Reala
Europa Liga
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinak bana berdindu du (1-1) Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako B multzoko bigarren jardunaldiko partida. Monakok sartu du neurketako lehen gola, baina Realak lehia berdintzea lortu du.
Oyarzabal, aurkariz inguratuta, Reala - Monako partidan. Argazkia: EFE
Realak bana berdindu du (1-1) Monakoren aurka ostegun honetan Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako bigarren jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak bigarren berdinketa jarraian erdietsi du txapelketa honetan eta B multzoko hirugarren postuan da, 2 punturekin. PSV Eindhovenek Sturm Grazi irabazi dio (1-4) eta lidergoan da 4 punturekin. Monakok ere 4 puntu ditu, baina bigarren da. Sturm Grazek ez du punturik lortu oraindik.
Lehen zatia abagune gutxikoa izan da. Bi taldeei asko kosta zaie aurkariaren ate ingurura arriskua eramatea. Realak baloiaren jabe egiten saiatu da, baina Monakok ez dio utzi nahi zuen erritmoa jartzen. Monako talde txuri-urdinaren atera hurbildu den lehen jokaldian, 16. minutuan, gola sartu du; Disasik area barruan errematatu du talde bisitariak ateratako kornerra, eta baloia sare barruan sartu da, zutoinean eta Remiroren bizkarrean jo ostean (0-1).
Golak min egin dio Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeari. Hala ere, abagunea izan du 29. minutuan, baina Mikel Oyarzabalek erremate kaskarra egin du Porturen pase ona jaso ostean. Sei minutu beranduago, Monakok bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Remiro atezainak erantzun ona eman dio Jean Lucasen jaurtiketari. Neurketako 36. minutuan, Elustondok area barruan egin duen errematea kanpora joan da, langaren gainetik.
Erasokor zelairatu da Reala bigarren zatian, eta abaguneak sortzea kosta zaion arren, partida berdintzea lortu du 52. minutuan; Januzajek kornerra atera, eta Mikel Merinok banakoa jarrai du markagailuan (1-1) erremate bikaina eginda.
Txuri-urdinen golaren ostean, parekotasunak nagusi izaten jarraitu du, baina Realak zulo gehiago aurkitu ditu aurkariaren atzealdeko lerroan. Partidako 65. minutuan Portuk izan du bigarren gola sartzeko abagunea, baina jokalari murtziarraren jaurtiketa Nübel atezainak desbideratu du. Hiru minutu beranduago Januzajek egin du saiakera gora joan zaion jaurtiketa batekin. Monakoren erantzuna 82. minutuan iritsi da, baina Diattaren erremateak ez du Remirok babestutako atea aurkitu. Norgehiagokako 88. minutuan Januzajek izan du abagunea; belgikarrak, ordea, erremate kaskarra egin du, eta baloia indarge iritsi zaio Nübel atezainari. Luzapenean bi taldeetako batek ere ez du abagunerik izan, eta neurketa berdinduta amaitu da (1-1).
Fitxa teknikoa:
1.- Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 70. min), Aritz, Zubeldia, Muñoz; Zubimendi, Guevara (Turrientes, 60. min), Merino, Januzaj; Oyarzabal (Karrikaburu, 89. min) eta Portu (Barrenetxea, 70. min).
1.- Monako: Nübel; Badiashile, Disasi, Sidibe (Aguilar, 46. min); Henrique (Pavlovic, 88. min), Fofana (Golovin, 65. min) , Diatta, Diop (Maripan, 73. min); Boadu (Volland, 65. min), Jean Lucas eta Tchouameni.
Golak: 0-1, 15. min: Disasi. 1.1, 52. min: Merino.
Epailea: Sergey Ivanov (Errusia). Txartel horiak atera dizkie Elustondo Realeko jokalariari, eta Maripan, Disasi eta Volland Monakoko futbolarie.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa