Osasuna
36. jardunaldia
EITB MEDIA
Jon Moncayolak jarri du aurretik Nafarroako taldea, 14. minutuan, eta Sergi Darderrek sartu du 1-1ekoa, 65.ean. Jagoba Arrasateren taldea lehen zatian ibili dira hobeto, bigarren zatian baino, baina, hala ere, gorritxoek amaierara arte borrokatu dute garaipena lortu nahirik.
Ruben Garcia, baloiarekin, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Osasunak berdindu egin du, 1-1, Mallorcaren aurka, Sadarren, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian, asteartean. Jon Moncayolak, 14. minutuan, eta Sergi Darderrek, 65.ean, sartu dituzte partidako bi golak. Emaitzaren ondorioz, Osasunak 41 puntu ditu, eta sailkapeneko hamahirugarren postuan dabil, txapelketa amaitzeko bi norgehiagoka gelditzen direla.
Osasuna-Mallorca partidako laburpena (1-1)
Mallorcak gehiago zuen jokoan, Osasunak baino, sailkapenari dagokionez behintzat, kontuan izanik erabat ziurtatu gabe zuela, partida hasi aurretik, EA Sports Ligan jarraitzeko txartela; hala ere, lehen zatian, talde gorritxoak izan du jokoaren kontrola. Horren ondorioz, 1-0ekoa iritsi da, 14. minutuan, Jon Moncayolaren eskutik; garinoaindarrak gol ederra sartu du, area ertzetik egindako jaurtiketa baten bidez. Baloia Rajkovicen ateko eskuineko zutoinetik oso gertu igaro da, sareetarako bidean. Denboraldiko aurreneko gola lortu du Osasunako jokalariak.
Bigarren zatian, Mallorcak, kontuan izanik emaitza irauli behar zuela, inolako arriskurik ez izateko, beste asmo batez zelairatu da, eta Javier Aguirreren taldeak zelai erdia hartu dute eta abagune gehiago sortzen hasi da. 65. minutuan izan da banakoa; Mallorcak hiru korner atera ditu bata bestearen atzean, eta hirugarrenean, aldaratzea jasota, Darderrek areaz kanpotik jaurti eta gola sartu du. Jaurtiketak Ruben Peña ukitu du, eta horrek nahastu egin du Aitor Fernandez Osasunako atezaina; arrasatearrak partida bikaina jokatu du, bide batez.
Nafarroako taldea amaierara arte aritu da hiru puntuen bila, eta azken minutuetan asko estutu du Mallorca, baina ez da beste golik izan, eta partida bana amaitu da.
Fitxa teknikoa
1 – Osasuna: Aitor Fernandez; Peña (Torro, 74. min), Catena, Herrando, Juan Cruz; Moncayola, Iker Muñoz, Aimar (Moi Gomez, 66. min); Ruben Garcia (Areso, 75. min), Raul Garcia de Haro (Svensson, 88. min), Arnaiz (Mojica, 66. min).
1 – Mallorca: Rajkovic; Nacho Vidal (Copete, 76. min), Gio Gonzalez, Raillo, Nastasic, Lato (Costa, 83. min); Dani Rodriguez (Sanchez, 83. min), Mascarell (Abdon, 46. min), Morlanes (Samu Costa, 76. min), Darder, Larin.
Golak: Moncayola 1-0 (14. min), Darder 1-1 (65. min).
Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez (Kanarietako Batzordea), Masso Granadok eta Perez Dapiak lagunduta. Mallorcako Mascarell zigortu du, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 17.852 zale izan dira Sadarren.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa