23:47

Futbola

KOPAKO FINALERDIA

Osasuna, Kopako finalera (1-1)

EITB MEDIA

Iñaki Williamsek lehen zatiko 33. minutuan kanporaketa orekatu du, baina luzapeneko bigarren zatian Pablo Ibañezek sartutako golak finalerako sailkapena eman die gorritxoei.

  • Osasunako jokalariak finalerako sailkapena ospatzen, San Mamesen.

    Osasunako jokalariak finalerako sailkapena ospatzen, San Mamesen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak 2023ko Errege Kopako finala jokatuko du maiatzaren 6an, luzapenean Iñaki Williamsen gola berdinduta Pablo Ibañezen golarekin (1-1), San Mamesen Athleticen aurka jokatu duen finalerdian. Horrela, joaneko partidako garaipenarekin, gorritxoek historiako bigarren finala jokatuko dute, eta bilbotarrek agur esango diote txapelketari.

Osasunak abantaila zuen itzulerako partidan, joaneko partidan Sadarren Abderen golarekin lortutako 1-0eko aldeko emaitzari esker. Horregatik, Valverdek oso talde erasokorra zelairatu du, Williams anaiak, Guruzeta, Muniain eta Sancet hasierako hamaikakoan izan direla. Arrasatek, bestalde, hamaikako orekatuagoa ateratzea erabaki du Kike Garcia eta Ruben Garciarekin, emaitzari eustea nahikoa zutela jakinda.

Partida oso berdintsu hasi dute bi aldeek. Bi taldeak aurkariaren areara hurbiltzen ari ziren, baina azken metroetan arriskurik sortu gabe.

Athletic Nico Williamsen abiaduraren bila ibili da hegaletik min egiteko, baina ez da bere oinetatik iritsi partidako lehen aukera. Iñigo Martinezen baloi luze batek Guruzeta aurkitu du, Aridaneren akatsaren ostean. Aurrelariak atzelariei iskin egitea erabaki du jaurti beharrean, eta konturatu denerako gainean zuen Sergio Herrera atezaina, jaurtiketa saihesteko.

Kike Garciak ere berea izan du Ruben Garciaren erdiraketa jaso ondoren, baina errematea desbideratuta atera da.

Atezain gorritxoa berriro agertu da bizkaitarren beste baloi luze bat mozteko, Iñaki Williamsen oinetan amaituko zukeena, bere irteeragatik izan ez balitz. Jokaldi horretan, etxekoek markagailua irekitzeko aukera izan dute, bi taldeetako jokalarien arteko hainbat estropezuren ondoren. Horrez gain, Osasunako atezainak min hartu du aurrelariarekin talka eginda, baina jokatzen jarraitu ahal izan du.

Hurrengo minutuetan oso futbol bizia izan da eta baloi bakoitzagatik borrokatu da. Athletic saiatu da gehien lehen zatian, eta Osasunak nahiago izan du kontraerasoak aprobetxatu. Nico Williams area kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin saiatu da 25. minutuan, baina gutxigatik kanpora joan da.

De Marcosek aukera paregabea izan du Guruzetaren erdiraketa errematatu ondoren. Hegalekoak ondo errematatu du buruz, baina Herrerak maisuki atera du baloia kornerrera bidaltzeko. Eta korner horretatik heldu da Athleticen gola. Muniainek lehen zutoinera erdiratu du Vesgak errematea egin dezan. Errematea hozkatuta atera zaio, baina Williams anaietako nagusia adi egon da hegaldian baloi hori harrapatu eta zangoa luzatzeko, neurketako lehen gola sartu eta kanporaketa berdintzeko (1-0, 33. min).

Orduan Osasunak erasora jo du eta etxekoen hegaleko sake batean baloia lapurtu du Agirrezabala proban jartzeko Kike Garciaren jaurtiketa baten bidez. Atezain bilbotarrak sendo gelditu du baloia. Jarraian, Iñaki Williamsek partidako bigarren gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatia erritmo oso ezberdinarekin hasi da, pausatuago. Markagailu orokorra berdinduta, bietako batek ere ez du akatsik egin nahi izan. Abde izan da hegaletik gola sartzen saiatu den lehena jaurtiketa gurutzatu batekin, baina baloia kanpora joan da.

Yerayk baloia sarera bidaltzeko aukera izan du partida hasi eta ordubetera korner batean. Denarekin joan da, baina bere burukada langa gainetik joan da.

Arrasatek Kike Barja eta Brasanac zelairatu ditu Ruben Garciaren eta Abderen ordez, Athleticen eskuetan zegoen jokoaren nagusitasuna bilatzeko. Nafarroako taldeak gaindituta ikusten zuen bere burua partida kontrolpean zuen talde baten aurka.

Athleticek aukera argia izan du berriro Williams anaien eskutik. Iñakik lasterketa bat jo du eskuineko hegaletik, eta gero anaia bilatu du luzetara. Atezainaren aurrean bakarrik zegoela, Nicori gora joan zaio jaurtiketa. Iñigo Martinezek izan du abagunea jarraian erdiraketa batean, baina Herrerak ondo itxi dio aukerarik gabe uzteko.

Raul Garcia izan da Athleticen lehen aldaketa, Guruzetaren ordez, euskal taldeetako jokalarien nekea nabaria izaten hasi denean. Kike Garcia ezustekoa ematen saiatu da zelai erditik egindako jaurtiketa batekin, baina baloia kanpora joan zaio.

Lehoiek euren oinetan izan dute enegarren gol aukera. Lehenbizi, Raul Garciak Herrerarekin egin du topo, era apartean aritu dena finalerdian, eta gero Nicok, dena alde zuela, kanpora bidali du berriro. Kike Garciak Agirrezabalaren aurkako beste lehia batekin erantzun du, baina atezaina garaile atera da berriro bere geldiketarekin.

Baina azkenean bi taldeetako bat ere ez da gai izan partida bereganatzeko 90 minutuen buruan, eta luzapenera joan behar izan dute.

Vivian, Berenguer eta Zarraga zelaira sartu dira azken 30 minutuak jokatzeko Athleticen aldetik; Chimy Avila eta Ibañez gorritxoenetik.

Nekea nabaria zen, eta lehia joan-etorriko joko bihurtu da. Talde bakoitzak markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du lehen 15 minutuetan, baina batek ere ez du asmatu.

Partida penaltietan erabakiko zela zirudienean, 116. minutuan iritsi da Osasunaren gola. Athleticen galera bat aprobetxatu du talde nafarrak kontraeraso bat egiteko. Etxekoen defentsan suspertu den lehen jaurtiketa bat Osasunakoen oinetara itzuli da eta Ibañezek erdiraketa bat jaso du garaipenaren gola sartzeko bolea on batekin (1-1, 116. min).

Azken txistuarekin, Osasunak garaipena lortu du San Mamesen, eta maiatzaren 6ko Errege Kopako finala jokatuko du Bartzelona eta Real Madrilen arteko partidako irabazlearen aurka.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Yeray (Vivian, 91. min), Iñigo Martinez, Yuri; Vesga, Sancet (Adu Ares, 111. min); Iñaki Williams, Muniain (Zarraga, 99. min), Nico Williams (Berenguer, 99. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 81. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Torro; Ruben García (Darko Brasanac, m.66), Aimar Oroz (Pablo Ibañez (100. min), Moi Gomez (Manu Sanchez, 83. min), Abde (Kike Barja, 66. min); Kike Garcia (Chimy Avila, 91. min).

Golak: 1-0, 33. min: Iñaki Williams. 1-1, 116. min: Pablo Ibañez.

Epailea: Carlos del Cerro Grande. Txartel horia atera die Athleticeko Vesga eta Sancet jokalariei eta Osasunako Torro eta Kike Barja jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena