00:10

Futbola

Sevillaren zazpigarrena

Mendilibarrek Europa Liga irabazi du Sevillarekin, finalean Erroma mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Jose Luis Mendilibar euskal entrenatzaileak zuzentzen duen taldea nagusitu da Budapesten jokatutako finalean. Partida 1-1 amaitu da, eta luzapena golik gabe bukatu ostean, penalti jaurtiketetan bereganatu du garaipena Sevillak.

0:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sevilla da 2022-2023ko Europa Ligako txapelduna, asteazken honetan, maiatzaren 31n, Erroma mendean hartuta (1-1, arauzko denboran, eta 4-1, penaltietan) Budapesten (Hungaria) jokatutako finalean. Hala, bada, Jose Luis Mendilibar Andaluziako taldeko entrenatzaileak lehenengoz irabazi du txapelketa hau; Sevillak, aldiz, zazpigarrenez.

Lehen zatian abagune gutxi izan dira. Erroma Sevilla baino hobeto egon da, eta Jose Mourinhok zuzendutako taldeak izan ditu abagune argienak. Bono atezainak eragotzi du Erromaren gola, Spinazzolaren errematea geldituta, baina 35. minutuan ezin izan du ezer egin aurkariaren gola saihesteko; Dybalak sartu du neurketako lehen gola (0-1), pase sakona jaso eta jaurtiketa gurutzatua eginez baloia ate barruan sartuta.

Atsedenaldira iritsi aurretik, hurbil izan du gola Espainiako taldeak, baina Rakiticen jaurtiketak zutoina jo du.

Bigarren zatian, hobeto zelairatu da Sevilla. Mendilibarren mutilek atzean sartu dute aurkaria, eta lehia berdindu dute; 55. minutuan, Mancinik bere atean sartu du gola (1-1).

Partida berdindu ostean, nagusi izan da Sevilla. Bigarren gola sartzeko aukerak izan ditu, baina Erroma sendo ibili da defentsako lanean. Gainera, Italiako taldeak gola sartzeko aukera izan du 67. minutuan, baina Bonok gelditu du Abrahamen errematea. Horrela, arauzko 90 minutuak agortuta, luzapena jokatu dute.

Luzapeneko lehen zatian, bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu. Saiatu dira, baina ezin. Bigarren zatiko azken minutuetara arte ez da gola sartzeko aukerarik izan. Amaieran izan du abagunea Erromak, baina Bonok lehenengo eta Badek gero, baloia aldentzea lortu dute.

Ondorioz, penalti jaurtiketen bidez erabaki da txapelduna. Ocamposek sartu du Sevillaren lehen jaurtiketa. Cristantek ere ez du kale egin Erromaren lehenengoan. Lamelak Sevillaren bigarrena egin du, eta Manciniren jaurtiketa gelditu egin du Bonok. Ondoren, Rakiticek hirugarrena sartu du, eta Ibañezek huts egin du Erromaren jaurtiketa. Sevillaren laugarren penaltian, Rui Patricio atezainak gelditu egin du Montielen jaurtiketa, baina aurreratu egin da eta jaurtiketa errepikatu behar izan dute. Bigarren aukeran, ez du huts egin, eta Sevillak bereganatu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Bono; Jesus Navas (Montiel, 95. min), Gudelj (Marcao, 128. min), Badé, Alex Telles (Rekik, 95. min); Fernando (Jordán, 128. min), Rakitic; Ocampos, Oliver Torres (Suso, 46. min), Bryan Gil (Lamela, 46. min); En-Nesyri.

1 - Erroma: Rui Patricio; Smalling, Mancini, Ibañez; Çelik (Zalewski, 91. min), Matic (Bove, 120. min), Cristante, Spinazzola (Diego Llorente, 106. min); Pellegrini (El Shaarawy, 106. min); Dybala (Wijnaldum, 68. min), Abraham (Belloti, 75. min).

Golak: 0-1, 35. min: Dybala. 1-1, 55. min: Mancini, bere atean.

Penalti jaurtiketak: 1-0, Ocampos (gola). 1-1, Cristante (gola). 2-1, Lamela (gola). 2-1, Mancini (Bonok gelditu du). 3-1, Rakitic (gola). 3-1, Ibañez (zutoinera, Bonok jota). 4-1, Montiel (gola).

Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra). Txartel horia atera die Rafa Mir (36. min, aulkian zegoela), Rakitic (65. min), Lamela (109. min), Jordan (120. min, aulkian zegoela), Montiel (124. min) eta Ocampos (130. min) Sevillako jokalariei, baita Matic (21. min), Pellegrini (45. min), Mancini (47. min), Cristante (65. min), Çelik (78. min) eta Zalewski (105. min) Erromakoei ere. Gainera, txartel horia ikusi du Erromako teknikari laguntzaile batek (82. min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena