, Ahien Muñoz; Zubimendi; Kubo (Carlos Fernández, 69. min), Merino (Brais Méndez, 59. min), Illarramendi (Cho, 69. min), Oyarzabal (Barrene, 59. min); Sorloth.
Golak: 1-0, 37. min: Griezmann. 2-0, 73. min: Molina. 2-1, 86. min: Sorloth.
Epailea: Pulido Santana (Kanarietako Batzordekoa). Txartel horia atera die Atleticoko De Paul eta Hermosori, eta Realeko Mikel Merino eta Aritz Elustondori.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa