Futbola
ERREGE KOPA
A. A | EITB MEDIA
Zuri-gorriak babazorroei gailendu zaizkie Villalibreren golei eta Agirrezabalaren geldituei esker, euskal taldeen arteko Kopako derbian.
Albisteak (3)
Athleticek 2-0 garaitu du Alaves Asier Villalibre aurrelariak sartutako bi golekin, Errege Kopako final-zortzirenei zegokion kanporaketan, San Mamesen jokatu dena 45.233 ikusleren aurrean. Horrenbestez, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldea ostiral honetan, urtarrilaren 19an, egingo den final-laurdenetako kanporaketen zozketan izango da.
Alaves izan da partidako lehen aukera garbia izan duena, bosgarren minutua bete orduko. Joko-aldaketa bikaina egin du hegal batetik bestera Antonio Blancok Hagirentzat, eta errumaniarrak jaurtiketa gaiztoa egin duen arren, Julen Agirrezabala atezain zuri-gorriaren erantzuna aparta izan da gola saihesteko.
Partidaren hasiera horretan bilbotarrak ez dira eroso sentitu, eta apenas lotu ahal izan dute jokaldi onik 25. minutura iritsi arte. Lekuek baloia ezker hegaletik erdiratu du area barrura, eta Sanceten burukadak Siveraren eskuetan bukatu du eme-eme. Dena den, handik gutxira (27. minutua) zuri-gorrien gola etorri da Villalibreren eskutik. Gernikako aurrelariak area barruan hartu du baloia, eta ezkerrez egindako jaurtiketa bortitza sare barrura joan da. Siverak ezer gutxi egin ahal izan du.
Golak Valverderen jokalariak hauspotu ditu, eta hainbat abagune kateatu dituzte lehen zatiko azken 15 minutuetan, Sancet, Muniain edota De Marcosen eskutik. Haatik, horietako garbiena Berenguerrek izan du. Sancetek pase ezin hobea bidali dio hegaleko nafarrari, baina Siverak ederto eragotzi dio gola lortzea Barañaingoari.
Atsedenalditik bueltan, lehen zatian gertatu legez, gasteiztarrak biziago zelairatu dira, eta bi aukera oso nabarmen izan dituzte norgehiagoka berdintzeko: bosgarren minutuan, Samuk; eta handik bi minutura, Simeonek. Aitzitik, Agirrezabalarekin egin dute topo Alaveseko aurrelariek beste behin ere, Luis Garcia Plaza entrenatzailearen etsipena eraginez.
Valverderenek, ordea, ez dute barkatu bigarren zatian izan duten lehen hurbilketan. De Marcosek eskuin hegaletik erdiratu du, eta Villalibrek buruz gaueko bigarren gola sartu du lehiako 60. minutuan, area barrutik bakar bakarrik errematatuta.
Gol horrek min handi egin die bisitariei; izan ere, kanporaketa berdintzea eskura izan ostean, bi gol azpitik ikusi dute euren burua, eta horrek beheraldia eragin die. Ondorioz, ordutik aurrera Athleticek ez du arazo gehiegirik izan errentari eutsi eta final-laurdenetarako sailkapena lasai antzera bereganatzeko.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue (Yuri, 70. min); Prados (Jauregizar, 86. min), Herrera; Berenguer (Nico, 70. min), Sancet (Unai Gómez, 78. min), Muniain (Adu Ares, 78. min); eta Villalibre.
0 - Deportivo Alavés: Sivera; Sola, Tenaglia (Rafa Marín, 76. min), Duarte (Maras, 76. min), Víctor Parada (José de León, 87. min); Antonio Blanco (Selu Diallo, 66. min), Benavidez; Alkain, Giuliano Simeone (Guridi, 66. min), Hagi; eta Samu Omorodion.
Golak: 1-0, 28. min: Villalibre. 2-0, 60. min: Villalibre.
Epailea: César Soto Grado. Txartel horiak: Benavidez (71. min) eta Rafa Marín (90. min).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa