Reala
ERREGE KOPA
B. L. G. | EITB MEDIA
Robert Navarrok 6. minutuan lortutako golak garaipena eman dio Donostiako taldeari eta final-laurdenetan izango da.
Albisteak (4)
Realak Kopan aurrera egitea lortu du Mallorcari 1-0 irabazita. Imanol Alguacilen taldeak lehen zati ona jokatuta, Robert Navarrok 6. minutuan egindako golari esker lortu du garaipena. Izan ere, bigarren zatian ezin izan diote lehen zatiko mailari eutsi.
Lehen zatian Reala nabarmen nagusitu da Mallorcaren aurrean. Bigarren minuturako txuri-urdinek lehen abagunea izan dute prestatutako jokaldi batean baina Zubimendik ez du asmatu baloia sareratzen.
Minutu batzuk beranduago, baina, Zubimendik berak pase bikaina eman dio Navarrori sakonean eta honek, Kopa honetan ohikoa bihurtzen ari den lez, partidako lehen gola sartu du eskuinaz egindako jaurtiketa gurutzatu batekin. Aurten Realak Kopan jokatu dituen 4 partidetako lehen golak berak egin ditu. Partida bakoitzeko bat.
Ez du erritmoa jaitsi Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak eta 10. minutua betetzerako beste aukera bat izan dute, oraingoan Oyarzabalen eskutik, zeina lehen aldiz hasierako hamaikakoan sartu den. Eibartarrak baloia eskuineko hegalean jaso, barrurantz egin eta jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan da.
Mallorca gauzaez, bere zelaitik atera ezinda egon da. Realak bigarren gola ere egin du lehen zatian, epaileak ordea, Oyarzabalen gola baliogabetu du, jokoz kanpo zegoelako. Atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan txuri-urdinek baloiaren jabetza mantendu dute baina ia arriskurik sortu gabe.
Bigarren zatia, berriz, oso bestelakoa izan da. Realari zaildu egin zaio baloiaren jabetza mantentzea eta lehen zatian izandako abaguneak ez baliatu izana ordaindu du. Sufritzea egokitu zaie txuri-urdinei.
Markagailuan aldea laburra zen eta jokalariak ez dira eroso egon berdegunean. Etxekoen aukera argirik gabe, lehen sustoa kanpoko taldeak eman du 60. minutuan. Grenierrek jaurtiketa gogorra egin eta langari jo ostean, Copetek jokoz kanpo jaso du aldaratzea eta jokaldia baliogabetu du epaileak. Mallorca beste behin ahalegindu da 76. minutuan berdinketa lortzen, orduan, Remirok arazorik gabe bereganatu du Grenierrek urrunetik egindako jaurtiketa.
Mallorca ez da gai izan berdinketa lortzeko eta azkenean garaipena Realarentzat izan da. Hortaz, Alguacilen taldeak final-laurdenetarako txartela bereganatu du Reale Arenan.
Fitxa teknikoa:
1- Reala: Remiro; Gorosabel (Elustondo, 60. min), Le Normand, Pacheco, Muñoz; Zubimendi, Merino (Marín, 46. min) Brais Méndez (Illarramendi, 60. min), Oyarzabal; Sorloth (Carlos Fernández, 60. min), Robert Navarro (Kubo, 69. min).
0- Real Mallorca: Greif; Copete, Valjent, Gayá (Maffeo, 77. min); Cufré (Grenier, 57. min); Bataglia, Antonio Sánchez (Dani Rodríguez, 73. min), Giovanni González, Lee, Kadewere (Prats, 57. min) eta Ángel Rodríguez (Ndaye, 73. min).
Gola: 1-0, 6. min: Robert Navarro.
Epailea: Hernández Hernández . Txartel horiak: Brais, Pacheco, Le Normand, Cufré, Copete eta Giovanni González.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa