Osasuna
EA Sports Liga, 7. jardunaldia
EITB MEDIA
Vicente Morenoren taldea sendo aritu da atzealdean, eta erantzun ona eman dio sailkapenean estu dabilen Valentziari. Horrenbestez, zazpi jardunaldi jokatuta, Osasunak, daogeneko, hamaika puntu ditu.
Moi Gomez, Pepeluren aurrean, Mestallako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Osasunak berdindu egin du, 0-0, Valentzia aurkari, Mestallan, asteartean, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partidan. Hala, Nafarroako taldeak etxetik kanpo lortutako aurreneko puntua poltsikoratu du norgehiagoka horretan; izan ere, Gironan eta Vallecasen Osasunak ezin izan zuen punturik batu. Sailkapenean, gorritxoek, zazpi jardunaldi jokatuta, hamaika puntu dituzte, eta zazpigarren postuan dabiltza, behin-behinean; Valentziak, aldiz, bost ditu, eta postu arriskutsuetan jarraitzen du.
Valentzia-Osasuna (0-0): partidako laburpena
Hala, lehen zatian, bi taldeek ahalegin handia egin dute zelai erdia hartu eta jokoa kontrolatzeko, baina ia-ia ez da gol aukerarik izan. Osasunaren aldetik, Ruben Peñak izan du argiena, 43. minutuan. Orduan, Jon Moncayolak falta bat atera du, eskuinaldetik, areatik oso gertu, eta atzera bota du baloia, trebe; Ruben Peñak penalti puntutik jaurti du, baina ezin izan du ondo egin, eta errematea kanpora joan da, desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran, Valentziak aurrerapausoa eman du, eta Sergio Herrerak, 50. minutuan, geldiketa ona egin behar izan du, Dani Gomezen aurrean. Vicente Morenoren gizonek, nolanahi ere, berehala orekatu dute berriro norgehiagoka, eta berdintasuna izan da nagusi Mestallan. Azken minutuetan, Ante Budimir, buruz, gola egitetik hurbil izan da; kroaziarraren burukada, baina, Mamardashvili atezainaren atearen gainetik irten da.
Ez da aldaketarik izan, azken finean, markagailuan, eta Osasunak puntu baliotsua eskuratu du, meritu handikoa; izan ere, Valentziak ez dio ondo ekin txapelketari, baina badu kalitatea gora egiteko, eta, hortaz, arriskutsua da.
Fitxa teknikoa
0 – Valentzia: Mamardashvili; Thierry (Foulquier, 74. min), Tarrega, Mosquera, J. Vazquez; Diego Lopez (Hugo Duro, 74. min), Pepelu, Barrenechea (Javi Guerra, 61. min), Rioja; Almeida (Fran Perez, 61. min) eta Dani Gomez (Canos, 84. min).
0 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Herrando, Abel Bretones; Moncayola (Ibañez, 46. min), Torro, Moi Gomez; Peña (Bryan Zaragoza, 77. min), Raul Garcia de Haro (Budimir, 63. min) eta Aimar Oroz (Ruben Garcia, 63. min).
Epailea: Ortiz Arias (Madril). Valentziako Mosquera eta Jesus Vazquez eta Osasunako Torro, Herrando, Vicente Moreno eta Budimir zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 40.425 zale izan dira Mestallan.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa