10:39

Reala

Heriotza

Iñaki Alkiza Realeko presidente ohia hil da, 89 urte zituela

EITB MEDIA

1983tik 1992ra bitartean izan zen presidentea. Aurretik, 1955etik 1961era, jokalaria izan zen, eta, presidentea izan baino lehen, Jose Luis Orbegozoren Zuzendaritza Batzan ibili zen. Orbegozo ordezkatu zuen, eta Luis Urangak ordezkatu zuen bera. Realak 1987ko Kopa irabazi zuen, bera presidente zela.

1:18
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñaki Alkiza Realeko presidente ohia hil da bart, 89 urte zituela, El Diario Vascok jakitera eman duenez. 1983tik 1992ra bitartean izan zen Realeko presidentea Iñaki Alkiza, eta, aurretik, 1955etik 1961era, Gipuzkoako taldeko jokalaria izan zen; presidentea izan baino lehen, halaber, Jose Luis Orbegozoren Zuzendaritza Batzan ibili zen. Orbegozo ordezkatu zuen Alkizak, eta Luis Urangak ordezkatu zuen bera. Realak 1987ko Kopa irabazi zuen, bera presidente zela.

1986-87 denboraldian lortutako titulu hori Zaragozan bereganatu zuen Realak, Romareda futbol zelaian jokatutako final historikoan. Horrez gain, Alkiza presidente zela, Realak denboraldi bikainak egin zituen: 1987-88an, Realak bigarren amaitu zuen Liga, eta Kopako txapeldunordea izan zen. 1989-90 eta 1991-92 denboraldietan, Ligan bosgarren postu ederra lortuta, talde txuri-urdina UEFA Koparako sailkatu zen. Emaitza horietako gehienak John Benjamin Toshack entrenatzaile zela erdietsi zituen Realak; Alkizak fitxatu zuen Toshack, 1985ean, Sporting Lisboatik.

Iñaki Alkizaren hainbat argazki, Realeko jokalari eta presidente izan zen garaikoak (EITB Media).

Urte haietan, futbolari handiak iritsi ziren Realera; John Aldridge, Dalian Atkinson, Oceano, Carlos Xavier eta Meho Kodro, adibidez. Halaber, Zubietako harrobian hazitako jokalari bikain asko heldu ziren lehen taldera: Bittor Alkiza semea, Imanol (egungo entrenatzailea) eta Alberto atezaina, besteak beste.

Ezinbesteko lana egin zuen Anoeta futbol zelaia gauzatzeko; hain zuzen ere, Alkizak 1992an utzi zion Realeko presidente izateari, eta taldea 1993an hasi zen Anoetan jokatzen. Horrez gain, ekarpen handia egin zuen Reala kirol sozietate anonimo bilakatzeko ere.

1979an Realeko Zuzendaritzan sartu aurretik, politikan ere ibili zen, Donostiako Udalean. Gerora, 1999tik 2003ra bitartean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan zen, EAJren eta EAren hautagaitza bateratu baten buru.

Iñaki Alkizaren aldeko hileta asteazkenean egingo dute, 19:00etan, Donostiako Herrera auzoko San Luis Gonzaga parrokian.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena