18:25

Reala

2-1

Realak irabazi du euskal derbia, Athleticen aurka garaipena lortuta

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 2-1eko emaitzarekin irabazi dio partida talde zuri-gorriari. Oyarzabal eta Willian Jose izan dira Realeko golegileak, eta Raul Garciak sartu du Athleticen gola.

  • Reala. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak, Willian Joseren gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak garaipena lortu du Athleticen aurka (2-1), Anoetan jokatu den euskal derbian. Hiru puntu hauei esker, Reala Europari begira jarri da (30 puntu), seigarrena den Getafek 32 puntu baititu, txuri-urdinek baino bi gehiago. Athletic 26 punturekin geratzen da, jaitsiera postuetatik hiru puntura.

Lehen zatian nagusi izan da Donostiako taldea. Realak Athleticek baino intentsitate gehiagorekin jokatu du, eta lehen 45 minutuetan abagune askorik sortu ez arren, etxeko taldea hobea izan da. Realaren nagusitasunak saria jaso du 16. minutuan. Athleticek falta bat atera, Yurik gaizki jo du baloia, Willian Josek indartsu aldendu du, baina Dani Garciak huts egin, Oyarzabali oparitu dio balioa, eta, aurrelari txuri-urdinak 1-0ekoa sartu du, Herrerin atezaina atzean utzita.

Gola hartu ostean, Athleticek berdinketa lortzeko aukera izan du, baina Cordobak buruz egin duen errematea desbideratu egin du Rulli atezainak, zuri-gorrien gola eragotziz. Horixe izan da Athleticek lehen zatian izan duen abagune bakarra. Realak nagusi izaten jarraitu duen arren, ez du abagune argirik sortu, nahiz eta Januzajek arrisku sentsazio itzela sortu hegaletik korrika hasten zen bakoitzean. Yuri zoratu egin du belgikarrak, eta Realeko jokalari ohiak partida oso txarra jokatu du, defentsan zein erasoan.

Lehen zatia amaitzear zela, 44. minutuan, Athleticek beste huts larri bat egin du defentsan, eta Realak 2-0ekoa sartu du. Yerayk ez du baloia ondo aldendu, eta Willian Josek gol ikusgarria sartu du, area kanpotik egindako jaurtiketa zoragarria sare barrura bidalita.

Atsedenaldiaren ostean Athletic izan da baloiaren jabe. Gaizka Garitano entrenatzaileak San Jose eta Cordoba kendu ditu, Beñat eta Raul Garcia sartzeko. Athleticek baloiaren jabetza izan du, baina ez da gai izan gol aukera argiak lortzeko. Reala, aldiz, sendo mantendu da defentsa lanean, eta nahiko eroso eutsi dio emaitzari. Neurketako 81. minutuan, ordea, Raul Navasek penaltia egin dio Iñigo Martinezi. Raul Garciak egin du jaurtiketa eta Rulli atezainak desbideratu egin du, baina Raul Garciak berak sare barrura bidali du aldaratzea, 2-1ekoa sartuta.

Azken hamar minutuetan Athletic saiatu da erasora jotzen, baina jokalariak ez dira gai izan area barruan baloiak jartzeko, eta ez dute Reala estutasunetan ipini. Azkenean, talde txuri-urdinak eraman ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Rulli; Zaldua, Navas, Llorente, Theo; Illarramendi (Zubeldia, 75. min), Merino; Zurutuz, Willian Jose (Moreno, 88. min), Oyarzabal, Januzaj (Sandro, 72. min)

1- Athletic: Herrerin; Capa, Yeray Álvarez, Iñigo Martinez, Berchiche; San José (Beñat, 46. min), Dani Garcia, Cordoba (Raul Garcia, 46. min), Ibai Gomez; Muniain (Guruzeta, 70. min) eta Willians.

Golak: 1-0, 16. min: Oyarzabal. 2-0, 45. min: William Jose. 2-1, 81. min: Raul Garcia.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak atera dizkie Navasi eta Ander Capari.


Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena