Reala
Santander Liga
EITB Media
Talde txuri-urdinak 2-2 berdindu du Reale Arenan jokatutako Santander Ligako 34. jardunaldiko partida. Ondo ekin dio neurketari Realak, bi goleko abantaila erdietsi du, baina Gironak emaitza berdintzea lortu du atsedenaldira iritsi aurretik.
Reala - Girona partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE
Realak berdindu egin du Gironarekin, bina (2-2), larunbat honetan, maiatzaren 13an, Reale Arenan jokatutako Santander Ligako 34. jardunaldiko partida. Txuri-urdinak 2 eta 0 jarri dira aurretik markagailuan, baina Kataluniako taldeak emaitza berdindu du atsedenaldira iritsi aurretik. Puntu bat poltsikoratuta Realak datorren denboraldian Europan jokatzea bermatu du.
Reala - Girona partidako laburpena
Nagusi izan da Reala hasiera-hasieratik. Talde txuri-urdinak lehen minutuan eman du estreinako abisua, zutoinera joan den Aihen Muñozen jaurtiketarekin. Hurrengo jokaldian Riquelmek falta egin dio Take Kubori area barruan eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Mikel Oyarzabalek 1-0ekoa jarri du markagailuan, penaltiz Gazzaniga atezaina gaindituta.
Gola hartu ostean, Girona saiatu da erasora jotzen berdinketa lortzeko helburuarekin, baina etxeko taldea sendo ibili da defentsako lanean. Gainera, 24. minutuan, David Silvak bigarren gola sartu du Realarentzat (2-0), Kuboren erdiraketa baliatuta.
Oso bideratuta utzi du garaipena Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak, baina Gironak ez du etsi eta lanean jarraitu du desabantaila murrizteko asmoz. Kataluniako taldearen ekinak saria jaso du 36. minutuan, Yan Coutok sartutako golari esker (2-1).
Golk hauspotuta erasora jo du Gironak lehen zatiko azken txanpan. Hala, emaitza berdintzea lortu du talde bisitariak Stuaniren golarekin; Gironaren aldeko falta baten ostean, ate barruan sartu du baloia Uruguaiko aurrelariak.
Lehen zatia zirraragarria izan da. Bi taldeek erritmo bizia jarri diote norgehiagokari eta lau gol ikusi ahal izan dira. Bigarren zatian, aldiz, tentsioa izan da nagusi. Atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan Realak izan du hirugarren gola sartzeko aukera, baina Gazzanigak eragotzi egin du, Oyrzabalen jaurtiketa geldituta. Beranduago, jokalari gipuzkoarrak penaltia eskatu du, baina epaileak ez dela faltarik egon erabaki, eta txartela atera dio Oyarzabali bere burua lurrera botatzeagatik area barruan.
Gironak ere izan ditu abaguneak bigarren zatian, baina ezin izan du txuri-urdinek babestutako atea zulatu. Kataluniako taldeak bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu azken minutuak, epaileak Oriol Romeu egotzi baitu 86. minutuan, bigarren txartel horia aterata. Ondorioz, berdinduta amaitu da partida eta talde bakoitzak puntu bat bereganatu du.
Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia (Pacheco, 62. min), Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva; Kubo, Oyarzabal (Barrenetxea, 62. min) eta Sorloth (Carlos Fernandez, 80. min).
2.- Girona: Gazzaniga; Arnau, Bueno, David Lóopez, Javi Hernandez (Miguel Gutierrez, 58. min); Oriol Romeu, Ivan Martin (Callens, 90. min), Couto (Artero, 70. min); Riquelme (Juanpe, 90. min), Tsygankov eta Stuani (Reinier, 70. min).
Golak: 1-0, 3. min: Oyarzabal, penaltiz. 2-0, 24. min: Silva. 2-1, 36. min: Couto. 2-2, 47. min: Stuani.
Epailea: Figueroa Vazquez (Comité Andaluz). Romeu egotzi du, bi txartel hori aterata. Gainera txartel horiak atera dizkie Zubeldia, Le Normand, Oyarzabal, Zubimendi, Barrenetxea eta Arnau jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa