Reala
EUSKAL DERBIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi talde gipuzkoarren artean jokatutako lehian, etxekoen gol egiteko ahalmena gailendu da. Le Normand, Willian Jose, Oyarzabal eta Odegaard izan dira txuri-urdinen golegileak; Diop, armaginena.
Oyarzabal, Pedro Leon eta De Blasis gainditu nahian. Argazkia: EFE
Realak eta Eibarrek euskal derbia jokatu dute larunbat honetan Reale Arenan, Santander Ligako 15. jardunaldian, eta txuri-urdinak nagusitasunez gailendu dira.
Izan ere, Aritz Elustondok eta Pedro Leonek tupust egin dute buruekin eta Beasaingo atzelariak jaso du minik handiena, kolpeaz gain eroriko txarra izan baitu. Azkenerako, ohatilan atera dute zelaitik, eta Le Normandek bete du haren tokia zelaian.
Jokalari bretoiak gerora protagonismoa izan du, berak sartu baitu lehiako lehendabiziko gola buruz, Odegaardek maisutasunez erdiratu duen falta batean (25. min).
Eibartarrek ez dute denbora gehiegi behar izan berdinketa lortzeko. Reala baloi bat atzetik jokatuta ateratzen saiatu da. Remirok Zubeldiari eman dio baloia, baina jokalari txuri-urdina nahasi egin da armaginen presioarekin. Eibartarrek lapurtu egin dute eta baloia Orellanari heldu zaio. Txiletarraren ahaleginak zutoinaren aurka bukatu du, defentsa batean jo ostean. Dena den, aldaratzea Pape Diopek hartu du area ertzean, eta bigarren saiakera horretan sare barruan amaitu du baloiak (35. min).
Hortik eta atsedenaldira heldu arte, talde biek gerturatze arriskutsuak izan dituzte aurkariaren ate inguruan; izan ere, epaileak gol bana baliogabetu die talde bakoitzari. Lehendabizi, Oyarzabali, Porturengandik jasotako baloi batean, baina jokaldi horren hasieran Portu jokoz kanpo egon da, eta hala adierazi dute.
Ondoren, bi minutu geroago, Eibarrek sartu du gola, Pedro Leonen zartako batekin; alabaina, aurretik Charlesek eskuarekin jo du esferikoa eta epaileak ez du zalantzarik izan bertan behera uzteko.
Atsedenaldik bueltan, Reala zeharo indarberrituta atera da, hamar minuturen buruan bi gol erdietsi baititu. Oyarzabal (47. min), boleakada eder batekin, eta Willian Jose (57. min), area barruan zegoela bikain gurutzatu duen jaurtiketarekin, izan dira golegileak.
Etxekoek nagusitasun handia erakutsi dute hortik aurrera; Eibarrek, ordea, geldikako jokaldietan besterik ez du izan arriskua sortzeko ahalmenik, Ramisen burukaden buruz.
Realaren laugarren gola 80. minutuan heldu da. Oraingo horretan, Martin Odegaard norvegiarrak lortu du etxeko zaleen txalo zaparrada merezi izan duen gol aparta, areaz kanpotik ezker hankaz egindako jaurtiketarekin. Erdilari gazteak bere taldeko jokoaren aginte-makila eraman du partida osoan zehar, eta bere gol ikusgarriak jokatu duen neurketa bikainaren adierazgarri bat besterik ez da izan.
Garaipen horrekin, Realak 26 puntu bereganatu ditu, eta sailkapenaren goialdean jarraitzen du. Eibarrek, aitzitik, hirugarren norgehiagoka jarraian galdu du, eta 15 punturekin geratu da.
Fitxa teknikoa:
4-Reala: Remiro, Zaldua, Aritz (Le Normand, 8. min), Llorente, Monreal, Zubeldia, Merino, Odegaard, Portu, Willian Jose (Isak, 65. min) eta Oyarzabal (Barrenetxea, min. 78).
1-Eibar: Dimitrovic, Cote, Oliveira, Ramis, De Blasis, Escalante, Diop (Exposito, 80. min), Orellana, Inui (Kike Garcia, 60. min), Pedro Leon (Quique González, 60. min); Charles.
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Zaldua (Reala); Ramis, Diop, Oliveira eta Escalante (Eibar).
Golak: 0-1, 24. min: Le Normand. 1-1, 34. min: Diop. 2-1, 47. min: Oyarzabal. 3-1, 56. min: Willian Jose. 4-1, 79. min: Odegaard.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa