Futbola
Erreginaren Kopa
EITB MEDIA
Ane Azkonak eta Pekek egin dituzte talde zuri-gorriaren golak, eta Carmen Sobronek sartu du gorritxoena. Kopako final laurdenetako derbian erritmo bizia eta giro bikaina izan dira; Osasunak lau aldiz errematatu du zutoinera edo langara lehen zatian.
Athleticek 1-2 menderatu du Osasuna Taxoaren ostegunean Erreginaren Kopako final laurdenetako kanporaketan, eta, hala, Kopako txapelduna zein talde izango den zehaztuko duen Lauko Finalerako sailkatu da. Ane Azkonak, 11. minutuan, eta Pekek, 63.ean, talde zuri-gorriaren golak egin dituzte, eta Carmen Sobronek sartu du gorritxoena, 66. minutuan. Kopako derbian erritmo bizia eta giro bikaina izan dira; Osasunak lau aldiz errematatu du zutoinera edo langara lehen zatian.
Futbolariek garaipena lortzeko zer eman zezaketen ondo baino hobeto dakitenez, Kakun Mainz eta Iraia Iturregi entrenatzaileen asmoa zuzentzen dituzten taldeen baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzea izan da. Hala, Osasunak, zaleek lagunduta (Taxoare jendez lepo izan da), oso indartsu izan da arlo fisikoan, eta, horrez gain, sakontasuna eta abiadura eman dio jokoari, Athleticeko areara hurbildu nahian; bizkaitarrak, aldiz, ahalegindu dira neurketari lasaitasun puntu bat jartzen, eta azkar irteten saiatu dira, aukera izan dutenean. Horrela sartu dituzte bi golak, bi kontraerasotan; gainera, Osasunak 1-2koa sartu duenean, Bilboko taldeak presioa handitu du, eta gai izan da neurketaren amaierara arte markagailua alde zuela iristeko.
Osasunak kontrolatu du jokoa lehen zatian, eta Athleticek baino arrisku handiagoa sortu du, baina Iraia Iturregiren taldeak izan du markagailua alde atsedenaldian. Mariasun Quiñones, baina, Maitane baino estuago ibili da; Bilboko taldearen atezainak ikusi du nola lau errematek jo duten bere ateko zutoinen edo langaren kontra.
Lehenengoa hamargarren minutuan izan da, Maite Valerok ezkerkada bikain baten ondorioz; baloia langara joan da. Hurrengo jokaldian, baina, Athleticeko zelai erdiak pase sakon bikaina eman dio Ane Azkonari, eta aurrelari iruindarrak sareetara bidali du, Bilboko taldea aurretik jarrita.
Osasunak ez du amore eman: Maitane Vilariñok, 16.eta 35. minutuetan, bi kornerretan, langara eta zutoinera bota du; ia jarraian, Valerok angelura errematatu du burukada bikain bat eginez, baina berriro ere langara joan da baloia. Vilariñoren bigarren aukeraren jokaldian, aldaratzean, Athleticeko atzelari batek ia atepetik atera du barrura zihoan beste erremate bat.
Athletic atzealdean sendo ibiltzen eta erasoan abiadura topatzen saiatu da, golaren jokaldian egin ahal izan duenez, baina zailtasun handiak izan ditu, Osasunak presio handia egin duelako eta baloia ondo mugitu baitu zelai erdian.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, jokoa parekatua izan da. Osasunak jarraitzen zuen baloia ondo mugitzen, baina ematen zuen Athletic, nolabait, erosoago zebilela. Lehen ordu laurdena igarota, Azkonak, trebetasunez, pase sakona bota dio Pekeri, eta Arrigorriagako aurrelariak, ezkerrez, 0-2koa jarri du. Minutu asko geratzen ziren, oraindik, eta Osasunak segituan bereganatu du merezi zuen saria, alegia, gola; Carmen Sobronek sartu du, jaurtiketa gogor bat eginez, Iarak eskuin hegaletik egindako erdiraketa polita baliatuz. Quiñones ziur ibili da kanporaketako zenbait jokalditan, baina horretan, hain zuzen, ez da fin aritu; erdiraketa eta gola egin dituzten jokalariek minutu gutxi zeramatzaten berdegunean.
Osasunaren golak, ordea, Athletic sendotu du, hein batean. Ondorengo hamar minutuetan, Iraia Iturregiren taldeak jokoaren kontrola izan du, alegia, partidako puntu horretara arte gertatu ez dena. Arriskua sortu du, gainera, jokaldi pare batean; Osasunak, baina, gertu izan du berdinketa, falta batean, ate gainetik irten den burukada baten bidez.
Azken minutuetan, emozio handia izan da. Etxeko taldeak dena jarri du luzapena behartu zezakeen gola erdiesteko, eta Athleticek, bere aldetik, indar handiz aldeztu du abantaila. Azkenean, Bilboko taldeak egin du aurrera, eta Kopako Lauko Finalean izango da.
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Maitane; Aitana, Vera, Josune, Saioa; Celia, Patri Zugasti (Arantxa, 82.minutuan), Mar Torras; Alexia (Iara, 61. minutuan), Vilariño (Carmen Sobron, 61. minutuan) y Valero.
2 - Athletic: Quiñones; Elexpuru, Valdezate, Unzue, Nevado; Corres (Oguiza, 46. minutuan), Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Itxaso, Arana (Nekane, 84. minutuan), Peke (Sara Ortega, 66. minutuan).
Golak: 0-1, 11. mnutuan: Azkona. 0-2, 63. minutuan: Peke; 1-2, 66. minutuan: Carmen Sobron.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa