19:19

Osasuna

LaLiga EA Sports

Osasuna Celtari gailendu zaio, sufrituta, eta izandako aukera apurrak aprobetxatuta (3-2)

L. E. A. | EITB MEDIA

Gorritxoek aurreko jardunaldian Gironan jasotako porrota atzean utzi dute, etxean garaipena lortuta. Boyomo kamerundarrak gola egin du bere debutean.

  • Boyomo, bere debutean egindako gola ospatzen. Argazkia: Efe.

    Boyomo, bere debutean egindako gola ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak modu onenean ahatzarazi ditu Gironaren aurka jasotako porrotak utzitako zapore txarra: garaipen bat lortuta. Vicente Morenoren taldea Vigoko Celtari gailendu zaio EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partidan (3-2).

Erritmo handiko lehen zatia jokatu dute bi taldeek. Hala ere, galiziarrak hobeto aritu dira, atsedenaldian nafarrak 2-1 irabazten joan diren arren.

Zaleen arreta Enzo Boyomo fitxaketa berrian jarrita izan da. Kamerundarra aste honetan bertan iritsi da Iruñara, eta Vicente Morenok hasieratik jarri du jokoan. Partida atariko beste protagonista nagusia Aimar Oroz izan da, klubak neurketa hasi aurretik eman baitu jokalariaren berritzearen berri.

Vigoko taldeak pare bat abisu eman ditu lehen minutuetan. Lehengo, Minguezak egindako erdiraketa arriskutsuaren bidez, eta ondoren Borja Iglesiasek area txikitik egindako jaurtiketa bortitz batekin, baina baloiak Herreraren aurpegian jo du eta kanpora atera da.

Baina lehen gola iruindarrek egin dute, 21. minutuan. Ruben Garciak korner bat errematatu du, aldaratzea Boyomok hartu, eta gola egin du bere debutean.

Ondoren, Ruben Garciak bigarrena egitea gertu izan du baina Villar atezainak ateratako eskuak baloia urruntzea lortu du.

29.minutuan, Celtak banakoa egin du. Borja Iglesiasek egin du gola, Minguezak arean egindako jokaldia aprobetxatuta.

Celta erraz iritsi da gorritxoen arearen ingurura, baina gola Osasunak egin du, atsedenaldiaren atarian. Carlos Dominguezek sartu du, bere atean, Aimar Orozen burukada saihesten saiatzen ari zela.

Bigarren zatian, Celta nagusi izan da zelaian baina errematerako aukera handirik izan gabe. Gorritxoek nahikoa lan izan dute galiziarrei eustearekin. Baina iruindarrek gehien behar zutenean Abel Bretones agertu da, eta jokaldi pertsonal batean hirugarren gola egin du(3-1).

Herreraren geldiketa eta Alfoni txartel gorria

75. minutuan, Sergio Herrerak erantzun bikaina eman dio Hugo Alvarezek egindako falta jaurtiketari, Aresok area ertzean egindako falta arriskutsuaren ondorioz.

Partida bukaeran Celta 10 jokalarirekin geratu da epaileak Alfoni txartel gorria atera diolako Aresori egindako faltagatik. Eta, luzapenean, inork gutxi espero zuenean, Celtaren hirugarren gola iritsi da, zorigazitoko jokaldi batean. Herrera atezainak eta Moi Gomezek ez diote elkarri ulertu eta jokalari gorritxoak baloia bere atean sartu du, atezainari itzultzen saiatzen ari zela.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena